GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Lavaredoko Gailur Nagusian ere errekor berria ezarri du Arnoldek

Dani Arnold suitzarrak bakarka integralean «Comici-Dimai» bidea (6a/A1 edo 6c) 46 minutu eta 30 segundoan igo du. Soilik katu-oinak, kaskoa eta magnesioa eraman zituen. Eiger, Matterhorn eta Grandes Jorasses mendietan ere errekorrak ditu.


Lasai asko esan dezakegu Dani Arnoldek baduela lotura berezia orriokin. Alpinismoan zein eskaladan jarduera azpimarragarri bat egiten duenean horren berri ematen digu. Eta, jakina, berriro ere ohiko hitzordura itzuli da.

Joan den irailaren 5ean, bakarka integralean duen ibilbideari beste plus bat gehitu dio. Katu-oinak, kaskoa eta magnesioa zituen bitarteko bakarrak, eta horiekin guztiekin Lavaredoko Gailur Nagusiaren ipar horman dagoen “Comici-Dimai” bidearen oinarrian jarri zen. Ez zuen soilik bide klasiko hori sokarik gabe eskalatu nahi. Marra horretan abiadura errekor berri bat ezarri nahi zuen suitzarrak. Baita erdietsi ere.

46 minutu eta 30 segundoan gelditu zuen kronoa. Edozein eskalatzailerentzat harrigarria da denbora hori, batez ere kontuan hartzen badugu 550 metro luze dela eta 6a/A1 edo 6c zailtasuna duela. Eskalada gidetan, adibidez, 17 luze horiek igo ahal izateko 6 edo 7 orduko denbora ematen dute. Hori ordu kopuru “normala” izaten omen da. Gainera, kontuan hartu behar da pareta alpino horretan paraboltik ez dagoela, norberaren burua friendekin eta fisureroekin babestu behar dela, arrokaren kalitatea sekzio batzuetan ez dela ona eta luze batzuk nahiko arriskutsuak direla.

Osagai horiek erabat objektiboak direnez, harrigarriena da Arnoldek luze bakoitza hiru minutu baino gutxiagoan eskalatu zuela.

Eskalada hori egiten ari zela, gainera, bi sokada aurreratu zituen, eta kronoa gelditu zuenean Arnoldek berak ezusteko handia hartu zuen aurreko errekorra (ordubete eta bost minutu) birrindu zuelako: «Niretzat ez da izan soilik eskalada arin bat. Hori baino gehiago izan da; izan ere, aste batzuk lehenago errekor hori egiteko ez nengoen sasoiko. Broad Peak mendian egin nuen espedizioak, zortzimilako batean egin dudan lehenak, nire eskalada maila asko jaitsi zidan. Azken urteotan egin ditudan izaera horretako jarduerek eskarmentua eta sendotasuna eman didate, baina, alabaina, ez nuen espero Lavaredoko azken hau hain ondo aterako zenik».

Suitzarraren adierazpen gehiago ezagutu aurretik, esan behar dugu Alpeetako sei ipar horma esanguratsuenetan dagoeneko lau errekor egin dituela: Eigerren (2.28); Matterhornen (1.46), Grandes Jorassesetan (2.04) eta aipatzen ari garen Lavaredoko Gailur Nagusian. Errekor hauen guztien inguruan zehaztu behar dugu Eigerrekoa 2011. urtean ezarri zuela, baina lau urte geroago Ueli Steckek sei minutuan jaitsi zuela.

Bakarka integralean espezialista handia dela inork ez du zalantzan jartzen. Horma alpino horietan abiadura errekorrak egiteaz gain, gogoratu behar dugu, abiadura alde batera utzita, sokarik gabe jarduera azpimarragarriak egin dituela. Adibidez, “Beta block super” izotzezko bidea (WI7, 300 m) sokarik gabe igo du.

Soka gerrira lotuta, berriz, curriculum luzea du, eta zalantzarik gabe horrek sasoia eman dio aipatzen ari garen bakarka integraleko jarduera bikain horiek egin ahal izateko.

