2019 AZA. 04 Surfa Nork irabaz dezake aurtengo WSL munduko titulua? Joan den astean Portugalen amaitu zen CT itzuliko azken-aurreko txapelketaren ostean, hiru neska eta bost mutilek dute soilik aurtengo WSL titulua irabazteko aukera. Zein aukera dituzte surflariek munduko titulua irabazteko? Haritz LARRAÑAGA Aurten ere Hawaiin erabakiko dira mutilen zein nesken WSL titulu mundialak. Italo Ferreira brasildarra eta Carissa Moore hawaiiarra dira CT eta WCT rankingetako buruak, baina horien atzetik, puntu gutxiko aldearekin, badira munduko txapela irabazteko aukera anitz dituzten lehiakideak ere. Nesken itzuliko azken txapelketa azaroaren 26tik abenduaren 6ra bitartean egingo dute Hawaiiko Maui uhartean. Honolua Bayko eskuin olatu famatuan egingo dute itzuliko hamargarren eta azken lehiaketa. Iaz Carissa Moorek irabazi zuen Honoluan, oso ongi ezagutzen duen olatua baita. Ondorioz, emaitza on bat eskuratu eta munduko koroa irabazteko aukera asko ditu hawaiiarrak, baina bidean edozer gerta daiteke. Mutilen zirkuituko azken txapelketa, ostera, abenduaren 8tik 20ra bitartean egingo dute Hawaiiko Oahu uhartean. Pipeline Banzaiko urautsi mitikoan izango da itzuliko hamaikagarren eta azken lehiaketa. Iaz Gabriel Medinak irabazi zuen, eta baldintza zailetan olatu indartsuak mendean hartzeko gai dela erakutsi zuen; beraz, itsaski indartsu bat izaten bada titulu mundiala eskuratzeko beste lehiakideek baino aukera gehiago izango ditu. Hiru neska Carissa Moore hawaiiarra eta Lakey Peterson eta Caroline Marcs estatubatuarrak dira aurtengo nesken WSL munduko titulua irabaz dezaketen lehiakide bakarrak. Izan ere, hiru lehiakide horiek urtean zehar lortutako puntuei esker alde handia ateratzen diete gainerako lehiakideei. Hona WCT rankingeko lehen hiru lehiakideek munduko titulua irabazteko dituzten aukerak. Bat. Carissa Moorek irabazten badu Honoluan, laugarrenez munduko titulua irabaziko du. Bi. Moore bigarren postuan geratzen bada, Lakey Petersonek txapelketa irabazi beharko du munduko titulua eskuratzeko. Hiru. Moore hirugarren postuan geratzen bada, Petersonek gutxienez bigarren postua eskuratu beharko du Honoluan, eta Marcsek, berriz, txapelketa irabazi beharko luke titulu mundiala irabazteko. Lau. Moore finalerdietara iritsi aitzin kaleratzen badute, Petersonek nahikoa izango du finalerdietara iristea munduko titulua eskuratzeko, eta Marcsek, ostera, gutxienez bigarren postua beharko luke. Bost gizon Mutilen kategorian bost lehiakidek bakarrik lor dezakete aurtengo munduko titulua. Egun ranking orokorrean honako errenkadan daude bost lehiakide hauek: Lehena, Italo Ferreira brasildarra; bigarren postuan, Gabriel Medina brasildarra; hirugarren postuan, Jordy Smith hegoafrikarra; laugarren, Filipe Toledo brasildarra eta bosgarren postuan, Kolohe Andino estatubatuarra. Lehenengo lau lehiakideen arteko aldea oso txikia da. Italo Ferreirak 50.070 puntu ditu eta Filipe Toledok, 49.145 puntu. Kolohe Andinok, berriz, 44.665 puntu ditu. Hau da, estatubatuarrak lehen lau postuetan diren lehiakideek baino askoz puntu eta aukera gutxiago ditu. Gauzak horrela, hauek dira mutilen kategorian izan litezkeen agertokiak. Bat. Italo Ferreirak Pipeline Masters txapelketa irabazten badu, lehen aldiz eskuratuko du munduko WSL titulua. Bi. Ferreira bigarren geratzen bada eta Gabriel Medinak edo Filipe Toledok irabazten badute, Pipelineko txapelketa irabazten duenarentzat izango da 2019ko munduko titulua. Hiru. Ferreira finalerdietan kaleratu eta hirugarren geratzen bada, Medinak bigarren postua eskuratzea nahikoa luke titulu mundiala hirugarren aldiz irabazteko. Aldiz, kasu honetan, Jordy Smith edo Filipe Toledok Pipelineko koroa irabaziko balu Pipelineko irabazlearentzat izango litzateke titulua. Lau. Ferreira final-laurdenetan kaleratzen badute, munduko titulua irabazteko Medinak gutxienez hirugarren postua lortu beharko du, Toledok bigarren postua, eta Smithek lehen postua. Bost. Ferreira bederatzigarren geratzen bada, titulua irabazteko Medinak gutxienez bosgarren postua beharko du, Toledok hirugarrena, Smithek bigarrena eta Andinok lehen postua. Sei. Ferreira lehen bi txandetako batean kaleratzen badute, Medinak eta Toledok gutxienez bederatzigarren postura iritsi beharko dute WSL titulua irabazteko; Smithek, ostera, bosgarren postua, eta Andinok, bigarren postua lortu beharko lukete. Portugalen galdutako aukerak Joan den astean Portugalen amaitu zen txapelketak agertoki interesgarria ireki zuen. Batetik, Carissa Moorek itzulia amaitu aitzin titulu mundiala irabazteko aukera galdu zuen, eta, bestetik, Gabriel Medinak rankingeko lehen postua galdu zuen bosgarren txandan kaleratua izan ostean. Gainera, Medina kaleratua izan zen moduak ere zeresana eman zuen; izan ere, Caio Ibeli aberkidearekin lehian ari zela polemika sortu zuen interferentzia egin zion Medinak Ibeliri. Epaileek ezarri zioten zigorraren ondorioz, olatu bakar baten puntuarekin pasatu behar zuen txanda Medinak, eta baldintza horietan kaleratu zuten. Lehentasuna nork zeukan ez zegoen oso argi eta eztabaida sortu zen. Batzuek Medinaren alde egin zuten eta besteek Ibeliren alde, baina kontua da kaleratua izan zen unean aurtengo titulua irabazteko zituen aukerak murriztu zitzaizkiola Medinari.