2019 UZT. 22 ZIRIKAZAN Zu, sufritua; ni, lagunkoia Josebe EGIA Hor geunden bost lagun berriketan. Etxebizitza batez hasi, etxebizitza hori dagoen auzo jakin batez eta bertako auzotar jakin batzuez, zehazki, eta sistemaz eta biktimismoaz hizketan amaitu genuen. Batek bota zuen arabiarrek, «gainera», hain dutela aurpegiera gogorra, zuzeneko begirada harro hori, ezen ez dien asko laguntzen bertokoongan konfiantza eragiten, ikusi bezain pronto konfiantzarik eza ez eragiten, behintzat. Laburbilduta: iruditeria kolektiboko sufrituaren, biktimaren, leporik gabeko bildotsaren begirada izan ezean, izan arabiarra izan errumaniarra izan hondurastarra, ia-ia parean egoteagatik barkamen eske aritu ezean, badirudi jai dutela guregandik «kaixo» arrunt bat bera ere jasotzeko. Biktima guztiek, oro har, norbere larruan edozein astakeria-mota sufritu dutenek, jasandako zapalkuntza-mailaren arabera jokatu behar dutela, berez, oso erroturik dago gure gizartean, alegia, beheratuak izan diren lurzoru-paretik eta ez beste inondik egin behar digutela so guri: zeharka, umiltasunez, oinazez eta, jakina, sekula ez harrotasunez. Guk, hain zuzen hori guztia pairatu ez dugunok eta, haien larruan jartzerakoan, gure kulturaren araberako irudimena oinarri besterik ez dugunok, inolako susmorik barik «benetako» biktimatzat joko baditugu, haien jokabidea normaltzat jota sinetsi eta «merezi duten» laguntza eskainiko badiegu: zu biktima, ni ongile; zu izorratuta, ni indartsu; zu behean, ni goian; nik eman, zuk onartu, txintik esan gabe… Bestela, hierarkia hori onartzen ez badute, ez digute ez sinpatiarik ez enpatiarik eragiten, nolabaiteko arbuioa baizik, azpijokoan ari direlako susmoa, etekina atera nahi digutelako sentipena, eta horixe besterik ez genuen falta, esker txarreko halakoak! Erreparatu al diozue inoiz, baina, biktima-mota jakin batzuekin jokatzen dela horrela, oro har? Gaizki izendaturiko Lehen Munduko herrialdeetatik ez beste batzuetatik iritsitako pertsonekin –pobreekin, noski–, eta sexu-indarkeria jasan dutenekin –emakumeekin, bereziki–. Horiei nekez onartzen zaie biktimaren esparru hertsitik ateratzea, nekez uzten diogu begiratzeari penaz eta tratatzeari kondeszendentziaz, normalean ingurukoengan atzera eragiten digun biktimismoa ederki onartzen diegu haiei, normalean ingurukoengan miretsi ditugun harrotasuna eta indarra barik. Erreparatu al diozu inoiz sistema honetako kasualitate horri, eta zuri zeuri halakoen aurrean ateratzen zaizunari?