GARA Euskal Herriko egunkaria
HERRI KIROLAK

«Albitzuri Haundia», bihar Amezketan


Amezketako “Albitzuri Haundia” harri baldarrarekin egiten den txapelketa bihar 17.00etan hasiko da, 15 euroko sarrerarekin. Zortzi harri jasotzaile hauek hartuko dute parte: Jokin Eizmendi, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi, Aimar Irigoien, Xabier Peñagarikano, Beñat Telleria eta Josu Urbieta. Bakoitzak hamar minutu izango ditu lanerako. Harria bizkarrean beste inork baino gehiagotan berdintzen duen indartsuak jantziko du txapela, eta jokoan dagoen diru kopurua ere “gerrikoan” ezkutatuko du.

Sokatira Laukizen

Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketak bigarren jardunaldia izango du bihar Laukizen, 17.00etan. Emakumezkoen mailan 240 kilotan neurtuko diren laukoak hauek dira, lehen ekitaldian sailkatu ziren ordena erabiliz: Lesakako Beti Gazte, Ibarra, Gaztedi, Antsoain eta Bizindar. Gizonezkoen mailan, 320 kilotan, ordena honetan sailkatu ziren Artziniegan: Ibarra A, Beti Gazte, Txantrea, Berriozar, Ñapurrak, Ibarra B, Gaztedi eta Bizindar.

Urdanetan kintopekoak

Aiako Urdaneta auzoan, Euskal Herriko Kintopeko Harri Jasotzaileen Txapelketa jokatuko da igandean, 17.00etan. Parte hartzaileak dira Jon Gisasola Zelai V.a, Aritz Etxebarria eta Iraitz Arruti. Egin beharko duten lana honakoa da: 100 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko zilindro zaharrarekin hiru minutuko saioa.