2019 AZA. 25 KIROL ESKALADA Muturreko zailtasunak Katalunian du epizentroa Jakob Schubert austriarrak «Perfecto Mundo»-ren (9b+, Margalef) hirugarren igoera egin du, eta gai izan da «Victimes del futur» (9a) flash eran igotzeko; hala ere, uste du 8c+/9a dela. Anak Verhoeven belgikarrak, berriz, Olianan «Joe mama» bidea (9a+) sinatu du. Andoni ARABAOLAZA Urtero bezala, kirol eskaladan jarduten duten espezialista indartsuenek sasoi honetan Katalunian dute “geltoki” nagusia. Herrialde horretako hainbat eskalada eskolak muturreko zailtasuna duten makina bide jasotzen dituzte. Ez dira maila gorenera heltzen, baina, aldiz, koska bat beherago dauden marra ugari dituzte. Eta horietara hurbildu dira, besteak beste, Jakob Schubert eta Anak Verhoeven; hots, azken asteotan jarduera azpimarragarrienak egin dituzten bi eskalatzaileak. Schubert austriarrak, adibidez, Margalefen “Perfecto Mundu” bidearen (9b+) hirugarren igoera egin du. Eta eskola berean gai izan da “Victimes del futur” (9a) flash eran igotzeko. Hala ere, austriarrak dio 8c+/9a esatea egokiagoa dela. Verhoeven belgikarrak, berriz, Olianan, “Joe mama” (9a+) patrikara eraman du; hau da, maila horretako bere bigarren bidea. Lerroburu horiek gehiago sakontzeko, lehenik eta behin Schubertengana joko dugu. “Perfecto Mundor” bideari buruz aurreratu behar dugu Chris Sharma izan zela ekipatu zuena, baina puntu gorria iaz Alex Megosek jarri zion. Hilabete batzuk geroago, Stefano Ghisolfi izan zen lehen errepikapena egin zuena. Italiarrak sari preziatu hori bereganatzeko Margalefera hainbat bidaia egin behar izan zituen; austriarrak, berriz, soilik bi aste behar izan ditu “Perfecto Mundo”-ren katera erorikorik gabe heltzeko. Schuberten lana ikusi dutenek onartu dute, oso eraginkorra izateaz gain, “aise” egin dela bidearekin. Iritzi horren inguruan austriarrak berak honakoa dio: «Jakin banekien munduko marra gogorrenetarikoa dela, eta, beraz, gauzak primeran egin behar nituela. Margalef oso agresiboa da, eta azalarekin kontu handiz ibili behar duzu. Horrek esan nahi du eguneko saio gutxi egin eta ateseden egun asko hartu behar dituzula. Kateatu nuen egunean bigarren ekinaldian lortu nuen. Egun haizetsua zen, eta hotza egiten zuen; bi eite horiek asko lagundu zidaten». Austriarrari aitortu behar zaio muturreko zailtasunean zentzuzko progresioa egin duela. “Perfecto Mundo” egin aurretik, Schubertek 9b mailako lau bide zituen eginak. Beraz, bere ibilbidean beste plus bat gehitzeko oinarri sendoa zuen. 9b+ zailtasunera iritsi da orain, eta hori egiten bosgarren eskalatzailea bilakatu da. Aurretik honakoak zeuden koska horretan: Adam Ondra, Chris Sharma, Alex Megos eta Stefano Ghisolfi. “Perfecto Mundo” duela urtebete lehen aldiz ikusi zuen; hain zuzen ere, “El Bon Combat” (9a+/b) probatzera joan zenean. Ikusi eta bi saio egin zituen. «Munduan soilik lau bide daude 9b+ maila dutenak. Probatu bezain laster, ohartu nintzen marra bikaina zela. Baina helburu bezala atzeratu eta aurten itzuli naiz. Udazkena hautatu nuen abenduan hotz handia egiten duelako eta beti itzalean dagoelako. Gainera, datorren urteko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzeko Hachiojiko lehian zentratu behar nintzen. Helburu hori lortu nuenez, neure buruari opari bat eskaini nahi nion, eta, hain zuzen ere, ‘Perfecto Mundo’ da opariaren izena». Iazko saioetan argi ikusi zuen maila horretako bide bat egiteko aukera handiak zituela. Bi ekinaldi horiek oso baldintza egokietan egin zituen, eta, antza denez, ez zitzaion gogorregia iruditu. Aurten, berriz, planifikatutako bidaiak hiru aste zituen, eta, harritzekoa bada ere, etxera itzultzeko bezperan “opariarekin” egin zen: «Argi nuen bidaia horretan kateatuko nuela; bueno, hori uste nuen. Hala eta