2019 AZA. 04 HIMALAIA Tengi Ragi Tau-ko «overbooking» betean saria jaso ahal izan dute Roger Cararach, Marc Toralles eta Alberto Fernandezek seimilakoaren ekialdeko tontorraren hego zutoinaren lehen errepikapena estilo alpinoan sinatu dute. Duela hamalau urte espedizio frantziar batek zabaldutako 1.100 metroko bidean hiru bibak egin zituzten. Andoni ARABAOLAZA Roger Cararach, Marc Toralles eta Alberto Fernandezek Tengi Ragi Tau mendian (Rolwaling, Himalaia) eginiko espedizioa berezia izan da. Bederen, ezustekoei begiratzen badiegu. Badirudi bidean zehar jarritako txintxetak saihesten jardun zutela. Neurri batean bi alpinista katalanek eta gipuzkoarrak “arazo” horiek era dotorean gainditu zituzten, eta, esku artean zuten xede nagusia lortu ez bazuten ere, sari preziatu batekin etxeratu ziren. Hirukotearen helburua igo gabe zegoen mendebaldeko aurpegia zen. Baina han zirela, horma bera eskalatzeko asmoa zuten bi espediziorekin topo egin zuten. Ez zuten “lehia” horretan sartu nahi, eta, beraz, hasi baino lehen erretiratu ziren. Alabaina, seimilakoaren ekialdeko tontorrak (6.600 m) eskainitako beste aukera erakargarri bati ez zioten uko egin. Ez zekiten igo gabe zegoen ala ez. Sartzeko erabakia hartu zuten; eta zutoina eskalatu, gailurra zapaldu eta jaitsi ondoren, ohartu ziren lehen errepikapena egin zutela. Gainera, estilo alpinoan. Beraz, 2005. urtean talde frantziar batek eginiko lehen igoerari estilo ona erantsi diote. 1.100 metroko marra horretan honako zailtasunak aurkitu zituzten: 6b, M6 eta 85°. Eta hauek guztiak gainditu ahal izateko, hiru bibak behar izan zituzten egin. Nahiz eta helburu nagusia, mendebaldeko aurpegia, dastatzeko aukerarik ez zuten izan, Fernandezek GARAri azaldu dio oso gustura daudela eginiko jarduerarekin: «Eskalatu genuen zutoina ederra da oso. Harkaitz onarekin egin genuen topo eta luze batzuk tenteak ziren. Lasai asko esan dezaket zutoin hori oso estetikoa dela. Bederen, Tengi Tagi Rau mendiak (6.938 m) aurten izan duen overbookinga kontuan hartzen badugu, bada, guk eskalatutako bideak pozarren egoteko arrazoiak ematen dizkigu. Bai, pena izan da mendebaldeko aurpegi hori ez eskalatzea. Nik aspalditik ezagutzen nuen. Ez ginen hormaren oinarrira heldu; izan ere, helburu bera zuten bi talderekin egin genuen topo. Estatubatuarrak eta frantsesak ziren. Hori ikusirik, pareta horretan ez jardutea erabaki genuen. Ondoren, zutoina ikusi eta hara abiatu ginen». Elgoibartarrak bi espedizio horiek aipatu dituenez, aurreratu behar dugu Alan Rousseau eta Tino Villanueva estatubatuarrak mendebaldeko aurpegi hori igotzen lehenak izan direla. Espedizioaren hastapenetara hurbiltzen bagara, ikusiko dugu “okerreko” hankarekin hasi zutela. Eguraldi kaskarragatik, hirukote honek joan-etorri batzuk egin behar izan zituen Katmanduko aireportura. Azkenean, jarritako data baino bost egun beranduago iritsi ziren Luklara. Denbora galdu gabe, Thengpo herrixkako lodge batean aterpe hartu zuten; hirukotearen kanpaleku nagusia izan zen. Eta biharamunean girora egokitzen hasi ziren. Tashi Laptsa izeneko lepora (5.700 m) igo ziren. Eta irteera hori aprobetxatu zuten tresneriarekin antolatutako biltegi bat uzteko. Aterpera jaisten ari zirela arestian aipatu dugun sokada estatubatuarrarekin egin zuten topo; hots, mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu dutenekin. Beste aukera batzuk aztertu ondoren, hirukoteak ekialdeko tontorraren hego zutoina zain zuen: «5.400 metrora genuen biltegira iritsi ginenean, ikusi genuen denda bat lapurtu zigutela. Bagenekien handik talde bat igaro zela. Rogerrek erabaki zuen lapurraren bila joatea. Namche Bazar herrira lasterka jaitsi zen. Poliziei lapurretaren berri eman zien, baina hauek aurpegira barre egin zioten. Rogerrek ez zuen etsi eta hurrengo herrira, Monjora, joan zen; 30 