2019 UZT. 26 kalakan... «Euskoaren Txotx-a eginen dugu aurten besta giroan sartzeko» REGIS ENERIZ (EUSKAL MONETA) Maite UBIRIA BEAUMONT BAIONA Regis Enerizek Baionako bestek egunean eskaintzen dituzten «unetxoak» preziatzen ditu gehienbat. Lagunen arteko hitz-aspertuak, feministak eta euskaltzaleak biltzen dituzten poteoak, gazteen ekimenak Patxa plazan... «Baionako bestetan giro herrikoia oraindik ere posible dela baieztatzera datoz», Enerizen ustez. Euskal Moneta elkarteko kideak, ordea, berezko xedeak ere baditu aurten. «Gure elkartea 2013an sortu zen, eta hasieratik ulertu genuen Baionako bestetan gure balioak eta helburuak behar genituela jendearen aurrean ezarri», oroitarazi du. Izan ere, aurten jauzia emateko deliberoa hartu du elkarteak. Hartara, ostiral eta igandea bitartean –gaur eta bihar Laborarien Xokoan, Roland Barthes-en, eta igandean, berriz, Patxa plazan– Euskoaren Txotx ekimena emanen dute plantan, eusko baten truke lagunartean sagarno baso bat edateko parada eskainiz. Uda giroa lagun Ipar Euskal Herriko hamabost bat herritara eraman nahi duten «Euskoz hobe» kanpainan bete-betean sartuta dago Euskal Moneta elkartea. Urdiñarbe, Donamartiri, Irisarri edo Donibane Lohizunetik igaro ostean egun hauetan Baionan emanen dute elkarteko kide bilakatzeko informazioa. Patxoki ostatuaren aitzinean jarriko dute informazio mahaia. Horretaz gain, lau aldagune jarriko dituzte hirian euroak euskotan trukatzeko aukera eskainiz. Baionako 70 bat ostatu, jatetxe eta dendatan posible izanen da euskotan ordaintzea, eta komertzio horien kokapena jaso dute bestazaleei banatuko zaien planoan. Hori gutxi ez eta, «euskoen gutun-azala sortu dugu, Hego Euskal Herriko bisitariei eta atzerritik datozenei ere euskoa erabiltzeko aukera zabaltzeko».