Espezialista gehienek maiz esan diguten bezala, eskalada horiek egin aurretik prozesu luze eta gorabeheratsua aurrean izaten dute. Arnoldek, adibidez, onartu digu “Comici-Dimai” estilo horretan igotzeko asmoa ez zela egun batetik bestera sortu: «Jakin badakizu, ipar horma alpinoek asko erakartzen nautela. Lavaredon dauden horiek ere ezin nituen ahantzita utzi. Marra klasiko hori abiadura azkarrean eskalatzeko xedea duela urte batzuk sartu zitzaidan buruan. Lehen aldiz eskalatu nuenean lagun batekin joan nintzen. Zazpi orduan igo genuen, eta momentu horretan pentsatu nuen ordubete baino gutxiagoan eskalatzea ezinezkoa izango zela».

Eroso

Aurreratu dugun bezala, errekor hori egiteko “Comici-Dimai” bidea aukeratu zuen. Besteren bat izan zitekeen, baina izaera horretako errekorrak aurrera eraman ahal izateko, eskalatzaile suitzarrak adierazi duenez, oso aproposa da.

Hormatzarraren eskuinaldean dago, eta hiru eskalatzaile italiar historikok zabaldu eta igo zuten lehen aldiz: Emilio Comicik eta Giovanni eta Angelo Dimai anaiek. 1933. urtea zen, eta handik lau urtera, Comicik berak eskalatzaileen komunitatea ahoa zabalik utzi zuen marra bera bakarka (sokarekin, jakina) sinatu ondoren. Urteen poderioz, “Comici-Dimai” klasiko bihurtu da, eta, arestian aipatu dugun bezala, ukitu alpinoa badu, baina zailtasunean ez da zaila.

Arnoldek baieztatu du Lavaredoko bide horrek xarma duela: «Mundu osoan ezaguna da. Tentea da, arriskutsua ere bai, eta ez du paraboltik. Nire uste apalean, horrek guztiak marra horri mugarri ukitu berezi bat ematen dio. Garai haietan hain nortasun sendoa duen bide hori zabaltzea egundokoa izan zen. Gaitasun zein talentu ikaragarria zuten, batez ere bideak nondik jo behar zuen ulertzeko. Onartu behar dut eskalatzaile italiar horiek egin zuten eskaladarekin hunkituta nagoela. Ondoren, Emiliok bakarkako eran eskalatu zuen. Inoizko jarduera garrantzitsuenetarikotzat har genezake. Garai haietarako uste dut aurreratuta zeudela».

Joan den irailaren 5ean, berriz, lerrootako protagonistak bakarka integralean igo zuen. Aldez aurretik, hirutan egona zen “Comici-Dimai”-n, baina guztietan ala guztietan soka beste kide batzuekin gerrira lotu zuen: «Igoera horiek sekzio guztiak memorizatzeko asko lagundu zidaten. Baina 550 metro horiek guztiz buruan edukitzea ez da batere erraza. Gainera, helduleku guztiak ez dira sendoak».

Egin behar zuen denborari dagokionez, Arnoldek onartu du ordubeteko jarduna espero zuela. Eta gehitu du beheko sekzioan (zailenean) eta goikoan (errazenean) denbora berdina egiten ari zela: «Nire helburu nagusia zen akatsik ez egin eta ahal nuen eskalada seguruena bermatzea. Baina era berean jakin banekien azkar joan behar nuela. Sokarik ez eramateak azkartasun hori ematen dizu. Kontua da kronoa gainean daramazunean minutuak oso azkar joaten direla».

Nahiz eta presio hori izan, suitzarrak dio eskalada guztian oso eroso sentitu zela: «Ez nuen beldurrik izan, eta igotzen ari nintzen bitartean ez nuen zalantzarik izan. Arrokaren kalitatea, gainera, nahiko ona da; makina bat errepikapen egin dira eta arroka hori sendo dago. Horretaz gain, helduleku ezegonkorrak zituzten sekzioak ezagutzen nituen. Bide batez esan behar dut hatzak hotzak nituela, eta horrek arazoren bat sortu zidan».

Amaitzeko, baieztatu du bakarka integralean jarduteak prozesu luzea eskatzen duela: «Burua ondo entrenatu behar duzu. Prozesu hori indartzen denean, hurrengo helbururako prest nago. Sentimendu horrek ez dit inoiz hutsik egin. Alabaina, gehitu behar dut abiadura ez dela nire jarduera guztietan gailentzen».