2019 ABEN. 19 JOPUNTUA Aurpegia ezagutzeko teknikak Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Aurpegia ezagutzea identifikaziorako sistema gisa hedatzen ari da etengabe. Autobuseko bidaia ordaintzeko, kiroldegian sartzeko, edo aireportuko check-in prozesua azkartzeko. Smartphoneetan ere gero eta arruntagoa da blokeo pantaila desaktibatzeko gure aurpegia erabiltzea. Eta hori oso erraz asimilatzen dugulakoan nago. Gu eta gure smartphonearen arteko konplizitate ariketa balitz bezala. Baina aurpegi ezagutza hori harago doan ezin jakin. Aurpegia ezagutzearen teknikak sistema segurua dirudi. Segurtasuna sentiaraz dezake. Baina bien bitartean, smartphoneetan egiten den erabilerak, indartsu baina sotilki, aurpegia ezagutzeko tekniken jendarteratzean eta onarpenean sakontzea lortzen du. Testuinguru horretan, aurpegia ezagutzeko tekniken aplikazio eremuak ere zabaltzen ari dira. Gero eta ozenago entzuten da kontrol masiborako erabiltzeak sortzen duen kezka. Aurpegiak ezagutzea, teknika gisa, urte asko dira garatzen ari dela. Eta garapenean urrats asko egin diren arren, oraindik guztiz zehatza ez dela esaten dute zenbait adituk: herritarrek kolaboratzen badute funtzionatzen du, ez bestela. Baina funtzionatu edo ez, nire ustez, berdin-berdin da inbaditzailea. Teknika honen hedapenerako amuak ez dira berriak: erosotasuna eta segurtasuna. Erosoa eta azkarra da aurpegi bidezko check-in bat aireportuan. Sistemak badaki diozuna zarela. Baina inteligentzia artifiziala batuta, sistemak jakin lezake nor zaren. Non zauden eta non egon zinen. Eta sistemak badaki bihar ere topatu ahal zaituela. Erosotasuna eta segurtasuna tranpa hutsa dira, Interneteko zerbitzuen doakotasuna bezala. Deigarria da, erosotasuna eta segurtasuna helburu, gure oinarrizko eskubideei nola egiten diegun uko. Eta bitartean, aurpegia ezagutzeko teknikak (bideo)kontrol masiborako egun duen joera oso kezkagarria da. Eta intimitate eta adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko giza eskubideen aurka doa. Moratoria eskatu zuen duela bi hilabete mundu mailako The Public Voice koalizioak (https://labur.eus/hUPDv). Ez da gutxiagorako. Smartphoneetan ere gero eta arruntagoa da blokeo pantaila desaktibatzeko gure aurpegia erabiltzea. Eta hori oso erraz asimilatzen