2019 UZT. 15 ALPINISMOA Tomas Franchinik aztarna utzi du Lamo She-ren ekialdeko horman Igo gabe zegoen Txinako seimilakoaren isurialde hori bakarka eskalatu zuen alpinista italiarrak maiatzaren 14an. 1.500 metroko marrari «Wild Blood» deitu dio, eta honako zailtasunak gainditu zituen: WI5, M5, Vº eta 90º. Jaitsiera bide beretik eta gauez egin zuen. Andoni ARABAOLAZA Maiz aipatzen dugu munduan zehar oraindik makina bat mendi igo gabe daudela. Edo eskalatu direnen artean oraindik jarduera bikainak egiteko aukera zabala dagoela. Hots, foku mediatikoetatik at beste mundu bat dagoela. Eta hurrengo lerrootan, berriro ere, esplorazioaren aldarrikapena egiten duen alpinismoa jorratuko dugu. Protagonista Tomas Franchini da: Madonna di Campligioko (Italia) alpinista eta mendi gidaria. Bada, Frenchinik eta Pietro Picco Courmayeur-eko alpinista gazteak Txinako Minya Konka mendilerroan dagoen Lamo She mendiaren (6.070 m) ekialdeko aurpegiaren asmoa esku artean zuten. Hara bidaiatu zuten; izan ere, italiarrentzat xede hori erabat erakargarria zen. Batetik, ezezaguna den mendilerro batean jardungo zutelako. Eta bestetik, aukeratutako horma igo gabe zegoelako. Kostata, kanpaleku nagusira iritsi ziren, baina ongietorria ez zen batere atsegina izan; izan ere, 20 egunez euria egin zien atertu gabe. Ikuspena ere oso txikia zen, laino itxia baitzuten. Egoera horrek Picco desmotibatu zuen eta, ondorioz, etxera itzultzeko erabakia hartu zuen. Franchini, berriz, alderdi hartan geratu zen; bakar-bakarrik. Egunero ekaitz bortitzak jasaten. Baina eguraldia aldatu eta bakarkako saio bat egitera irten zen. Azkenean, maiatzaren 14an bere helburua sinatzea lortu zuen. Lamo She mendiaren ekialdeko horma lehen aldiz igo zuen. 1.500 metroko eskalada egin zuen. Eta hari “Wild Blood” deitu zion. Zailtasunei erreparatzen badiegu, ohartuko gara bakarka joateko teknikoki estutu behar izan zuela: WI5, M6, V°, 90°. Lerrootako protagonistak aurreratu du senari jarraitu ziola, eta une egokian funtsezko erabakia hartu zuela: «Haranera itzultzen ari ginela, Pietro eta biok elkar agurtu genuen. Paretara hurbiltzea otu zitzaidan. Berez, mendiaren oinarrian egon nahi nuen. Hura begiratu, aztertu eta informazio horrekin udazkenean itzuli. Une horretan ez nekien ekialdeko aurpegitik igotzeko ageriko marrarik egongo ote zen. Baina, ezustean, bide zuzen bat ikusi nuen. Zaila, baina hura eskalatzeko aukerak izango nituen. Sasoiko nengoen, burua ere sendo eta eguraldia egonkorra zen. Gehiegi pentsatu gabe ikusitako marra horretan sartu, hura eskalatu eta gailurra zapaldu nuen». Arin eta azkar Nahiz eta eguraldi makurra izan, sokakidea etxera itzuli eta Lamo She mendiaren ekialdeko aurpegia ikusteko denbora gutxi eduki, Franchinik dio zorte handia izan zuela: «Oro har, hala izan zen; hasieratik, gainera. Sendabelarrak bilatzeko erabiltzen den bidezidor bat aurkitu genuen. Eta horrek haranean sartzeko aukera eman zigun. Benetan diot, pista hori espedizioaren konponbidea izan zen; besteak beste, baso oso-oso itxia zelako». Bidezidor horri esker, beraz, Piccok eta Franchinik 3.400 metrora kanpaleku nagusia altxatu zuten. Ekialdeko aurpegiaren aurrean zeuden, baina haren oinarritik urrun. Kanpaleku hori antolatzeko nahikoa komeriak izan zituzten: «Egunero euria egiten zuen, eta mugimenduan egotea eragozten zigun. Herrixkan nekazari batzuk ezagutu, eta haiekin hilabete baterako tresneria eta elikagaiak garraiatu genituen. Gainera, bidaia bakar batean. Ederra izan zen oso! Ez zen izan bost izarreko kanpalekua. Ingurua oso malkartsua zenez, plataforma txiki bat antolatu behar izan genuen. Lasai asko esan dezaket: egon naizen beste kanpaleku batzuekin alderatuta, hau oso deserosoa izan zen. Beste horiek etxea ziruditen; azken