2019 URR. 26 ANTZERKIA Mina ez da joaten Arantzazu FERNANDEZ Artedrama, Axut eta Dejabu konpainiek, ahalegin komunean indarrak batzen dituzten laugarren ikuskizun honetan, Bidasoaz bi aldeetako Euskal Herriko pentsamolde teatralak elkartzearekin batera, hiru aktore belaunaldi bildu dituzte. Ez da kontu makala, gure ustez, talde horiek urteetan zehar behin eta berriro era kolektiboan lan egiteko erakutsi duten gogoa, ez eta, gure gertuko iraganari eginiko errepasoa antzezteaz gain, horrek sortu dizkigun traumak eta minak uxatzeko eskaini diguten katarsi kolektiboa ere. “Zaldi urdina”-k 80ko hamarkadako droga trafiko eta erabilera hizpide izan ez ezik, gaurko kontsumoarekin ere lotzen du. “Errautsak”-en punk izpiritukoak “pogo” dantzan aritzen ziren moduan, “Zaldi urdina”-n clubbing kulturan, dantzalekuen munduan, musika elektronikoaren unibertsoan saltoka ikusiko ditugu pertsonaiak. Horrela, aktore zaharren belaunaldikoek pairatutakoa antzezle gazteen gizaldian gertatzen ari denarekin alderatzen du, nork bere ondorioak atera ditzan, baina argi utziz txotxongiloak baino ez garela. Txalotzekoa da antzezlanean zehar musikak, argiak, soinuak eta janzkien koloreak zein ondo erabilita dauden. Eskertzekoa da, aurreko lanen koherentzia estetikoan mantenduta, nola sendotu den kalitate eszenografikoa. Horrela, fokuen laguntzaz panelek eta ispiluek eszena batzuk nabarmentzeaz gain, inguruko iluntasunaren sakontasuna trinkotzen dute, Dejaburen “Arrastoak”-en gertatzen zen bezala. Hautu estetiko horretan, aktoreak une gehienetan batera egoten dira agertokian, eta, gainera, taldeka mugitzeko koreografia gauzatzen dute erritmo arinez. “Zaldi urdina”-k sinkronizazio zein esfortzu fisiko handia landuz, aktore/pertsonaiei bi mugimendutan jarduteko eskatzen die: multzoko partaide anonimo izatea eta, hortik aterata, nork bere istorioa konta dezala. «Infinitua izan nahi nuen», aditu diogu drogazale bati; «mina ez da joaten» esan digu semea galdu duen mozkorrak; gazte batek, ordea, Intxaurrondo zer den galdetzen du. “Zaldi urdina” ispilu argitsua da, istorio beltzez eraikia, “film noir” moduan geure errealitateko beste alde ilunean fokua jartzen duena. Ez galdu. Gure historiaren joan-etorriak dira.