2019 URR. 07 ZIRIKAZAN Umoreak horixe du-eta Josebe EGIA Lagun batek bikoizketa-lehiaketa baterako lan bat prestatu zuen: film oso ospetsu baten pare bat sekuentzia hartu, non bi gizonezko protagonistetako batek bestea hil ala biziko erabaki bat hartzera behartzen zuen, eta lehenengoaren ahotan berak asmaturiko berbak ipini zituen, berba lizunak, ondo ahoskatuak, motelak, euskalki jator askoan, jatorrizko doinu mehatxatzaileari eutsirik. Lagunak, lehiaketara bidali aurretik, ingurukoei erakutsi zien, jakitearren barrea eragin ote zien, kaka hutsa iruditu zitzaien, gatzik gabea besterik gabe, edo zer. Lagunak ez zuen espero, eta ezusteko galanta hartu zuen horregatik, jendearen umorea inondik ez agertzea, eta horren ordez haserrea-edo, kargu hartzea edo, jasotzea, «sektore feministatik» gehienbat: bortxaketa iradokitzen duelako, homofobo hutsa delako, halako heterosexual cis baten eskutik iraingarria delako homosexualentzat, etab. Niri neuri, sektore feministakoa erabat, astakeria ganberroa begitandu zitzaidan, irudimentsua ere bai, jatorrizko sekuentziako egoera transzendentala aintzat hartuta, eta, egia esateko, dezenteko grazia egin zidan nola zegoen egina (muntatuta, bikoiztuta, doinua, euskara-mota…); era berean, uler dezaket beste batzuei, sektore feministakoak edo beste edozeinetakoak ala ez, gustatu ez izana, gustu txarrekotzat jotzea, grazia putarik ez aurkitzea, eta halako umoreak hotz, are artega ere, uztea. Niri beste kasu batzuetan gertatu izan zaidan bezalaxe (oh.: ikuspegi feminista totaletik, sarriegi). Umoreak horixe du-eta, beste gauza askok bezala: zuri eta niri ez digute, ziurrenik, gauza berek eragingo algara; zu eta ni ez gaituzte, seguruenera, gauza berek egingo zoriontsu; zuk eta nik ez ditugu joko, lepoa egingo nuke, gauza berak transzendentaltzat; etab. Umoreak horixe du-eta, besteak beste, oso tresna eraginkorra dela jendearengan eragiteko, eta batzuek asmo hobez eta beste batzuek maltzurkeriaz erabiltzen dutela, batzuek pertsonak alaitzeko-edo eta beste batzuek, tinko eta etengabe, pertsonak (sar ezazu hemen munduko sektore edo kolektibo edo talde edo dena delako dagoeneko baztertu edota zanpatuetako norbanakoak) gutxiesteko. Batzuen eta besteen arteko aldea, muga, iraingarriaren eta ez denaren arteko lerro mehe gorri hori non dagoen, zer umore erosi eta zein ez, zeini muzin eta zeini aurre egin hautatu, gauza bakar baten mende dago: pertsonon inteligentzia, bereizteko heldutasun hori. Hortaz, ongi etorri ika-mika sanoak, eztabaida eraikitzaileak –umore apur batez, ahal dela–, bizirik, erne eta hobetzeko gogotsu gauden seinale!