GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Munduko txapeldunak: Honolua Blomfield, Justin Quintal eta Carissa Moore

Carissa Moorek munduko laugarren WCT titulua irabazi du. Longboard kategorian, ostera, Honolua Blomfield eta Justin Quintal dira 2019ko munduko txapeldunak. Gaur hasiko da mutilen CT itzuliko azken lehiaketa.


Azken egunetan modalitate desberdinetako munduko txapeldunak izendatu dira. Munduko longboard itzuliko azken txapelketa ikusgarria izan zen. Bi metroko olatuetan lehiatu ziren longboard zaleak, eta, eskuratutako puntuei esker, Justin Quintal estatubatuarrak eta Honolua Blomfield hawaiiarrak munduko titulua irabazi zuten.

Oihartzun gehien izan zuen garaipena, ordea, Carissa Moorena izan zen. Surf kategorian, nesken itzuliko azken txapelketan ere itzelezko olatuak izan ziren Maui uhartean eta ikuskizun bikaina eskaini zuten lehiakideek. Stepahnie Gilmore australiarrak irabazi zuen Honoluan, baina Carissa Moore izan zen laugarren aldiz munduko txapela irabazi zuena.

Carissa Moore txapeldun

Nesken WCT zirkuitua osatzen zuten hamar txapelketak amaituta, Carissa Moore hawaiiarra da aurtengo munduko txapelduna. Bi txapelketa irabazi ditu aurtengo denboraldian, bata Jefreys Bayn (Hego Afrika) eta bestea Hossegorren.

Lakey Peterson, Caroline Marcs eta Stephanie Gilomore lehiakideek ere bina lehiaketa irabazi dituzte aurtengo itzulian, baina ez dute rankingean hawaiiarrak adina puntu biltzea lortu.

Aurtengoan, beraz, oso lehiatua izan da munduko WCT titulua, baina azkenean laugarrenez gailendu da Moore. Edonola ere, rankingeko lehen hamar postuetan diren lehiakideek datorren urtean ere lehen mailan lehiatzeko plaza lortu dute.

Itzuliko azken txapelketa, berriz, zazpi bider munduko txapeldun izandako Stephanie Gilmorek irabazi zuen. Sekulako ikuskizuna eskaini zuen australiarrak. Mota guztietako ariketak egiteko aukera eskaintzen duen Honolua badiako eskuin olatua bikain portatu zen beste behin ere, eta lehiakideek gozatu egin zuten.

Bi australiar izan ziren finalean, Tyler Wright eta Stephanie Gilmore. Wright indartsu hasi zen 6,00 puntuko olatu batekin, baina hortik aurrera ez zuen bigarren olatu on bat hartzerik lortu. Aitzitik, Gilmorek patxadaz itxaron zituen behar zituen olatuak eta etorri zirenean ez zuen huts egin. Guztira 14,16 puntu bildu zituen Gilmorek, eta, Wrightek, aldiz, 9,27 puntu.

Quintal eta Blomfield

Mundu mailako longboard zirkuitua, lehen aldiz, lau txapelketek osatu dute aurtengo denboraldian. Lehendabiziko hiru txapelketak 6.000 puntukoak izan ziren, eta, azkena, Taiwangoa, 10.000 puntukoa. Justin Quintal estatubatuarrak irabazi zituen lehen bi txapelketak, Australiako Noosa urautsi famatuan lehena eta, Galizian, Pantingo hondartzan, bigarrena.

Itzuliko hirugarren txapelketa New Yorken izan zen eta Kaniela Stewart hawaiiarrak irabazi zuen. Quintal bosgarren txandan kaleratu zuten, baina, hala ere, rankingean alde handiz lehen postuan jarraitu zuen. Itzuliko azken txapelketa, ostera, pasa den astean jokatu zen Taiwanen, eta, Rodrigo Sphaier brasildarrak irabazi bazuen ere, Justin Quintalek eskuratu zuen 2019ko longboardeko munduko titulua. Izan ere, finalerdietara iritsi ostean lortu zuen puntu kopuruarekin, ez zegoen jada rankingean estatubatuarra garai zezakeen beste lehiakiderik.

Nesken kategorian lehiatuagoa izan zen munduko longboard titulua. Lau txapelketetatik bi Chloe Calmon brasildarrak irabazi ditu, eta, beste biak, Honolua Blomfield hawaiiarrak. Ordea, azken horrek Taiwango lehiaketa irabazi zuen, eta, puntu gehien eskaintzen zituen txapelketa zenez, 2019ko munduko titulua Hawaiira eraman ahal izan zuen.

Pipeline Masters

Gaur hasten da CT zirkuituko azken txapelketa munduko urautsi arriskutsuenetako batean, alegia, Pipelinen. Gehienez abenduaren 20ra bitartean luza daitekeen txapelketak ikusmin handia sortzen du, sarri bertan izendatzen baita 2019ko munduko txapelduna.

Honi buruzko guztia: Surfa