2019 UZT. 29 Eskalada Elbsandstein historikoa 8c zailtasunera iritsi da «Vertreibung der Ietzten Idealisten» bidearekin, Robert Leistner-ek Alemaniako eremu horretako bide gogorrena sinatu berri du. 2005. urtean lehen aldiz probatu zuen, eta hamalau urte geroago xedea biribildu du. 60 metro luze da, eta 15 metroko balizko erorikoak ditu. Andoni ARABAOLAZA Irakurleren batek esango digu gaur egun 8c zailtasuneko bide bat orriotara ekartzea huts handia dela. Hein batean, bederen, ados egon gaitezke iritzi horrekin. Baina irakurle horrek jakin badaki 8c guztiak ez direla berdinak. Horregatik guztiagatik, lerroburu horretan jarri duguna kokatzen saiatuko gara. Kirol eskaladari begiratzen badiogu, jakina, 8c gradua ez da notizia; izan ere, eskalada adar horrek duen maila gorena 9c da. Hormatzarrak alde batera utzita, bestalde, trad estiloan edo eskalada tradizionalean 8c bat egiteak hedabide espezializatuetan nolabaiteko garrantzia du. Eta Elbsandstein bezalako eskalada eremu historiko batera bidaiatu eta aipatzen badugu 8c graduko marra bat egin dela, bada, irakurleak ez dezala zalantza izpirik izan benetako berri bat dela. Eta hori orain dela aste batzuk gertatu da. Robert Leistnerrek “Vertreibung der letzten Idealisten” bidea kateatu du. Alemaniako eskaladan 12a da; gurean, berriz, 8c. Beste era batera esanda, lerrootako protagonistak eremu historiko horretan egin den bide zailena sinatu du. 8c? Bai, hala da. Eta 8c hori berriro kokatu ahal izateko, aipatu behar dugu Elbsandstein berezia dela oso. Ez gara hasiko esaten eskalada alderdi aitzindariena dela; hori inork ezin du baieztatu edo frogatu. Baina aurreratu dezakegu hareharrizko horma horietan XIX. mendean eskalatzen zela. Horrek erakusten du munduko eskalada alderdi zaharrenetarikoa dela. 6a zein 6b graduko lehen bideak (“Wilder Kopf-Westknate” eta “Schrammtorwachter nord”) han bertan igo ziren. Bestalde, izaera historikoa duen eremu horrek baditu azpimarratzekoak diren hainbat kode. Aipatu dugu hareharria dela; beraz, haitz oso biguna. Erosioan eragina murriztu ahal izateko, ekipatzaileek soilik metalezko eraztun batzuk jartzen dituzte. Oro har, bata bestearengandik nahiko urrun; 3 metro gutxienez. Bide batez, friendak eta fisureroak erabiltzea debekatua dago. Artesietan zein zuloetan norberaren burua babestu ahal izateko, soilik kordinoekin edo zintekin eginiko korapiloak erabiltzen dira. Eta hirugarrenik, magnesioaren erabilera debekatuta dago. Eskalada estilo horrek eskalada tradizionalarekin harremana izan dezake. Ñabardurak alde batera utzita, Elbsandstein estiloaz hitz egin behar dugu. Ez purismoaren gotorlekuaz, ez zaharkitutako estiloaz... Alemaniako alderdi historiko horrek bere kodeak ditu, eta kito. Horrela ulertu zuten, bederen, hainbat eta hainbat eskalatzaile historikok: Kurt Albertek, Bernd Arnoldek... Eta azken hori aipatu dugunez, aurreratu behar dugu Arnold izan zela “Vertreibung der letzten Idealisten” bidearen bultzatzaile nagusia. 80ko hamarkada zen. Marra hori kateatzen, berez, saiatu zen, baina garai haietarako muturrekoa zen. Metalezko hirugarren eraztunera iristeko gai izan zen, baina, arrazoi ezberdinengatik, xede hori bertan behera utzi zuen. Jakina, “sari” horren atzetik eskalatzaile gehiagok jardun dute, baina Leistner izan da helburua biribiltzeko aukera izan duen bakarra. Eskalatzaile aleman honen ekimena ez dugu gutxietsiko, besteak beste, berri historiko bat idaztea erdietsi duelako. Baina esan behar dugu bide horrek “gehiegi” eskatu diola. 