GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakurgai mailakatuko bilduma berria atera du Elkarrek

Elkarren Arian egitasmoak euskara ikasten ari direnentzat egokiak diren liburuak argitaratzen ditu. Oraingoan Donostiaren inguruko liburua atera dute, Nerea Azurmendi kazetariak idatzita eta Asisko Urmenetak eta Dom Campinstronek ilustratua.


Elkarrek irakurgai mailakatuko bilduma berria abiarazi du Euskal Herriko hiriburuetan oinarrituta, Arian egitasmoaren barruan. Atzo aurkeztu zuten alea Donostiari dagokio, eta gainerako guztiak Durangoko Azokan plazaratuko dituztela iragarri zuten.

Arian-en helburu nagusia euskara ikasten ari direnei kalitatezko materialak eskaintzea da, beste hizkuntzetan dauden bezalaxe. Kasu honetan, B1 mailan aurrera jarraitzen dutenei eskainitako liburuak dira, testuaz gain, audioliburua, ariketak eta hiztegi txikia ere badutenak.

Hiri bakoitzetik idazle edo kazetari bat hautatu dute ibilbide bat proposatu dezan. Donostiako alerako Nerea Azurmendi kazetaria aukeratu dute, nahiz eta bera ez den donostiarra, bertan bizi baita aspalditik. «Arazo bat izan dut; liburu hau hain txikia izanik helburu asko bete behar ditu», esan zuen egileak, argitalpena labana suitzar batekin konparatuz. Izan ere, liburuak hiriari buruz informatu behar du, euskara ikasteko balio izan behar du, kontakizunak gero ikasleek ariketak egin ditzaten bidea erraztu behar du…

Gainera, Donostiara kanpotik datozenei zein bertakoei begira jarri da. Proposatzen duen ibilbidea ohikoa bada ere, «banderatxoekin doazenek jarraitzen dutena», aipatzen dituen lekuen atzean zer dagoen azaltzen du, hirigintzari garrantzia emanez, Azurmendiren ustez, «hirigintzak hiriari buruz asko esaten duelako». Donostiako pertsonaia historikoak ere aipatzen dira testuan.

«Ni herri txikietan hirietan baino hobeto moldatzen naiz», aitortu zuen idazleak. Berarentzat Tabakalerako terraza «deskubrimendu bat» izan da. Gainera, Donostiara gerturatzen direnak seguru asko trenez edo autobusez iritsiko dira –bi geltokiak Tabakalera ondoan daude– eta horregatik erabaki zuen ibilbidea bertan hastea. Emakume baten figura asmatu zuen orduan, eta Tabakaleratik abiatuta bere ilobei hiria erakusten hasten da protagonista.

Irudiekin gozatuz

Azurmendiren alboan, Asisko Urmeneta marrazkilaria izan da, zeina Dom Campinstron ilustratzaile eta koloristarekin elkarlanean aritu den. «Lehenbiziko lana dugu elkarrekin. Berak ausardia eman dio koloreari», azaldu zuen. Era berean, prestakuntza prozesua nolakoa izan den kontatu zuen. «Testua irakurri eta idazlearekin harremanetan jarri ginen. Bisita gidatua egin genuen Nerearekin, kale guztiak ezagutu… neurri batean hiria ezagutzen genuela uste genuen eta konturatu ginen ezetz. Arratsaldean argazkiak eta krokisa egiteko intentzioa genuen, baina Gorriti taberna deskubritu zigun Nereak. Krokis gutxirekin itzuli ginen etxera, baina asko ikasita», aitortu zuen Iruñetik Donostiara joan zen ilustratzaileak.

Denbora gutxi izan zuten liburua ilustratzeko, baina horregatik modu naturalean atera zaie, zuzenean tintarekin marrazten, aurretik arkatzarekin egin gabe. Irudikatu dituzten pertsonaien artean Nerea Azurmendi bera dago, eta Donostiako mapa sinbolikoa egitean Txillidaren eta Oteizaren eskulturak dauden lekuan artistak jarri dituzte eskutik heldu nahian, adibidez, euren estilo propioa sartuz.