2019 UZT. 29 JOPUNTUA Tourrada Arantxa Manterola Kazetaria Bukatu da aurtengo Tour…ada. Ez naiz kirolzalea, aitortzen dut, nahiz eta Euskal Herrian txirrindularitzagatik (edo futbolagatik, edo mendizaletasunagatik…) dagoen adorazioa ikusita, igual euskal herritartasuna ukatu egingo didate hori pentsatu eta esateagatik. Halere, txirrindularitza lasterketa ospetsuenak duen oihartzunetik eskapu egitea ia-ia ezinezkoa bilakatzen da gure ingurumarian. Aurten arreta handixeagoa jarri diot justu etapa bakoitzaren bezperan egiten den beste Tourrarengatik. Emakumeena, alegia. Bosgarrengoz, 13 emakume txirrindulari aritu dira itzuli bera egiten, munduko bizikleta lasterketa entzutetsuak andrazkoen bertsioa izan dezala aldarrikatzeko. Etapa bakoitzean, lekuko txirrindulariak gehitu izan zaizkie, era horretan dozenaka kirolari prestu eta prestatuk etapa bakoitza osatuz. Orotara, 3.460 km egin dituzte, gizonezkoek bezala. Baina, entzun al duzue zerbait? Bai? Non? Zenbatetan? Hain zuzen, horretan dago gako garrantzitsuenetakoa. Ez soilik lasterketaren beraren antolaketan, ematen zaion (ez zaion, hobeto esanda) mediatizazioan. Futbolean esaterako, urrats esanguratsuak egin dira azkenaldian zentzu horretan, baina hain herrikoia den kirol honetan erresistentzia handiak daude nonbait. Christian Prudhomme Tourreko zuzendariaren iritziz, antolaketaren exijentziak direla medio, egun «ezinezkoa» omen da aldi berean Tour paralelo bat egitea. 80ko hamarkadan hainbat urtetan egin zen arren, orain zerbait handiagoa dela eta bere enpresarentzat (ASO) bederen ezinezkoa dela batera egitea. Emakume txirrindulariak, ordea, ez dira ados; agian egun gutxiagokoa baina goizean gizonezkoak baino lehenago abiatuta, beraiek ere Tourra egiteko gai direla erakutsi eta, hortaz, merezi duten ikusgarritasuna eskuratzea izango luketela uste dute. «Zangoen militante» horien ahaleginari esker, pixkanaka kontzientziazioa handituz doa. 2015ean hiru aitzindari hasi zirelarik, bazekiten hainbeste urtetako inertziak ez direla urtebetean aldatuko eta, txirrindularitza munduan ere aukera berdintasuna lortzeko argi dute «tourrada» ematen segitu beharko dutela. Hamahiru emakume txirrindularik, orotara, 3.460 km egin dituzte, gizonezkoek bezala. Baina, entzun al duzue zerbait? Bai? Non? Zenbatetan?