2019 UZT. 16 Harri-jasotzea Mikel Lopetegi «Urra» da Harri Txikietako txapelduna A.O. Igande arratsaldean jokatu zen Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa Alegiako plazan. Zazpi indartsuk hartu zuten parte. Eguraldi bikaina, eta plazaren itxura ezin hobea, jendez gainezka. Zozketa bitartez erabaki ziren lanerako txandak eta Mikel Lopetegi “Urra” izan zen lanari hasiera eman ziona. Lau harrirekin hiru minutuko txandak. 125 kiloko koadroarekin hasi ziren. Lopetegik 33 jasoaldi eman zizkion. Imanol Albisu “Goikoetxe”-k 28, Inhar Urruzunok 29, Xabat Olaizolak 20, Hodei Hiruretagoiena “Izeta IV.a”-k 26, Iñigo Eizagirrek 25 eta Aimar Irigoienek 33. Bigarren harria 125 kiloko zilindro edo kopa izan zen. Lopetegik 35 leporatze lortu zituen eta Goikoetxek arazoren bat izan zuen berotzeko heldu zionean eta bertan behera laga zuen jokoa. Inharrek 30 jasoaldi lortu zituen, Olaizolak 22, Izeta IV.ak 26, Eizagirrek 23 eta Irigoienek harri honekin hasi eta gutxira ziztada bat izan zuen eta ozta-ozta agortu zuen bere denbora 23 jasoaldi emanez. Une horretan txapela eskuratzea ezinezkotzat ematen zen, baina lanean jarraitu zuen. 113 kiloko kubikoaren txanda etorri zen ondoren. Lopetegik 19 jasoaldi eman zizkion, Urruzunok 19, Olaizolak 17, Izetak 21, Eizagirrek 19 eta Irigoienek 21. Jarraian, azken harriaren txanda izan zen, 100 kiloko bola. Lopetegik 27 jasoaldi egin zituen, Urruzunok 26, Olaizolak 22, Izeta IV.ak 24, Eizagirrek 23 eta Irigoienek 23. Lan denak batuta, txapelduna Mikel Lopetegi “Urra” izan zen 13.337,5 kilo jasota. Bigarren Inhar Urruzuno (12.112,5), hirugarren Aimar Irigoien (11.662,5), laugarren Izeta IV.a (11.262,5), bosgarren Inigo Eizagirre (10.437,5) eta seigarren Xabat Olaizola (9.362,5).