GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboard

Euskalsurf Bodyboard II: Maddi Fernandez eta Alex Odriozola txapeldun

Euskalsurf bodyboard zirkuituko bigarren txapelketa izan zen Zumaiako Itzurun hondartzan. Iaz baino parte hartze handiagoa eta olatu politak izan ziren. Maddi Fernandezek eta Alex Odriozolak irabazi zuten txapela.


Eguraldi ederra eta olatu politak izan ziren larunbatean Zumaiako Itzurun hondartzan. Metro bateko olatu garbietan lehiatu ziren Euskalsurf Bodyboard zirkuituko lehiakideak. Urtetik urtera maila gora doala erakutsi zuten eta, azkenean, Maddi Fernandez eta Alex Odriozola nagusitu ziren.

Parte hartzeak ere gora egin du aurtengo edizioan. Iaz 13 lehiakide izan ziren mutilen kategorian, eta aurten Gipuzkoa eta Bizkaiko 24 lehiakidek hartu dute parte. Nesken kategorian, ostera, iaz ez zen lehiaketarik izan, ez baitzen parte hartzeko izena eman zuen gutxieneko lehiakide kopururik. Aurten ordea, bost lehiakide izan ziren Zumaian, eta kopuru apala bada ere, pixkanaka bodyboarderren artean lehiatzeko grina pizten ari dela erakusten du.

Odriozola vs Izaga

Itzurungo olatuak oso ongi ezagutzen dituzten bi lehiakide izan ziren mutilen finalean. Alex Odriozola eta Andoni Izaga zumaiarrak buruz buru aritu ziren lehian, urtean zehar elkarrekin itsasoratzen diren eremu berean. Bi lehiakideek, gainera, emaitza onak eskuratu zituzten iaz Zumaian egin ziren bodyboard lehiaketetan.

Alex Odriozola bigarren geratu zen Zumaian 2017an egin zen Euskalsurf zirkuituko bodyboard proban. Iaz ostera ere berak irabazi zuen, eta aurtengo txapela ere beretzat izan da. Halere, ez zuen aurkari erraza izan Odriozolak finalean. Andoni Izagak ere, iazko azaroan Zumaian egin zen Euskal Herriko bodyboard txapelketa irabazi zuen. Izagak gainera, bigarren postua eskuratu zuen joan den irailaren 29an Sopelan egin zen Euskalsurf Bodyboard zirkuituko lehen txapelketan. Ondorioz, aurten egin diren Euskalsurf Bodyboard zirkuituko lehen bi txapelketetan Izaga bigarren postuan geratu den arren, ranking orokorreko buruan dago zumaiarra. Odriozolak 8 puntu eta 7,9 puntuko bi olatu egin zituen; hortaz, guztira 15,9 puntu bildu zituen. Izagak, ostera, bere bi olatu onenekin (6,1 puntu eta 5,8 puntu), guztira 11,9 puntu bildu zituen.

Fernandez vs Gurruchaga

Euskalsurf Bodyboard zirkuituko bigarren proba egiteko urriko azken bi asteburuak hautatu zituzten antolatzaileek. Urriaren 19an txapelketa egiteko aukera bazegoen arren, baldintza hobeak izango zirelakoan astebete atzeratu zuten lehiaketa, eta asmatu zuten, olatu txikiak, baina ederrak izan baitziren joan den larunbatean Zumaian.

Nesken kategorian, lehiakide gutxi zirenez, buruz buruko txandak egin zituzten, eta hala iritsi ziren finalera Maddi Fernandez eta Lorena Gurruchaga.

Gurruchagaren bi olatu onenek 3,67 eta 3,17 puntu jaso zituzten (guztira 6,84 puntu). Fernandezen bi olatu hoberenak, berriz, 6,5 eta 6,33 puntukoak izan ziren. Hortaz, 12,83 punturekin Fernandez gailendu zen, eta horrela aurtengo bodyboard itzuliko bigarren txapela eskuratu zuen gipuzkoarrak, irailean Sopelan egin zen zirkuituko lehen txapelketa ere berak irabazi baitzuen.

Gauzak horrela, nesken bodyboard rankingeko lehen postuan da Maddi Fernandez, baina oraindik ez da zirkuitua amaitu. Nesken zein mutilen kasuan, beste bi lehiaketa izango dira urtea amaitu aitzin: azaroan Ereaga hondartzan egingo duten txapelketa eta abenduan Mundakan egingo dutena.

Roberts munduko txapeldun

Bestalde, Kanaria uharteetan amaitu berri da munduko APB zirkuitua eta Tristan Roberts hegoafrikarrak eskuratu du aurtengo APB titulu mundiala. Fronton King Pro, zirkuituko azken lehiaketa, irabaztearekin batera eskuratu zuen Robertsek garaipen handia.

Finalean aurkari izan zuen Amaury Lavernhek irabazi balu, Pierre-Louis Costes lehiakide frantsesak hirugarrenez irabaziko zukeen munduko APB txapela, baina Robertsek ez zuen horretarako aukerarik eman.