honek, aldiz, ez. Kozinatzeko ez genuen denda handi bat; soilik hiru lagunentzako denda txiki bat. Zoragarria izan zen! Eta ez da txantxa. Bide batez, Pietrok eginiko garraio lanak eskertu behar ditut. Bai, bere lana funtsezkoa izan zen». Alabaina, lehen esan dugunez, Piccok espedizioa bertan behera utzi zuen. Erabaki horren inguruan Franchinik hauxe adierazi du: «Eguraldia oso txarra zen; une oro erabat bustita geunden. Beraz, kanpaleku nagusiko itxaronaldia ez zen batere atsegina izan. Gainera, laino itxia zegoen. Eta paretaren sarrerara heltzeko bidea oso aldapatsua eta zaila zen. Pena eman zidan hartutako erabakiak; ez nuen nahi Pietrok espedizio honetatik oroimen txarra edukitzea. Baina konprenitu nuen hartuta erabakia. Eta berriro diot, hari esker arrakasta izan nuen». Picco agurtu ondoren, egun berean, Franchini ekialdeko aurpegira abiatu zen. Horma horretara iristeko bide zuzenena aurkitu nahi zuen. Aldez aurretik, 4.400 metrora biltegi bat utzita zuen. Baina oraindik garaierari zein distantziari dagokienez, kanpaleku nagusitik urrun zegoen. Baina goiz horretan amestutako bide zuzen hori aurkitu zuen. Harrigarria bada ere, espedizio osoko eguraldi eguzkitsu bakarra izan zen. Egoera hori ikusita, alpinista italiarrak bere buruari zer egingo ote zuen galdetu zion. Eta erantzuna honakoa izan zen: «Ohartu nintzen erabaki inportantea behar nuela hartu. Azkenean, eguzkia atera zen. Baina tresneria egokiena ez nuen; izan ere, ia gehiena biltegian zegoen. Une batez egoera berria aztertu nuen, eta bai erabaki ere arin joango nintzela. Ahal nuen azkarren eskalatuko nuela erabaki nuen». Igo gabe zegoen murrua 12.30ean hasi zen igotzen. Oso arin eskalatu behar zuenez, tresneria halakoa izan zen: pioletak, kranpoiak eta lumadun txaketa. Ez arnesik, ez sokarik. Eta bizkar-zakuan: litro bat ur, haragi pixka bat (100 gramo), lau gel eta ordezko pare bat eskularru. Bestalde, pisua saihesteko eta arin-arin joateko, lo-zakua eta gasa hormaren sarreran utzi zituen. Franchiniri aitortu behar zaio oso sasoiko zegoela, igoera guztia oso azkar egin zuelako. Arratsaldeko zazpietan gailurra erdietsi zuen: «Eguraldia okertzen hasi, eta jaitsierari ekin nion. Berez, ohiko bidetik jaitsi behar nuen, baina ibilbide hori oso luzea da. Eguraldiaren aldaketarekin hori egitea ez zen erabaki zuzena. Beraz, igotako bidetik jaitsi nintzen. Sokarik gabe eta gauez. Dudarik gabe jaitsiera igoera baino askoz ere zorrotzagoa izan zen. Bestalde, argala naizenez, hotz handia jasan nuen. Gainera, lainoa sartu zen, eta hormaren sarreran galdu nintzen. Arroka baten babespean atseden hartu eta kanpalekura itzuli nintzen. Egun berezia izan zen». Denera, 1.500 metroko marra zaila igo zuen; teknikoki asko eskatu ziona: «Ez da batere erraza. Denetarik du: izotza, elurra, mistoa. Ibilbidea bezala, ertz luzea du. Bide ederra, zaila eta osoa da». Jardun bikain hau egin bezain pronto, italiarrak adierazi du gogo handiz zegoela alderdi hura gehiago esploratzeko: «Aitortu behar dut inguru arras erakargarria dela. Makina bat mendi daude; horietako asko eta asko igo ez direnak. Baina itzuli behar nintzen. Onartu behar dut asko kosta zitzaidala zibilizaziora itzultzea. Egin dudan eskalada ondo aztertu dut, eta oso gustura nago egindakoarekin. Itxaropen kontu bat izan zen, baita zortea ere». ZAILAGOA Protagonistak onartu du jaitsiera igoera baino zorrotzagoa izan zela. Bide beretik eta gauez egin zuen. Eskalada egunean soilik egin zuen eguzkia. TOMAS FRANCHINI Alpinista italiarrak igo gabe zegoen Lamo She mendiaren (6.070 m) ekialdeko aurpegia eskalatu du. Sortutako bideari «Wild Blood» deitu dio.ESTILOA Franchinik 1.500 metroko marra hori oso azkar eta arin eskalatu zuen. Soka eta arnesa murruaren sarreran utzi zituen.