guztiz ere, iazkoekin alderatuta hasierako ekinaldietan ez nintzen oso ondo sentitu, besteak beste, lehen egun horietan bero egin zuelako. Margalefek estilo berezia du, eta egun batzuk behar dituzu egokitzeko. Egunero urratsak egiten nituen, ez nintzen blokeatzen. Bigarren asterako bidea oso gertu nuen. Marraren giltza oso eskura nuen, eta jakin banekien Megos eta Ghisolfik giltza hori gainditu zutenean oso azkar kateatu zutela». “Perfecto Mundo”-ren pausu gogorrena aise menderatu zuen. Hatz bateko helduleku batetik pintza oso txiki batera egiten den dinamiko bat da. Horretan ez zuen buruhausterik izan; bai, ordea, hura gainditu eta amaierako plakara eramaten duen sekzioan. Eraginkortasuna Tarte hori ondo landu behar izan zuen behin betiko saioari ekin aurretik. Kosta egin zitzaion giltza ez ziren beste metro horiek segurtasun guztiarekin eskalatzea: «Argi eta garbi neukan oso-oso gertu nuela, baina horietako ekinaldi batean giltza eta sekzio hori gainditu ondoren, plakan sartu aurretik berriro erorikoa izan nuen. Bidaia amaitzen ari zenez, neure buruari esan nion urduritasunak alde batera utzi behar nituela. Zaila da hori lortzea, denbora kontua zen... eta, azkenean, lortu nuen». Jakina, bidetik pozarren jaitsi zen. Baina oraindik, antza denez, indarrak soberan zituen. Behin presioa gainetik kenduta, beste marra batera joan zen: “Gancho Perfecto” (9a+). Bada, ia eragozpenik gabe sinatu zuen. Hori gutxi ez balitz, bidaiaren azken egunean “Victimes del futur” flash eran kateatu zuen. Berez, 9a zailtasuna du, baina austriarrak dio 8c+/9a dela. Estilo horretan maila hori lortu duen hirugarren eskalatzailea da; Ondra eta Megos ere “taldetxo” horretan daude. Lerrootako bigarren protagonista, Verhoeven, Olianan izan da. Eta, aurreratu dugun bezala, eskalada eskola horretan “Joe mama” (9a+) bidea egin zuen. Gogoratu behar dugu soilik bi eskalatzaile, Angela Eiter eta Margo Hayes, heldu direla maila horretara. Olianako marra horrekin belgikarrak bi 9a+ ditu; lehena, duela pare bat urte Vercorsen erdietsi zuen: “Sweet neuf”. Ordurako, “La Rambla”-rekin, Hayes 9a+ zailtasunean sartu zen; berez, belgikarrarena historiako bigarren 9a+ izan zen. Baina Olianan lortutakoari dagokionez, esan behar dugu berezitasun bat baduela. Sorbaldan iaz min hartu zuen Verhoevenek, eta hainbat hilabetez eskaladatik urrun egon da. Schubertek bezala, joan den abuztuan Munduko Txapelketarako sasoiko egon nahi zuen, Olinpiar Jokoetarako txartela eskura baitzuen. Abuzturako ondo osatu zen, eta, behin sailkapena lortu eta gero, “Joe mama”-n aurkeztu zen. Belgikarrak marraren lehen igoera femeninoa lortu du: «Oso marra ederra da. Gainera, duen estiloa atsegin dut: 30 metro ditu eta erresistentzia da nagusi. Ibilbide guztian soilik atseden hartzeko leku bat dago. ‘Joe mama’-k ez du lasaitzeko betarik ematen. Bidearen giltza intentsua da, helduleku oso txikiak ditu... Une oro gorputza tentsioan duzu. Zalantzarik gabe, muturreko proiektua zen, baina banekien gai nintzela bidea kateatzeko». Eta hori egiteko hamar saio behar izan zituen. Hain zuen, bidaiaren azken egunean lortu zuen: «Oso nekatuta nengoen, eta hatz batean ebakia egin nuen. Ez zen larria, baina nire lanean eragina izan zuen. Haatik, argi neukan borrokatzeko prest nengoela». JAKOB SCHUBERT Eskalatzaile austriarrak «Perfecto Mundo» bidearen (9b+) hirugarren igoera sinatu du. Maila horretara heldu den bosgarren eskalatzailea da. ANAK VERHOEVEN «Joe mama»-ri esker, eskalatzaile belgikarrak 9a+ zailtasuneko bere bigarren 9a+ erdietsi du. Margo Hayesek eta Angela Eiterrek ere zailtasun hori lortu dute. PROTAGONISTAK Azken asteotan, Katalunian, muturreko zailtasunean jarduten diren bi eskalatzaile nabarmendu dira: Jakob Schubert eta Anak Verhoeven.