2019 URR. 25 Hizkuntza gutxituak Pariseko erasoen kontra altxatu dira Estatu frantseseko eskualde hizkuntzen kontra Parisek duen politika erasokorrari aurre egiteko herri ezberdinetako eragileak elkartu dira Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboan. Politika aldaketa eskatzeko sinadura bilketa eta elkarretaratzea antolatu dituzte. Kolektiboaren parte diren bi hezkuntza federazio elkartu dira Ipar Euskal Herrian. Idoia ERASO BAIONA Estatuan ezagutza ofizialik ez duten hizkuntza guztien egoera zaila izan da beti, baina azken urteetan horiek indarberritzeko izan den mugimenduaren aurrean Emmanuel Macronen gobernuak daukan politika erasokor eta hertsatzaileak eragileak altxarazi ditu. Irailaren 12an, Pariseko europarlamentarien egoitzan elkartu ziren hizkuntza gutxituen defentsan ari diren eragileak, eta kolektiboa sortzea deliberatu zuten. Talde sortu berriak bi dei egin ditu Gobernua, eta bereziki Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa, interpelatzeko. Sinadura bilketa abiatu du Change.org webgunean, eta azaroaren 30erako elkarretaratzea deitu du Hezkuntza Ministerioaren aitzinean, 11.00etan. Ministroari «hizkuntza-hiltzailea» izatea leporatzen diote idatzi duten agirian. Kolektiboaren parte diren eragileen hizkuntzak, hauexek dira, euskararekin batera: okzitaniera, bretoiera, katalana, korsikera, mendebaldeko nederlandera, aleman estandarra eta dialektoak (alsaziera eta mosellera), savoiera, Oileko hizkuntzak, kreoleak eta Estatu frantsesaren parte diren itsasoz bestaldeko herrietako hizkuntzak. Horien egoerari dagokionez, kolektiboak argi salatzen du: «Denak Frantzian ez desagertzeko eusten ari dira, denak Unescok desagertzeko arriskua duten hizkuntzen zerrendan agertzen baitira». Estatuan hizkuntzaren alde jarduten duten eragile gehienek parte hartzen dute jada, eta heldu den hilabetean hautetsien sostengua lortzea izanen da xede nagusietako bat. Oraingoz, eskaeraren jatorrian dauden bi agertzen dira: François Alfonsi eurodiputatua, Europar Batasunean arriskuan diren hizkuntzei eta aniztasun linguistikoari buruzko txostena idatzi zuena; eta Paul Molac, Asanblea Nazionalean Eskualde Hizkuntza eta Kulturak taldeko presidentea. Azken honek interpelatuko ditu parlamentariak. Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko eragileak elkartzen dituen Euskal Konfederazioa kolektiboko partaidea da, eta Euskal Herri mailan hautetsiengana joko du sostengua lortzeko. Herritarrei ere dei egiten die sarean dagoen eskaera sinatzeko, eta Parisera hurbiltzeko. Orain Gobernuaren erasoen aitzinean joera «defendatzailea» daukan indar metaketa 2012an ere egin zen jada, baina orduan jokabide «ofentsiboa» zuen, «lege berri baten aldarrikapena» egin zuela adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Duela zazpi urte, hizkuntza gutxituen ofizialtasuna eskatzen zuen eskualde bakoitzak bere herrian manifestazioa egin zuen, milaka pertsona bilduz. Oraingoan protesta ekimena Parisen egitea deliberatu dute, ordea; «badakigu ez direla milaka pertsona izanen, urrun gelditzen baita, baina eragina izanen duela espero dugu», baieztatu du, Seaskako zuzendariak. Elkarretaratzean Seaskako ordezkariez gain irakasle, ikasle eta gurasoak ere izanen direla espero dute, horretarako autobusak antolatuko baitituzte. Euskararen defentsan ari diren eragileak hitzorduan parte hartzeko antolatzen ari dira. Erasoak Eskaera Macronen gobernuari orokorrean, baina zehazki Jean-Michel Blanquerri zuzentzen zaio, hain zuzen, aurreko ikasturtean onartu zuen erreformaren, eraman duen politikaren eta egin dituen adierazpenen kausaz. Lizeoen eta baxoaren erreformak eskualde hizkuntzei kalte handia egin diola baieztatu da aurten; iaz egindako protestetan salatzen eta aurreikusten zen, eta ikasturte honetan jada agerian gelditu da horren eragina. Estatuko hizkuntza gutxituek baxoa azterketako notan ez dute baliorik, eta gainera beste ikasgaiekin lehia moduko batean ezartzen da; hori dela eta, ikasleen kopuruak anitz egin du behera sail elebidunetan. Lehia hori finantziazioaren eremura ere zabaltzen dela salatu dute. Lizeo publikoetako euskara irakasleen kolektiboa da Euskara Geroan, eta kaleratu duen agiri batean irmoki adierazi du: «Iruditzen zaigu argiki euskararen egoera txarrera abian dela». Puntuazioari loturiko hautazko ikasgaien estatus berria «katastrofikotzat» jotzen du. Beste eremu batzuetan