GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Gure esku ere badago


Neure buruari zin egin diot ez dudala Kataluniaz idatziko. Ez, jakina, gaiak axola ez didalako. Baina notizia uholde honetan ezer gutxi berririk esango nuke nik. Hortaz, handik eta hemendik arakatzen ari nintzela, nobedade bat aurkitu dut, bederen Ipar Euskal Herriari dagokionez.

Angeluko supermerkatu bat (ez dut katearen izena emango), egunero arratsaldeko seietatik gauerdira arte eta igande arratsaldetan irekia izango da… saltzailerik eta kutxazainik gabe. Erosleek produktuak hautatu eta kutxa automatikoetan ordainduko dute txartelen bidez. Self-service delakoa ez da, berez, gauza berria. Halako kutxak badaude zenbait saltokitan eta gasolindegi askotan ere sistema bera erabiltzen da aspalditik. Non da nobedadea, hortaz? Ordutegian.

Egun, lan jarduna araututa dagoen moduaren arabera, Estatu frantsesean janari dendek ezin dituzte igande arratsaldetan ateak zabaldu eta gauez lan egiteko ere oztopo mordoa ezartzen die legeak. Baina «jendartearen bilakaera eta kontsumo ohitura berriak» argudiatuta, negozioa eta kontsumoa sustatzeko trikimailua aurkitu dute oraingoan ere. Langilerik ez ordu horietan eta listo! Soilik bi zaindari izango dira bertan, azpikontratatutako beste enpresa batekoak. A! eta alkoholdun edaririk ez da salduko.

Jokamolde maltzur hauek merkatuaren zatia bereganatzeko kate handien norgehiagoka ere islatzen dute. Ze, batzuk jendeari malgutasuna eta erraztasunak emateko aitzakiaren pean ordu gehiagoz zabaltzea eskaintzen ari diren bitartean, beste batzuk ateak ixten ari dira (Angeluko supermerkatutik bi kilometro eskasera dagoen beste bat itxi dute une berean).

Sindikatuak haserre dira, noski. Jada gune turistikoetan izateagatik denda eta saltegi andanak erdietsitako salbuespenak direla medio, zenbait sektoretan jaiegunetako lana normaltzen ari da eta, aldi berean, atsedenaldirako langileen eskubideak murrizten. Orain, langilerik gabeko janari saltokiak ondo badoaz eta orokortzen badira –Estatu frantsesean 200 daude martxan–, enpleguarekin zer gertatuko den beldur dira.

Sistema hauek egonkortzea edo ez egonkortzea gure esku ere badago.