2019 IRA. 16 ZIRIKAZAN Broma gutxi gurekin Josebe EGIA Txakur dezente bizia dudanez, eta hark nire espektatibak eta nik bereak bete ahal izateko elkar ulertzeari berebiziko garrantzia ematen diodanez, abere horien izaera eta jokabideari buruzko liburu asko irakurtzen ari naiz, nola sozializatzen diren eta, haien arteko gatazkak nondik datozen-eta. Liburuotan, garrantzi handia ematen diote abereon agurtzeko moduari: kumeak direnean, ez dakite ezer bizitzari buruz, ez dituzte ezagutzen animalien erresumako gizarte-arauak, eta jolastu besterik ez dute nahi, horregatik joaten zaizkio mugitzen den orori Sputnik baten moduan; hazi ahala, ordea, ikasiz joaten dira, eta ulertzen dute beren parekoen espazio pertsonala errespetatzea ezinbestekoa dela, ezin zaizkiola hurbildu erabateko ezezagun bati lehenengo gauza hanka gainean jarriz, adibidez, haginkadak etengabe jaso barik ibiliko badira munduan, eurak ere kalean seguru sentituko badira. Broma gutxi horrekin. Gu geu bezalaxe, berdin. Izan ere, kalean topo egin eta lagun bati emango dizkiot bi musu, edo besarkada sakona, edo musu bakarra ahoan. Ezertaz ezagutzen ez dudan pertsona bati, ordea, ez natzaio gerturatuko musuka eta besarkadaka, hura nire zerbait balitz bezala ukituz eta arnasa hartzeko gutxieneko espazio-tartea janez. Ez naiz umea, halako oinarrizko zerbait aspalditxo ikasi nuen, eta gauza bera espero dut gainerako helduengandik, demontre!, bai eremu informaletan bai formaletan. Teresa Rodriguez Andaluziako Podemoseko koordinatzaile nagusiak bezalaxe, zeinari bost axola lan-esparruko ekitaldi batera joan zenean bizkarretik helduta ahoan muxu emango balio bezala eginez umiliazioa, nazka eta haserrea eragin zizkion gizonezko enpresariak bere jokabidea zuritzeko jarritako aitzakiak, emakumeak kikilduz eta gutxietsiz ahalik eta gehiena azpiratzen bizi diren gizonezko guztiek jartzen dituzten ohikoak: broma bat, alkohola tarteko, andrearen erreakziorik eza… eta, finean, norbere ekintzen ondorioen gaineko ezjakintasuna. Ume izateari aspaldi utzi zioten eta pertsonon erresumako gizarte-arauak ondotxo ezagutzen dituzten gizonen ahotan, jakin badakitelako egun ez zaiela komeni egia hutsa esatea: «Andrazkoei dagokienez, arauok ez zaizkit piperrik inporta». Bada, ea Rodriguezek jarri zion salaketaren epaiak erakusten dion jarrera hori ez dela doakoa, eta gure espazio pertsonala urratuz bizi diren beste guztiek ere ondo gogoan hartzen duten, «txantxarik» txikiena egin aurretik, utzia dugula beti isilik geratzeko joera ikasi hura, orain ez dugula konplexurik erasoak garenean zaunka eta haginka hasteko.