2019 ABEN. 06 GUTUNAK Suspentsoa EITBri XANTI BEGIRISTAIN MADOTZ Auritz Hainbeste hamarkada igaro ondoren, guztiz etsigarria da euskaldunontzat ikustea EITBn Espainiako hizkuntza eta kultura askoz ere gehiago bultzatzen jarraitzen dela. ETB2 sortu zutenean, bere sortzaileek, Eusko Jaurlaritzakoek, argudiatu zuten horrela egin zutela, erdaldunak euskarara eta euskal kulturara erakartzeko, eta ia lau hamarkada iragan direnean, jarraitzen dugu ikusten lortu duten gauza ia-ia bakarra izan dela askoz ere jende euskaldun gehiago eramatea erdal telebistara, hau da, ETB2ra ETB1era baino. Bide batez esanda, nik ETB2ri ezin diot deitu «euskal telebista», gehien-gehiena espainieraz egiten duelako, euskaldunak Cervantesen hizkuntzan mintzatzera bultzatzen dituelako eta erreferentzia pilo ikaragarri bat Espainiatik hartzen duelako, Ipar Euskal Herriko biztanle gehienentzat guztiz arrotzak direnak. Inor harritu liteke horrekin? Nik ezetz uste dut! Inola ere ez! Behin eta berriz ikusten dugunean ETB2 eta ETB4n hamaika aldiz gehiago inbertitzen dutela ETB1 eta ETB3n baino, egiaztatzen dugunean ETB1en ia ez dutela ematen fikziorik, lehiaketarik, filmik (errepikatu gabe), ikusten dugunean informatiboak motzagoak direla, ETB1en programazioaren hiru laurdenak aspaldiko programa errepikatuak direla eta abar, buru pixka bat duen ororentzat ez da batere harrigarria, ez. Gero, EITBn, berriz ere, eginen dizkigute Euskaraldiaren eta Korrikaren aldeko beren antzerkitxoak, eta, antza denez, ekitaldi horiekin arduradun nagusiak aseta gelditzen omen dira. Nire ustez, EITBk bultzada txikiegia ematen dio bertako gure hizkuntzari, euskarari, eta handiegia espainierari; frantsesari, ez dakit. Pentsatzen dut, honetaz guztiaz askoz ere gehiago hausnartu behar luketela Eusko Jaurlaritzakoek, eta, ondorioz, aldaketa nabarmenak egin, onerako.