2019 AZA. 20 JOPUNTUA Okupazioaren prezioa Mikel Aramendi Kazetaria Gehiegitxo omen da Trumpengandik etortzeko ere. Eta horregatik, ezkutuko zio zentzuzkoagoren baten bila dabiltza begiraleak. Inperioaren hiriburuko anabasa politiko-mediatikotik harago begiratzeko beta hartzen dutenak behintzat. Kontua da Pentagonoko idazkari Mark Esper-ek Asia Ekialdera beste bidaia bat hastearekin batera, nagusiak, Trumpek, bere horietako bat egin duela: iragarri du boskoiztu egin nahi diola Hego Koreari Estatu Batuek ematen omen dioten “babes militarraren” prezioa. Orain dela gutxi biziki goratu zenaren arabera 1.000 milioi dolar inguru zirenen ordez, 5.000 milioi eskatu ditu txiogile nekagaitzak. Bere aholkularien (?) asaldura ikaragarriak lortu omen du zenbatekoa 4.700 milioira murriztea. Hartara, Hego Koreak ordainduko omen lituzke bere lurraldean dituen 29.000 soldadu estatubatuarren kostu guztiak. Begien bistakoa da haien soldatak eta horniak baino askoz gehiago ordaintzen arituko liratekeela hegokorearrak dirutza horrekin... Estatu Batuek penintsula hartan duten tresneria militarra ere erosiko balute bezala, baina haren jabe inoiz ez izatekotan; eta presentzia hori hegokorearren interes hutsekoa balitz bezala, eta ez Estatu Batuena... Zoramena. Establishment estatubatuarrak espantuz hartu du ateraldia, iruditzen zaiolako aliatu militar funtsezkoenak (Hego Korea, ezinbestez, berehala; Japonia edo Alemania, laster, hurkoaren buruan eskarmentua hartuta) uxatzeko modurik bizkorrena dela hori. Horregatik, bestelako burutazioren baten juzgua egin nahi dute batzuek: datorren urteko hauteskundeetarako tropa haien etxeratzea iragarri eta gandorra tente duela agertzeko bidea egiten arituko omen litzateke Trump. Jakina, 70 urteren ondoren soldadu estatubatuarrak korear penintsulatik desagertzea albiste ona izango litzateke Kim Jong-unentzat... baina askoz hobea, oraindik, Txinarentzat. Eta horrek bai asaldatzen duela establishment estatubatuarra. Goitik behera. Egia ustela, ordea, askoz errazagoa, eta zabarragoa, izan daiteke. Gerragintza bezain zaharra baita okupazioaren kostua (eta korrituak) okupatuari ordainaraztea. Jakina, 70 urteren ondoren soldadu estatubatuarrak korear penintsulatik desagertzea albiste ona izango