GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

«Deepfake» [II]


Bideo manipulatu bat da, esaterako, deepfake bat. Emaitza zinez sofistikatua da. Begietara ikusezina ia beti. Teknikoki detektatzea, konplikatua askotan. Eta horrek pentsamendu kritikoa aliatu egoki bilakatzen du beti.

Jakina da deepfake hauek jendartean ziurgabetasuna sortzen dutela. Eta “egia” eta “demokrazia”-ren amaieratzat ere jo dira. Badira AEBetako 2020ko presidentetzarako hauteskundeetan deepfake-ek izan dezaketen eraginarekin jada kezka agertu dutenak. Hor jartzen da fokua. Eta alerta. Baina berriki kaleratu den ikerketa txosten batean Britt Paris Rutgers-eko Unibertsitateko ikerlariak baieztatzen duenez (https://labur.eus/JlNVz), deepfake hauen arriskurik handiena ez omen da herrialde bateko hauteskundeetan izan dezaketen eragina, herritar edo norbanakoak kikiltzeko erabiltzea baizik. Hau da, gertagarriagoa dela deepfake teknika eskala txikian erabiliko den arma moduko bat bilakatzea, herrialde bateko lehendakarigaien aurka erabiltzea baino. Deepfake-en aurrean norbanakoak zaurgarriagoak garela, alegia, ikerlari hauen ustez.

Suposatzen dut, batetik, lehendakarigaiek euren aurka argitaratutako deepfake-n eragina nolabait lausotzeko baliabideak izango dituztelako dela. Eta bestetik, ziur aski, herritarrek deepfake-ak sortzeko teknikak eta gaitasunak eskuratzea errazagoa izan daitekeelako (app forman), hauek eragindako mina saihestea baino. Hau da, herritar bati egin dakiokeen mina atzeraezina dela. Eta lehendakarigaiarekin alderatuz, min ezberdina izango dela, gainera. Funtsean, (ziber)jazarpenerako tresnak hedatzen doazela, teknologiaren garapenaren izenean.

“The state of deefakes 2019” txostenak (https://labur.eus/3Jjda), 9 hilabetean sarean dagoen deepfake kopurua bikoiztu egin dela baieztatzen du, %96 pornografiarekin lotzen dela, eta jazarria dena emakumezkoa dela ia beti. Bitartean, gaiari heldu dioten gobernuek deepfake hauek detektatzeko teknologien garapenean egin dituzte inbertsioak. Detekzio sistemetan soilik. Herritarren ongizateaz eta jendarte osoen osasunaz ere ari garela kontuan hartu gabe.