2019 UZT. 26 JOPUNTUA Begirada hurbila Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Uztaila une aproposa izan ohi da oporrak hartzeko eta, nola ez, bidaiatzeko. Une egokia da, beraz, leku ezezagun batera hurbiltzeko, patxadaz ibiltzeko eta argazkiak ateratzeko. Gainera, janari desberdina dastatzeko aukera izaten dugu, eta ohitura ezberdinekin gozatzeko abagunea ere bai. Gure herri edo hirian bertan gauza bera egitera bultzatzen gaituzten artikuluak gero eta ohikoagoak dira. Turistak izatera animatzen gaituzte, auzo berriak ezagutuz eta egunero igarotzen garen tokiei arreta handiagoa jarriz. Horrela, gure ikuspegia aldatu eta lehengo aldiz ikusten dugun sentsazioa izango ei dugu. Turismoaren eta honek duen inpaktuaren inguruan, edo denboraren kudeaketaren inguruan esateko asko badago ere, ez dirudi plan txarra alboan gertatzen denari arretaz begiratzea. Berriki, gertukoa beste begiez ikusteko esperientzia onuragarria dela baieztatu dut “Deriva” deitutako proiektuan parte hartzeari esker. Colectiva XXK eta OMAL-Paz con Dignidad taldeek proposaturiko ariketa horren helburua ez zen, ordea, leku ikusgarriak aurkitzea, baizik eta, aldez aurretik, 50 feministok landutako ibilbide batzuk eginez modu kolektiboan hausnartu eta ikastea. Horretarako, aukeratutako gai nagusiak ondokoak ziren: zaintza kolektiboaren eskubidea, indarkeriarik gabeko bizitzak, elikadura burujabetza eta ondo bizitzeko enpleguari lehentasuna kentzeko beharra. Igarotzea bera eta espazioa modu kolektiboan hartzea abstraktuak diren ideiak ikusarazteko aukera ezin hobea da. Finean, sistemak (kapitalista, heteropatriarkala, arrazista…) bizitza jakinetan –norbanakoetan eta kolektiboetan– duen inpaktua aztertzeko balio du, hau da, gure egunerokotasunaren dimentsio politikoa jorratzeko gaitasuna du. Fokua egunerokoan jarri zen, baina ez soilik inpaktu negatibo nabarienetan, praktikatik sortutako alternatibei balio handia aitortu zitzaien ere; eta esatea dago asko izan zirela aurkitutakoak. Proiektua ez da oraindik bukatu, begirada hurbilak zorrozteko proposamenak oraindik badirau, baita alternatiba feministak sortzeko deiak ere. Turismoaren eta honek duen inpaktuaren inguruan, edo denboraren kudeaketaren inguruan, esateko asko badago ere, ez dirudi plan txarra alboan gertatzen denari arretaz begiratzea