2019 AZA. 06 Euskara eta turismoa lotuko dituzte, batak bertzeari lagun diezaiokeelako «Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak» jardunaldia antolatu dute UEMAk eta UEUk, Orioko Udalarekin. Azaroaren 21ean izanen da, Orioko Arraunetxean. Euskara nola erakargarri bihurtu eta euskal kultura nola plazaratu hausnartuko dute, turismo jasangarriaren kontzeptua plazaratzearekin batera. Maider IANTZI GOIENETXE DONOSTIA Euskara eta turismoa nola uztartu eta euskara turismo eskaintzan nola eta zertarako nabarmendu aztertuko dute heldu den azaroaren 21ean Orioko Arraunetxean. UEMAk eta UEUk prestatu dute jardunaldia, Orioko Udalarekin batera, udalerri euskaldun eta turistikoetan sortutako kezkak aztertzeko eta lan ildo berriak zehazteko asmoz. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak atzo Donostian egindako aurkezpenean oroitu zuenez, 2017an ekin zioten turismo eskaintzan euskarak izan beharreko lekuari buruzko gogoetari, horretarako lantaldea sortuta. Pertzepzioak datuetara ekarri nahian, bisitariek euskararekiko duten ikuspegia aztertu zuten iaz, inkesten bidez, eta jasotako erantzuna argia izan zen, ia guztiek eskertzen dute euskara entzutea edo ikustea, eta aunitzek propio hautatzen du udalerri euskaldunetara etortzea. «Bi eratara egin daiteke lan: euskarari presentzia emanda, eta euskara nola erakargarri bihurtu eta euskal kultura nola plazaratu aztertuta. Eta bigarren horretaz hausnartu nahi dugu jardunaldietan», azaldu zuen Lazkanok. Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak agertu zuenez, euskarak eragin positiboa izan dezake turismoan, eta turismoak ere eragin positiboa izan dezake euskaran. Hori lortzea litzateke jardunaldiaren helburua. Eta turismo jasangarriaren kontzeptua plazaratzea ere bai. Orio herri euskaldun turistikoaren adibidea da, eta, Anuska Esnal alkateak erran zuenez, gogotsu eta ilusioz hartu dute ekimena. Toki paregabea aukeratu dute gainera, Arraunetxea. Egun osoko egitaraua Egitarauan sartuta, Jon Elzo Gura proiektuko kideak emanen du irekiera hitzaldia, ikuspegi berritzaile batekin. Jean Yves Agard Bordeleko Kedge enpresaritza eskolako ordezkaria izanen da, berriz, hizlari gonbidatua eta bertako esperientzia kontatuko du. Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko teknikari eta hizkuntza ekologian adituak turismoa eta hizkuntza garapena jorratuko ditu; eta Inhar Agirrezabal arkitektoa turista jasangarriaz arituko da. Hori guztia goizean izanen da. Elkarrekin bazkaldu –otorduak ere funtzio garrantzitsua du topaketa gisa–, eta arratsaldean mahai-inguruan bilduko dira lau ikuspegitako pertsonak: enpresarena, erakunde publikoena, udal teknikariarena eta kultur eragilearena. Idurre Lukas Bizibiziki enpresako kidea, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Esther Facchin Zarauzko turismo teknikaria eta Gotzon Barandiaran Ahotseneako eta UEUko kidea arituko dira solasean, Jon Elzok dinamizatuta. Izena emateko eta informazio gehiagorako, UEUren webgunean dago aukera, labur.eus/euskaraturismoa estekan. GOGOETA SAKONAHausnarketa sakona planteatzen dute euskara eta euskal kultura turismo eskaintzaren erdigunean jartzeko eta eskaintza horren arabera antolatzeko.