kilometroko ibilbidea egin zuen. Han bai, lapurra harrapatu zuen; denda bizkar-zakuan zeraman. Denda berreskuratzeko gure kideak egundoko astindua hartu zuen; guregana leher eginda iritsi zen. Arazo horrengatik beste hiru egun galdu genituen». Lehen errepikapena Ezusteko garrantzitsuenak bukatu zirenez, alpinistok aukera izan zuten girora egokitzeko fasea ondo amaitzeko. Plana aldatu ondoren, lerrootako protagonistak zutoin hori eskalatzera abiatu ziren. Behetik ikusita oso erakargarria iruditu zitzaien. Gainera, mendebaldeko aurpegian ez bezala, jakin bazekiten arrokan gehiago eskalatuko zutela: «Zutoin hori ez genuen ezagutzen, eta ikusi genuenean iruditu zitzaigun alternatiba bikaina izango zela. Horretaz gain, bakar-bakarrik egon ginen, eta eite horri garrantzi handia ematen genion. Zutoina eskalatzen hasi eta ohartu ginen gure aurretik beste batzuk igaro zirela; izan ere, hainbat iltze eta soka finko zeuden. Ondoren esan ziguten Chamonixeko mendi gidari batzuek zutoin hori lehen aldiz 2005. urtean eskalatu zutela». Arrokazko zutoin hori abiatu eta urriaren 14an, 5.500 metrora, lehen urratsak egin zituzten. Erritmoa ona zen, eta aurrean zituzten zailtasunak aise gainditu ondoren, lehen bibaka antolatu zuten. 6.600 metrora ziren: «Lehen egun horretan luze ederrak eskalatu genituen kalitatezko arrokan. Bigarrenean, berriz, zailtasunak areagotu ziren. Hori gutxi ez, eta pare bat zeharkaldi luze egitera behartuta egon ginen. Horrek, jakina, ez zigun aukera eman metro asko egiteko. 6.250 metrora bigarren bibaka egin genuen. Oro har, aurreratu dezaket bi egun horietan arrokan gainditu genituen zailtasunak ez zirela gogorrak. Granito ona zen, eta auto-babeserako arazorik ez genuen izan. Marcek eta biok partekatzeko katu-oin pare bat genuen; Rogerrek oin handiagoak ditu. Batez ere lehen egunean jarri genituen; goialdean, berriz, kranpoiekin eskalatu genuen». Hirugarren eskalada egunean zutoina patrikan zuten. Gailurrera zeraman ertzean ziren; 6.400 metrora, gutxi gorabehera. Zoritxarrez, ertz horretan baldintzak ez ziren batere onak. Elurra transformatu gabe zegoen: «Horregatik, hirugarren eta azken bibaka egin genuen. Hara iristeko borroka handia behar izan genuen egin. Gainera, sekzio tente batzuk zituen, eta geure buruak babesteko leku egokirik ez zegoen. 6.550 metrora ginen, gailurretik oso gertu». Laugarren egunean (urriaren 17a) tontorrera heldu ziren. 100 metro baino ez zitzaien falta, baina bi ordu eta bi luze egin behar izan zituzten. Egun berean bide osoa rappelatu ondoren, bidearen oinarrira heldu ziren. Fernandezi esan diogu ezusteko guztiak kontuan hartuta oso eraginkorrak izan direla. Beste era batera esanda, helburu hori oso azkar osatu zutela: «Bai, hala uste dut. Estilo alpinoan jardun dugunez, pisu gutxi eraman dugu, eta horrek asko laguntzen du. Bestalde, ertzak zituen baldintza txarrak alde batera utzita, zutoinak arroka ona eskaini digu. Eguraldiarekin ere zortea izan dugu. Montzoia atzeratuta zebilen. Baina hau amaitu zenean (urriaren 10 aldera), eguraldi ona iritsi zen. Beraz, eskalada osoa nahiko atsegina izan zen. Jarduera hori amaitu eta biharamunean eguraldia kaskartzen hasi zen. Helburu nagusia ez, baina, bederen, Tengi Ragi Tauren ekialdeko tontorraren hego zutoina estilo alpinoan igo dugu». ESTETIKOA Fernandezek adierazi du zutoin hori ederra dela oso eta arrokaren kalitatea ona dela. 1.100 metroko bide horretan honako zailtasunak gainditu zituzten: 6b, M6 eta 85º. GILTZA Zutoina amaitu ondoren, hirukoteak baldintza txarretan zegoen ertza eskalatu behar izan zuen. Haien iritziz, bidearen giltza izan zen. Denera, lau eguneko jarduna egin zuten. TENGI RAGI TAU Roger Cararach, Marc Toralles eta Alberto Fernandezek estilo alpinoan egin dute seimilakoaren ekialdeko tontorraren hego zutoinaren lehen errepikapena.