2005. urtean Arnolden lekukoa hartu zuen, eta, beraz, 14 urteko ekinaldiak behar izan ditu. «Buruarekin borroka» “Azken idealisten kanporatzea” bidea (horrela itzuliko genuke) Nonnengartner dorrean dago. 60 metro luze da, eta bi luzetan banatuta dago. Lehendabizikoak 7c+ gradua du, eta zorutik 15 metrora dagoen erlaitz batean amaitzen da. Bigarrenak, berriz, benetako zailtasun teknikoak jasotzen ditu; 8c gradura heltzeraino. Erregeleta ñimiñoak, zulo txiki-txikiak, mugimendu atletikoak... Eta eraztunen arteko distantziak oso handiak. Hori guztia konprenitu ahal izateko, lerrootako protagonistari emango diogu hitza: «Bidearen giltzatik hurbilen dagoen segurua hiru metro beherago dago. Ez da metalezko eraztun bat, 5 milimetroko klevar zintarekin eginiko korapiloa baizik. Psikologikoki gogorra da oso; izan ere, 15 metroko balizko erorikoak daude. Buruari asko eskatzen dionez, beldurraren aurkako borroka latza da; uste dut arazo bat dela». Kontuan hartzeko beste datu bat: Elbsandsteineko kodeak errespetatuz, saio guzti-guztiak behetik hasita egin zituen. Joan den 14a E eguna izan zen, eta era honetara azaldu du Leistnerrek berak: «14 urte itxaroten ea noiz iritsiko ote zen une perfektua. Nire ibilbidean lortu dudan eskalada handiena izan da; amets bat egia bihurtu da. 25 minutuko borroka izan zen. Mugimendu zein emozio ikaragarriak gainditu ostean, dorrearen goialdera iritsi nintzen, maisulan horri puntu gorria jarri nion. Eta espero dut hurrengo belaunaldientzat egin dudana ispilu izatea». Nahiz eta Arnold izan zen bide hori ikusi eta ekipatu zuena, argitu behar dugu Leistnerrek eraztun gehiago gehitu zizkiola: «2005. urtean marra horretan buru-belarri jarduteko erabakia hartu nuen. Behetik hasita beste bost eraztun jarri nituen. Eta egun horretan dorrearen gailurra zapaldu nuen. Nahiz eta han goian egon, ez nengoen erabat pozarren. Izan ere, goialdean eskuinaldera jo, metro batzuk bide klasiko erraz batetik egin eta eskalada bukatu nuen. Jatorrizko helburua marra paretaren erditik igotzea zen. Irailean itzuli nintzen, eta bidea zuzendu nuen». Eskalatzaile alemanak onartu du prozesua oso luzea izan dela. Lehen saiotik azkenera 14 urte igaro dira: «Berez, 2007. urtean marrari puntu gorria jartzeko jo eta su jardun nuen. Baina hainbat ekinaldi egin eta gero, ohartu nintzen xede hori oraindik oso urrun zegoela. Une jakin horretan niretzat oso zaila zen, eta amore eman nuen. Urte hauetan bisita bat baino gehiago egin ditut; egun batzuetan soilik hura ikustera bertaratzen nintzen. Motibazio egokiena behar nuen. Baina horretarako bi eite elkartu behar nituen: fisikoa eta burua. Eta, jakina, baldintza perfektuak bilatu behar dituzu. Adibide bat jarriko dut. Ipar-mendebaldeko haizeak jotzen badu, eskalatzeko baldintzak oso kaskarrak dira. Zer edo zer egiteko magnesioa erabili behar duzu, eta hemen debekatuta dago. Magnesioa ez erabiltzeak mugimenduak askoz ere lasaiago egitera behartzen zaitu. Magnesioarekin beste baldintza batzuk sortzen dituzu. Prozesua lasai hartu behar duzu; hori da garrantzitsuena. Baldintza egokiak badira, eskalatzailea eta natura sinbiosi batean elkartzen dira». Arnoldek “Vertreibung der letzten Idealisten”-en zirrikitua zabaldu zuenetik 30 urte igaro dira. Leistnerrek zirkulua ixtea lortu du: «Arnoldekin maiz egoten naiz hartu-emanetan. Eta nik lortutako arrakasta honen gainean luze eta zabal hitz egin dugu. Biok bat gatoz: Elbsandsteinen aro berri bat zabaldu da. Ea egia den». PROZESUA Bidea, berez, Bernd Arnoldek ikusi eta ekipatu zuen. Saio batzuk egin eta gero, xedea bertan behera utzi zuen. Leistner-ek 14 urte behar izan ditu zirkulu hori itxi ahal izateko. BORROKA Eskalatzaile alemanak onartu du beldurraren aurka borroka latza egin behar izan duela. Eta gehitu du jarduera horrekin Elbsandsteinen aro berria zabaldu dela. GOGORRENA Robert Leistnerrek Elbsandstein eremu historikoan «Vertreibung der Ietzten Idealisten» bidea kateatu berri du. 8c gradua jarri dio; hots, orain arte egin den eskalada zailena da.