2019 IRA. 23 Burujabetza teknologikoaren beharra nabarmendu dute Hackmeeting bileran Errekaleor auzo askean bildu dira asteburuan hackerrak eta aktibista digitalak, aurtengo Hackmeeting bilgunean parte hartzeko. Batzarrak eta tailerrak egin dituzte, eta teknologia burujabetza behar dela azpimarratu dute. Ion SALGADO GASTEIZ Dozenaka lagun bildu dira asteburu honetan Errekaleorren, aurtengo Hackmeeting topagunean parte hartzeko. Gune autogestionatu honetan Europako hackerrek eta aktibistek topo egin dute, lankidetza sareak sortzeko eta proiektu berriak garatzeko. «Oraindik badaude erresistentzia guneak sortzea ahalbidetzen duten kontzientzia txinpartak, merkatuaren eragin zitaletatik askeak diren lurraldeak. Bertan, gure izatearen zentzua eta politika egiteko gaitasuna duten komunitate autonomoak sortzen ditugu, teknokapitalismoak dakarren bizitasunik gabeko bizitzaren kontra borrokatzeko gaitasuna sortzen dugu», azpimarratu dute argiratutako manifestuan. Agirian, «zapaltzaileen kalterako», erresistentzia beti egongo dela ohartarazten dute, eta horren froga dira egunotan Errekaleorren izan diren batzar eta tailerrak. Gasteizko auzo aske honetan izan direnek etorkizunari begirako erronkak aztertu dituzte, horien artean burujabetza teknologikoa. David Martinezek eta Marko Txopiteak parte hartu zuten larunbatean gai honi buruz izandako batzarrean. GARAri azaldu ziotenez, azkenengo urteetan zenbait pauso eman dira burujabetzaren alde, software askeak zabaldu dira eta aurrerapauso garrantzitsuak izan dira hardware arloan. «Pozik egoteko arrazoiak» daudela esan zuten, baina aldi berean mehatxu ugari daudela ohartarazi zuten. Horien artean, enpresen handien boterea nabarmendu zuten, eta horiek ezartzen duten kontrola. Gaur egun Interneten pribatutasuna lortzea horren zaila izatea kritikatu zuten, eta, adibide gisa, Facebook enpresari ezarritako isunak aipatu zituzten. Izan ere, iaz Datuen Babeserako Agentziak 300.000na euroko isuna ezarri zien WhatsApp eta Facebook konpainiei, 600.000 euro guztira, datu pertsonalak erabiltzaileen baimenik gabe eman eta erabiltzeagatik. Bestetik, AEBetan 5.000 milioiko isuna jarri zion Facebooki Merkataritza Batzorde Federalak, Cambridge Analyticaren auziaren harira. Gizartearen lana «Gauzak egin dira, baina ez da nahikoa, eta egin beharreko lana guztion artean egin behar dugu. Gizarte antolatuak aurrera egin behar du», adierazi zuten, eta nahi duen orok burujabetasun teknologikoaren aldeko apustua egin dezakeela azaldu zuten, multinazionalen nabigatzaileak erabili ordez Firefox erabiliz. «Gauza asko egin daitezke, baina jendea kontzientziatu behar dugu», esan zuten erakundeen erantzukizunari buruz hitz egin baino lehen. Ildo horretan, hezkuntza sisteman neurriak hartu beharko liratekeela diote: «Googleko zerbitzuak erabiltzen dira eskola ugaritan eta horrekin amaitu beharko genuke». Horrekin batera, ezkerreko alderdiek burujabetasun teknologikoaren aldeko apustua egin beharko luketela esan zuten, eta hori lortzeko gizartearen presioa ezinbestekoa dela gaineratu. Halaber, desazkundearen garrantzia aipatu zuten; izan ere, Lurraren baliabideak mugatuak dira, eta burujabetza teknologikoa burujabetza energetikoari lotuta dago. «Ezin da gaur egungo eredua mantendu».