2019 URR. 21 ZIRIKAZAN Erresistenteak Josebe EGIA Aspaldiko partez, nebaren kuadrillarekin egin nuen topo joan den larunbatean, Bilboko Alde Zaharreko kaleak La Polla Recordsen zale porrokatuz gainezka zeudela (asteburu batez, iruditu zitzaidan berriro geundela 80ko hamarkadaren amaieran-90ekoaren hasieran, turista-saldoa erabat lausoturik). Hantxe geunden, taberna batean, hamar bat gizonezko eta emakume hau. Hasi ginen «aspaldikoka», «zermoduzka» eta musuka, eta, berandu baino lehen, «umerikalduzuka», agian ordu txikitan han patxada ederrean etxeratzeko inolako presarik erakusten ez nuelako, haiek ez bezala. Hantxe bilduta, bada, nebaren betiko lagunak, bere garaian sekula esango ez nukeen arren den-denak aita gaur egun, bat izan ezik, eta haien lagun minaren arreba, bere egunean sekula esango ez zuten arren umerik gabea gaur egun, eta, gainera, ezkongabea. Botako duzu lasai asko, zuk zeuk zeure bizimodua halaxe bizi duzulako, ez umerik ez senarrik ez emazterik ez inolako bikotekide-motarik (animalia bat ez da aintzat hartzen etxekideez hitz egiteko, ez gara hain modernoak), eta hasiko zaizkizu esaten «Zu bizi zara zu ederki» edo «zuk bai jakin, eta ez guk, ergelok» edo «ondo egina» edo horrelako txorakeriaren bat, atoan pentsarazten dizuna honen ondo egin baduzu, zergatik ez duten haiek ere berdin egin, estatistika hutsagatik ez baita posible denak izatea ezgauza peto-petoak, egon behar baitu azkarren bat, alegia, bizitzako funtsezko erabakiak hartzeko orduan ederki kontzentratzen dakiena, nahiak eta eginak bat etorrarazten dituena. Dirudienez, nebaren kuadrillan “bat izan ezik” da tipo hori, bikotekidea bai, baina umerik ez duena eta zapatu gauean parranda itzela, antologikoa, egiteko inorekin negoziatu beharra izan ez zuena, lehen bezala orain nahi duena nahi duenean egiten duena, hala inori konturik eman gabe nola eskatu gabe, nik neuk bezalaxe. Bada, “izan ezik” eta biok “erresistentzia” omen gara: hark ez diolako men egin, “oraindik”, ezein emakumeren amatasun-desioei, eta nik ez dudalako onartu erloju biologikoak edota ezkongabetasun berantiarrak bizitza izorra diezadaten. Gizon-emakume askok bezala, erresistentzia nork bere erabakiak hartzea baldin bada, eredu ezarrien pisuak zapal zaitzan onartu gabe, erresistentez beteta dago-eta mundua, lehen baino ikusgaiago orain, besterik ez. Bide batez, aspalditik nabil komentatzekotan nebaren kuadrillakoekin zein bitxia den hainbeste gizoneko talde batean ez egotea homosexualik, edo heterosexual zorrotzaren bestelakorik, estatistika hutsagatik…