2019 ABEN. 27 Erremontea Ideiak oso garbi dituzte denek biharko finalerako Matxin-Barrenetxeak jokoa atzean nahi dute, Urriza-Larrañagak, aldiz protagonismoa aurrelariek izatea. Jon ORMAZABAL Lehiaketa sistema berritzailearekin zenbait liskar, polemika eta buruhauste izan badira ere, Binakako txapelak betiko moduan banatuko dira, larunbat honetan Galarretan jokatuko den final handiarekin. Matxin III.a-Barrenetxea IV.a eta Urriza-Larrañaga dira azken pauso honetara heldu diren bikoteak eta atzoko material aukeraketan esan eta egindakoari erreparatuta behintzat, ideiak oso argi dituztela helduko dira biharko hitzordura batak zein besteak. Binakako lehia guztietan bikotea egitea esaten den hori oso garrantzitsua den arren, Javi Urriza eta Endika Barrenetxea tartean izanda, ia ezinezkoa da fokua euren gainetik kentzea eta Buruz Buruko finalean ere elkarren aurka aritu ziren erremontisten baitan egongo da, gauzak normal, biharko finaleko giltza. Atzoko material aukeraketan, bederen, argi geratu zen gorrien nahia aurrelari iruindarra saihestea izango dela eta urdinena, aldiz, egungo Buruz Buruko txapeldunak jokoan ahalik eta eragin gutxien izan dezala. Laurek ondo ezagutzen dute elkar eta finalaren atarian inork ez zuen ezer ezkutatzeko. Matxin III.a-Barrenetxea IV.a izan ziren aukeratzen lehenak eta azkar topatu zuten bilatutakoa; bote handia hartzen duten pilota biziak «Urrizari protagonismoa kendu eta jokoa atzean, Larrañagari, kargatzeko». Larrañagaren lehena Urriza eta Larrañagari apur bat gehiago kosta zitzaien eurenak apartatzea eta aurrelari iruindarra ez zuen erabat ase saskian aurkitutakoak baina euren hautua argia zen: azpitik ibili eta bote handirik hartzen ez duten pilota lehorragoak. «Barrenetxeak mina egitea saihestu eta Urriza protagonista izan dadin, nire postura ere behekoa izanda, halako materiala komeni zait», aitortu zuen bere lehen finala jokatuko duen Larrañaga azkoitiarrak. Matxin III.arentzat bigarren finala izango da biharkoa eta argi dago Barrenetxea IV.ak eta Urrizak eraman beharko dutela euren bikoteen zama, nahiz eta lauren jarduna izango den erabakigarria. Printzipioz, Urriza-Larrañaga irtengo dira faborito, beste gauza askoren artean, txapelketa osoa elkarrekin jokatu eta horrek indar berezi bat ematen baitie. Lehiaketa oso sendoa jokatu dute eta, gainera, finalerdietan elkarren aurka aritu ziren partida bakarrean, erraz samar irabazi zieten Matxin III.a-Barrenetxea IV.ari, (29-40). Gipuzkoarrek zalantza gehiago erakutsi dituzte euren partidetan, baina argi daukate finalean dena hasten dela berriro zerotik. Gainera, bi bikoteak bat datoz abenduaren 12an jokatu zuten partida hartan gorriek ez zutela euren egunik onena izan eta bihar edozein gauza gerta daitekeela. Baita orain ideiak oso argi izanda ere, partidaren nondik norakoak beste bide batzuk hartzera eraman ditzakeela ere. Aimarrek etxean jantzi nahi du txapela Badaki gauzak oso zail izango dituela txapelketa hasi zenetik faborito nagusia zen Imanol Lopezen aurka baina, Hormaetxea eta Olha kanporatu ostean, etxean, Berriatuko pilotalekuan, jantzi nahi du Aimar Aldazabalek buruz buruko bere lehen txapela. Iñaki Osa, Goikoetxeak, horren berea duen lehiaketari muzin egin izanak zertxobait ireki zituen pronostikoak, baina beste zumaiar bat, Imanol Lopez, da haren oinordekoa izateko hautagai nagusia gaur gauean jokatuko den finalean, nahiz eta harmailak Aimar Aldazabalen alde egongo diren nabarmen. «Gogo handiarekin nago final hau jokatzeko, ez daukat galtzeko ezer eta ea ondo jokatuta, ikuskizun on bat emateko gai garen», azaldu zuen berriatuarrak Radio Euskadin. Argi du atzelari zumaiarra dela Goikoren hurrengoa izateko puntu guztiak batu dituena, «baina beti omen dago lehen aldi bat» eta, gauzak ondo eginda, sinetsita dago bere aukera izan dezakeela.J.O. GIROA Lau pilotariek jendea eraman ohi izan dute pilotalekura eta sarrera eta giro polita espero da Galarretan. Larrañagak bere lehen finala jokatuko du eta kuadrilla handi bat espero da Azkoititik.