2019 AZA. 29 JO Dena esanda dago Maria del Rio Asteon Indarkeria Sexistaren kontrako Eguna izan da eta mugimendu feministaren leloa oso argia da: Dena esanda dago. Eta hala izan arren, mezuaren bigarren zatia ere egia borobila da: dena egiteke dagoela, gizartearen arlo guztietan, eta bereziki justizia sisteman. Gizarte patriarkal batean bizi garen heinean, justiziaren irakurketak kutsu patriarkal nabaria du. Gabeziak argiak dira; baliabide falta deigarria, koordinazio arazo ikaragarriak edo zenbait arau aldatzeko premia bizia. Dena dela, bada horren oinarrian dagoen arazo ezkutua: genero estereotipoak. Epaileak erabakiak hartzeko orduan ez dira beti guztiz arrazionalak, askotan lerrabide edo oker kognitiboak izaten dituzte. Hau da, oker sistematikoak norabide berean egindakoak. Emakumeak tartean direnean, aurresuposatzen zaizkigun ezaugarrietan oinarritzen dira askotan epaiak. “Taldearen” ezaugarriak norbanakoaren ezaugarrien gainetik kokatzen dira. Horren adibideak zuzenbidearen arlo ezberdinetan dauden arren, zalantzaezinak dira sexu askatasunaren aurkako delituetan. Sexu erasoa jasan duen emakumea nolakoa den “mitoa” bilakatu da: erasotzailea ezezaguna da; erasoari modu fisikoan aurre egingo dio; hortaz, zauritua izango da; salaketa berehala jarriko du; aurretik sexu harreman ugari izan baditu ez da sinesgarria izango; erasoa aurreko probokazio baten ondorioa da askotan… Finean, epaileak legea interpretatzean mundua ikusteko modu zehatz bat agerian jartzen ari dira. Gure gizartean hezitako pertsonak dira eta, neurri bereziak hartzen ez badira, iraganeko inertziak errepikatzeko arriskua handia da. Horregatik, ganorazko formakuntza funtsezkoa da, osterantzean nahiz eta lege egokiak lortu interpretazioa beti baztertzailea izango da. Legeak ezartzeko eta ulertzeko orduan, genero ikuspegia kontuan hartzea ere ezinbestekoa da, bereizkeria indartzea eta birsortzea ekiditeko tresna gisa erabilgarria da eta. Argi dago epaien bitartez erantzun zehatzez harago gizarte osoari mezuak helarazten zaizkiola; horiek feministak izatea lortu behar da. Justizian, beraz, dena egiteke dago. Ganorazko formakuntza funtsezkoa da, osterantzean nahiz