2019 URR. 21 HIMALAIA Cristina Piolinik Manaslu eskiekin jaitsi du Alpinista italiarrak adierazi du serac-ez eta artesiz osatutako sekzio batean (6.200 m) baino ez zituelakendu eskiak. Igoerari dagokionez, hirugarren kanpalekutik (6.800 m) tontorrera bera bakarrik igo zen. Andoni ARABAOLAZA Zortzimilakoei dagokienez, amaitu berri den montzoi osteko denboraldiak ez du notizia azpimarragarri asko eman. Esango genuke gutxi eman dituela. Horietako baten protagonista Cristina Piolini izan da. Italiarra gai izan da Manaslu (8.163 m) eskiekin jaisteko. Jaitsiera integrala izan da, 6.200 metrora dagoen seracez eta artesiz osatutako sekzio txiki batean baino ez zituen eskiak kendu. Antza denez, tarte hori eskiekin jaistea ezinezkoa da, eta gauza bera baieztatu dute Vitaly Lazok eta Anton Pugovkinek. Duela bi urte, errusiarrok gauza bera egin zuten sekzio horretan eta 7.400 eta 7.300 metroen artean dagoen beste batean. Gainera, jaitsiera lehen kanpalekuan (5.300 m) bertan behera utzi zuten, eta ez kanpaleku nagusian. Aipatu dugun bigarren tarte horretan (7.400-7.300) eskiak kentzera behartuta egon zen beste eskiatzaile bat Benedikt Böhm izan zen. Baina kasu horretan, errusiarrek ez bezala, alemaniarrak, gailurrean hasi, eta kanpaleku nagusian amaitutzat eman zuen jarduera. Horrela, bada, Cristina Piolinik Manasluren bigarren jaitsiera integrala egin du. Alemaniarrak bezala, tontorra eta kanpaleku nagusia lotu zituen. Bederen, hori egiten lehen emakumea izan da. Beste zortzimilako askok bezala, Manaslu ere agentzien eraginpean dago. Azken denboraldi honetan makina bat igoera izan ditu, eta, ohi den bezala, mendi osoa soka finkoekin hornitzeaz gain, mendiko langile asko izan dira agentzien bezeroei laguntzen. Piolinik, berriz, hirugarren kanpalekutik ez zuen inolako laguntzarik izan, eta gailurrerako bidea bakar-bakarrik egin zuen: «Tontorrean botak aldatu nituen. Ez zitzaidan ondo atera oso hotzak zeudelako, eta arazoak izan ditut behatz batean. Bigarren kanpalekuraino ondo jaitsi nintzen; tarteka atseden hartzen». Sekzio txiki bat Eskiatzaile italiarrak, bigarren kanpalekura heldu zenean, atseden pixka bat hartzeko erabakia hartu zuen. Denda altxatu ondoren, etzan eta, espero ez bazuen ere, lo hartu zuen. Esnatu zenean, gaueko bederatziak ziren. Biharamunean, berriz, denda jaso, bizkar-zakuan sartu eta seracak zeuden eremura abiatu zen: «Zati horri ‘kranpoien gunea’ deitu nion. Seracen azpian, berriz, eskiak ipini nituen». Piolinik garbi du sekzio hori eskiekin jaistea ezinezkoa dela: «Agian, Red Bull-ek sari bat antolatu eta eskiatzaileren batek helburu hori lor dezake. Baina nik ez dut hegalik, eta segurtasunak lehentasuna zuen. Gainera, kontuan hartu behar da bizkar-zakua nahiko astuna zela, eta pisu horrekin sekzio arriskutsu eta tekniko bat jaistea... Bederen, goialdean zati ederrekin eta elur onarekin asko disfrutatu nuen. Merezi izan du!». MANASLU Cristina Piolini italiarrak zortzimilakoa eskiekin jaistea erdietsi du. 6.200 metrora dagoen sekzio txiki eta arriskutsu batean eskiak kendu zituen.