2019 AZA. 10 A los leones Pentzetik Xabier IZAGA Era askotara defenditzeko moduko kausa noble asko dago. Haien alde kalera ateratzeko, greba egiteko, planto egiteko arrazoi eta desarrazoi asko dago. Esate baterako, lan duina, bizi garen gizartean lana duina izan daitekeen neurrian behinik behin. Edo pentsioak, horiek ere ahalik eta duinenak izan daitezen. Eta, zer esanik ez, presoak, lehenbailehen preso izateari utz diezaioten, preso izateari utzi ahal zaion neurrian. Edonola ere, etxera itzul daitezen. Hauteskunde kanpainaren ondoren, hausnarketa eguna, ekaitzaren osteko barea balitz bezala. Txorakeria galanta, hausnarketa eguna. Txorakeria, kanpaina hasterako hausnarketak egina behar lukeelako. Hautagaiek kanpainan esan dutena barik, aurretik egin dutena ebaluatu beharra dagoelako. Kanpainan denek aldarrikatuko dute kalitateko enplegua. Baina kanpaina baino lehen batzuek haren alde lan egin duten bitartean, beste batzuek kaleratzeak erraztu eta lana kaskartzeko legeak egin dituzte. Eta horren gaineko gogoeta egiteko unea ez dirudi kanpainaren biharamuna denik. Denek diote eurekin pentsioak bermatuta daudela, baina euren agintaldietan pentsioak eta zerbitzu publikoak murriztu dituzte lukurreruen poltsikoak gizendu dituzten neurri berean. Kanpainako alamena entzun arte ez dugu horren gaineko gogoeta egiten? Eskubideen arloan urraketarik nabarmenenaren menpe dauden euskal preso politikoak borrokatzeko kausa nobleetako bat da. Kasu horretan are argiago dago nork utzi izan dituen zulo laiotz urrun batean hiltzen edo hiltzear daudela kaleratu. Eta botoa emateak lagunduko al die? Alegia, botoa ematea presoen aldeko ekintza izan al daiteke? Galdetu eurei. Europako hegoalde honetan ez da zaila presoren bat eta are gutxiago preso ohiren bat ezagutzea. Euskal preso politikoek, ahal izanez gero, arretaz jarraituko dituzte beren sorterriko taldeen futbol edo saskibaloi partidak, baita futbolzale edo saskibaloizale ez direnek ere. Zailago dute pilota partidak ikustea, eta egun batzuk lehenagoko egunkarien bidez baino ez dute Ezkurdiaren edo Altuna III.aren berri izango. Baina modu batera edo bestera, azazkalez heltzen diote beren herriko edozein zantzuri. Pentsa hauteskundeetan. Imajina dezagun nola bizitzen duten egun hori. Beren herriko mobilizazio handiei begira egoten direnean bezala, hauteskunde igandean arduraren eta ilusioaren arteko artegatasuna nabarituko dute. Interes berezia. Batzuek laguna ondoan dutela itxarongo dituzte emaitzak, beste batzuek leihotik leihora beren analisiak partekatzen, baikortasuna transmitituz, hurrengo egunetan bertan segituko dutela jakinda ere. Inguruko zeldan lagunik ez duenak bere artean egingo ditu iruzkinak, pentsamenduz edo ahots goran, urteetako bakardadeak horrela ohitu duelako. Igande arratsaldean telebista edo irratiaren adi egongo dira. Zortzietan, lehenengo aurrerapenak entzunda, «ondo, baina kontuz», edo «ostia, baina lasai», egiazko datuak ez diren jakitun. Eta datu errealen gaineko datuak entzunda, berdin, «oraindik oso ehuneko txikia da eta». Eta behin betiko emaitzak jakin arte ez dira oheratuko, eta ikaragarri poztu edo minduko ditu batzuen arrakastak edo porrotak eta, edozein amaren semek bezala, aurkariaren arrakasta edo porrota madarikatu edo txalotuko dute. Egun batzuk geroago, sorterriko egunkaria jaso eta beren herriko emaitzetara joko dute hartu bezain laster, eta gainontzeko herrietakoetara. Emaitzak aztertu eta berraztertuko dituzte, ondoko lagunarekin iruzkinak partekatuz, patioan, leihotik leihora, edo bakarrean. Dena emateko prest dauden horiek, dena dela ere, emaitza horietan sumatu duten babesa, igande batean eurak gogoan ordu erdia hartu duenaren ekintza, bihotzez eskertuko dute.