GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

«Galizitik dator notizia»


Irati aldean oporretan dabiltzan galiziar batzuek, gure bazterren edertasuna dela-eta harrituta, kontatu didate zer egoera tamalgarrian dauden beraiek eukaliptoarekin, bereziki suteetan areagotzen dituen arrisku zein kalteengatik, erreken kutsaduragatik, desorekengatik edo beste espeziengan duen eragin txarragatik, eta zer zorte ona dugun guk gure mendien itxura ikusita.

Gipuzkoan eta Bizkaian egoera delikatuan gaudela erantzun nion nik, hamarkadetan zehar egur industriaren eskaerari lotuta intsinis pinuarekin aurrera eramandako baso jarduerak berea egin duelako, eta epe ertainean gure mendien egoera nabarmen okerrera edo hobera alda daitekeelako. Izan ere, une honetan, hausnarketa eta eztabaidarako garaia dugu, hau da, lurralde honetan zer-nolako funtzioa bete dezaketen gure mendiek eta basoek eta horretarako, zer-nolako kudeaketa behar dugun.

Baso anitzen eta mendien kudeaketa iraunkorraren onurak nabarmenak dira: klima aldaketarekiko erresilientzian, baliabide naturalen zikloen orekak mantentzean, lurraren higaduraren kontra, abeltzaintza estensiboan, aisialdian, egurraren erabilpen jasangarrian, bioaniztasunean... Beste muturrean Galiziako adibidea dugu, eukaliptoa monolaborantza bihurtze bidean, eta industriaren aldetik interes ekonomiko handiak horrela jarraitzeko eta eragin ekologiko larriei jaramonik ez egiteko.

Gipuzkoan lurrak jabe pribatuen artean transmititzeko dirulaguntzak zabaldu dituzte, zergatik ez zuzenean Administrazioak erosi? Aukera paregabea dago ondasun publikoa handitzeko eta kudeaketa iraunkorra garatzeko ikuspegi ekologiko zein ekonomikotik. Badirudi laguntza hauen helburua baso lurra esku pribatu gutxiagotan kontzentratzea dela, zer eta nola ekoizten den kontrolatu ahal izateko. Eta orain arte bezala, batzuen interes ekonomikoa bestelako interesen gainetik gailentzeko.

Gero entzungo diegu agintariei gurasokeria ez dela sustatu behar eta jabeek oso ondo dakitela zer egin «nahi» duten. Eta Baskegurrekoei, «kilometro zero» zura ekoizten dela. Galizian eukalipto galiziarra bezalaxe.