ere, ministroaren jokabidea guztiz kontrakoa izan da. Besteak beste, Ipar Euskal Herrian protesta ugari sorrarazi zuena: eskola publiko batzuetan Haur Hezkuntzan murgiltze eredua ezartzeko baimenik ez ematea. Korsikan ere ez zieten utzi nahi, baina presioaren ondorioz bi eskualdeetan onartu behar izan zuten. Orokorrean «atzerapauso nabarmenak» izan direla adierazi du Celine Etchebarnek, hezkuntza elebidun publikoko guraso eta irakasleak biltzen dituen Ikas-Bi elkarteko kideak. Maiatzean ministroak egin zituen adierazpenek haserre handia sortu zuten, gerora atzera egin bazuen ere: murgiltze ereduak frantsesa jakingo ez duten ikasle elebakarrak sorrarazteko arriskua badela erran zuen parlamentuan. Estatutik Euskal Herrira Macronen gobernuak euskarazko hezkuntzaren kontra egin zituen erasoei aurre egiteko, historian lehen aldiz, sare elebiduna eta murgiltze eredua ordezkatzen duten elkarte eta kolektibo guztiek bat egin zuten elkarretaratze batean ekainean, Donapaleun. Euskaldunen artean bezala, hezkuntza mailan Estatuaren aurrean ahots bakar batez mintzatzeko sare ezberdinak biltzen dituzten elkarteak badira, eta horietariko bi Ipar Euskal Herrian egon ziren aurreko asteburuan. Murgiltze ereduan ari diren federazioen hezkuntza erakundea Baionan elkartu zen, eta hezkuntza elebidun publikokoak biltzen dituen Flarep egitura Donibane Lohizunen batzartu zen. Errepublika Frantseseko Hizkuntzen Goi Mailako Institutuak (ISLRF, frantsesez) jardunaldiak antolatu zituen urriaren 18 eta 19an Lapurdiko hiriburuan. Murgiltze ereduan ari diren eskolen federazioen sarea da ISLRF, eta bertan Seaskarekin batera Bretainia (Diwan), Alsazia (ABCM), Okzitania (Calandreta) eta Kataluniako (Bressola) eragileak elkartzen dira. Bost federazioek orotara 15.000 ikasle eskolatzen dituzte Estatuan. 200 irakasle, ikertzaile eta unibertsitariok hartu zuten parte Baionan, Hego Euskal Herrikoak barne. Peio Jorajuria Seaskako presidenteak «biziki kontent» direla baieztatu zuen, gaiek interes handia sortu zutelako, eta puntako mintzalariak bildu zirelako. Aldi berean, bost hezkuntza federazioek urteko bilana egiteko parada izan zuten: «Parisen jokabideak markatu du aurtengo bilkura; baxoaren erreformak, non azterketa euskaraz egiteko aukera arriskuan ematen den. Orain arte lortu dugunarekiko ez gaitu babesten, hutsune juridikoa baita». Zentzu horretan, gogora ekarri du euskal ikasleek baxoan Historia-geografia eta Matematika euskaraz egiteko eskubidea daukatela, eta bretoiek, aldiz, soilik lehena egiteko aukera daukatela, eta bigarrenari ateak itxi zizkiotela aurreko ikasturtean. Jardunaldiaren antolatzailea izan den goi mailako institutuko zuzendari Philippe Hammelek argiki agertu zuen egoeraren larritasuna: «Alarma guztiak pizteko momentua dela argi dago, eta erran behar da kezka handia dagoela gure hizkuntzekiko». Hezkuntza publikoa Hezkuntza Publikoan Eskualde Hizkuntzen Aldeko Federazioak (Flarep, frantsesez) urtero egiten duen biltzarraren 33. edizioa Donibane Lohizunen izan zen, urriaren 16tik 21era, euskal ordezkaria den Ikas-Bi elkartearen eskutik. Estatuko eskualdeetan dauden egoera «arrunt ezberdinetatik ikasteko parada baliatu» zutela baieztatu du Etchebarnek. Batzar horretan ere lizeoaren erreforma izan zen mintzagai nagusia, eta Euskara Geroan kolektiboko kideek egoera larriaren berri eman zuten. Jacqueline Gourault eskualdeetako erakundeekin lotura egiteaz arduratzen den ministroak apirilean egindako adierazpenak ere izan zituzten gogoan, non murgiltze eredua hezkuntza publikoan antikonstituzionala dela esan zuen. Murgiltzea irakasle eta gurasoen engaiamenduari esker lortu dela oroitzearekin batera, esperimentazio gisara besterik ez dela onartzen oroitarazi du Etchebarnek, hau da inolako ziurtasun legalik gabe. Egoera zail honen aurrean erantzun irmoa emateko Flarep-en izenean Hezkuntza ministroari gutun bat igorriko diotela deliberatu zuten iragan berri den batzarrean. DEFENTSAKolektiboa osatu duten eragileak 2012an elkartu ziren jada, baina orduan eskualde hizkuntzen ofizialtasuna eskatzeko izan zen, eta oraingoan, aldiz, orain arte lortutako eskubideak defendatzeko. LEGEAAzken urteetan euskararen alde egindako aurrerapauso anitzek ez dute sostengu juridikorik, borondate politikoaren menpe daude. «KATASTROFIKOA»Baxoa azterketaren erreforman eskualde hizkuntzek puntuaziorik ez izateak ondorio «katastrofikoa» izan du lizeoetan.