2019 UZT. 18 JOPUNTUA Y eta Z belaunaldiak Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Milurtekoak dira Y belaunaldikoak. Millennials deritzenak. Post-millennials direnek osatzen dute Z belaunaldia. Pew Research Center-ek egindako azken egituraren arabera (https://labur.eus/vGtTi), 1981etik 1996ra jaiotakoak milurtekoak gara. 1997tik aurrera jaiotakoak, Z belaunaldikoak. Z belaunaldia «iGen belaunaldia» ere deitzen da. Horrela definitu du San Diegoko Unibertsitate Estataleko Jean Marie Twenge psikologo eta ikerlariak. Bera X belaunaldikoa da, 1971n jaio baitzen. Eta 25 urte daramatza belaunaldien arteko ezberdintasunak ikertzen. Eta azken urteotan, ezberdintasun eta aldaketak teknologien eta smartphonearen eraginaren ikuspuntutik ikertzen dihardu, batez ere. Y belaunaldiaren eta horien aurrekoen arteko ezberdintasunik nagusiena mundua ikusteko modua dela dio Twengek. Y eta Z belaunaldien artekoa, berriz, mundua ikusteko moduaz gain, euren denbora banatzeko modua. Hau da, denbora zertan ematen duten. Eta horrek egunerokotasunean bizitzen dituzten esperientzietan sortzen duen aldaketa azpimarratzen du. Eta ikerketen datuetan joera aldaketa nabarmen bat izan zela dio. Eta data bat aipatzen du, urte bat: 2012. Eta zer gertatu zen 2012. urtean? AEBetako nerabeen %50 smartphone baten jabe egin ziren. Eta zoriontasunaren indizeek behera egin omen zuten nabarmenki. Sare sozialekin lotzen du berak. Esparru honetan ematen diren ikerketek, oro har, mezu hori zabaltzen dute. Baina datu kausalik ez dagoela azpimarratzen da. Eta zenbait ikerlarik, Apple eta Google bezalako enpresen elkarlana eskatzen dute, datuak modu pasiboan lortzeko (nerabeei galderarik egin gabe). Bitartean, Apple, Google eta gisako enpresen zuzendaritzetako gurasoek euren haurrak eta gaztetxoak teknologia gutxiko eskoletara eramaten dituzte eta etxean pantailen erabilera oso mugatua dute. Badakite, inork baino hobeto, euren aplikazioak denbora lapurtzeko diseinatu dituztela. Eta horrek sormenerako eta sozializatzeko gaitasunetan eragiten duela. «Smartphoneak belaunaldi bat suntsitu al du?» galdetzen du Twengek. Zaindu dezagun, suntsitu aurretik. Zer gertatu zen 2012an? AEBetako nerabeen %50 smartphone baten jabe egin ziren. Eta zoriontasunaren indizeek behera egin omen zuten nabarmenki