2019 URR. 14 ZIRIKAZAN Intrusismo kutsu hori Josebe EGIA Egun, denak dauka egun seinalatu bat egutegian: gertakizun historikoek, harrotasunak, lotsagabekeria eta injustizia ugari erauzteko askotariko borrokek, gaixotasunek… egin zure aukera. Bada, gaur, Emakume Idazleen Eguna da. Bazenekiten? Nik ez, Elkar argitaletxeak jakinarazi dit, efemeridea ospatzearren emakumeek idatziriko hainbat liburu-proposamen helarazteko e-postaren bidez. Begiratu ditut, noski, eta harrituta nago obretako zenbat ditudan irakurriak, euskaraz, bereziki. Halako harrotasun-puntu bat sentitu dut, zergatik ezkutatu, nire literatura-kontsumoa dela eta, lekua eta interesa eskaintzen dizkiedalako minorizatuei, bai idazleei bai hizkuntzari dagokienez; minorizatuak direlako, hain zuzen, baina ez karitate-ekintza bezala, baizik eta ona delako, edo txarra, bizia delako, edo motela, erakargarria delako, edo aspergarria behin hasitakoan, maximizatuak bezainbeste berdin-berdin. Halere, dena esango dut, amorrua ere ematen dit emakume idazle, emakume zinemagile, emakume futbolari, emakume dena delako eremu nabarmendu hori izatea beti, arloa arlo emakumeek jarduteagatik halako ezaugarri komun jakin batzuk izango balituzte bezala, subjektu aktibo bakoitzaren nolakotasun edota lan-molde pertsonal eta zehatzaz harago. Ez dut gustuko, argi eta garbi, ematen duelako alde batetik literatura, zinema, futbola edo dena delakoa dagoela, betikoa eta jatorra eta unibertsala eta, beraz, maskulinoa erabat, eta beste alde batetik haren baitako azpieremu edo azpiespezie edo azpi ez dakit zer bat, baina azpi betiere, non –o, sorpresa!–, emakumeok gauden bilduta, euskaraz egindakoari gertatu ohi zaion bezala. Etiketa bereizle bakar horrek, emakumeek egina (sekula ez dugu entzungo Gizon Idazleen Eguna, Gizon Astronauten Eguna, Gizon Langileen Eguna, adibidez), generoa nabarmendu behar horrek, ez al dakarkizue intrusismoaren ideiaren usaina? Nolabait, emakumeok beste sexukoen, alegia, profesionalen, esparruan sartu bagina bezala; eta, nolabait, halaber, duela ez hainbeste ez bezala baimena eman baligute bezala: «Ondo da, egizue, zuen erara egin ere, nahiz eta arloaren kategoria gorenean, berba bakarra daraman horretan (Literatura, Zinema, Kirola edo Dena Delakoa, letra larriz), geuk segituko dugun nagusi, mendeek emandako jaun eta jabetasunaz, inongo aurrizkiren beharrik gabe gu topatzeko».