2019 ABEN. 28 Elkarrizketa ANJEL LERTXUNDI IDAZLEA «Den-dena purea balitz bezala ematearen kontra nago, horrela ez da hizkuntza bat garatzen» Saiakera da mahai gainean jarri duen azken lana, «Itzuliz usu begiak» (Alberdania). Hamaika hilabete etengabe, ia atsedenik gabe, horretara emana egon da Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Bere senarekin doa, sortzaile nekaezin, letren artean baino ez du ulertzen bizitza. Bizimodua du. Oihane LARRETXEA ZARAUTZ Bere azken egunak erretzen ari da urtea baina erotuta dabil abendua. Hego haize bizi batek bildu du goiza Zarautzen, urrezko argi distiratsu batek zipriztintzen ditu olatuak. Bata bestearen atzetik lehertzen dira gure belarriak goxatuz. Paisaia eder hau parez pare dugula elkartu gara Anjel Lertxundirekin. Aurkezpen gutxi behar du; esandakoak esanda ere, nahikoa ez. Bere azken liburuaren aitzakiaren bueltan bi ebaki eskatu ditugu. “Itzuliz usu begiak” (Alberdania) saiakera da, itzulpengintzari buruzkoa, baina asko du literaturatik. Irakurlea entretenitzeaz gain, hausnarketara bultzatuko du. Itzultzaileak, ikusezinak eta, aldi berean, ezinbestekoak. Eta gauza batek bestera daramanez, hizkuntzaz eta irakurzaletasunaz ere mintzatu gara. Zergatik itzulpengintzari buruzko saiakera bat? Literatura sistema guztietan garrantzi handia duelako eta arreta gutxi eskaintzen zaiolako, eta gurean are gutxiago. Gure sistema itzulpengintzarik gabe oso herren gelditzen da. Hori da egia. Eta herren geratzen da ez irakurleentzat bakarrik, idazleontzat ere, zeren bestela esango nuke esklabizatuta gaudela gure iturri guztiak beste hizkuntzetatik jasotzera. Gu mediatizatuta gaude beste hizkuntzetan jaso dugunagatik. Gu, nortzuk? Gu, euskaldun guztiok. Baina beste erantzukizun bat dugu idazleok: gu iruditegia sortzen ari gara, baina nondik, erdaratik edo euskaratik bertatik? Itzulpenak baditugu, eta nahiz itzulpenak izan, bihurtzen dira euskara. Eta itzulpenaren bidez, euskara horretatik nolabait, ikuspegi panoramikoa gero eta zabalagoa dugu. Bestela, etengabe ari gara itzulpen kraneal bat egiten beste hizkuntzetatik. Etengabe egiten dugu: ‘hau nola esaten da euskaraz?’. Eta alde horretatik begiratuta, oinarrizkoa iruditzen zait itzulpegintza on bat edukitzea baita sorkuntzarako ere. Biak elkarrekin dira, sorkuntza eta itzulpengintza. Idazle eta itzultzaileek baduzue konpromisoa eta erantzukizuna hizkuntzarekin… Bai, itzulpengintzak ez du behin ere fama ona izan beste batetik datorrelako beti… eta errore handi bat da, zeren itzultzaile on bat abiatzen da hain zuzen hizkuntza propioaren ezagutza onetik. Bestela ez da itzultzailea. Itzultzaile baten lana bikoitza da. Nik idazle bezala zerbait adierazi nahi dut, baina esan nahi dudan horrekin arazoak ditut hizkuntzaren aldetik. Beste modu bat bilatuko dut arazo linguistiko deskriptiboak saihesteko. Itzultzaileak, berriz, ezin dio horri iskin egin, egin behar du jatorrizkoan dagoena jaso. Alde horretatik, itzultzaileak aberasten du hizkuntza beharbada idazleak baino gehiago. Itzulpena gutxiestea da egin dezakegun arbuiorik tontoena sistema literarioarentzat. Liburua aurkeztu zenuenean aipatu zenuen ez zela saiakera teoriko bat. Umorea, ironia… elementu asko dago. Saiakera hau egitean literatura egin nahi nuen, liburu honekin artefaktu literario bat eraiki dut. Eta inportantea iruditzen zait saiakera modu horretan hartzea, inportantea iruditzen zait substantzia literarioa ematea bai esateko moduari eta bai esaten duzunari ere. Saiakera akademikoak –haien beharra ukatu gabe– idazten dituztenak saiatuko balira nolabait hizkuntzaren ikuspegitik alde estetikoa egokitzen, zaude seguru irakurleek estimatuko luketela. Didaktismoa aipatzen duzu liburuan. Hau da, irakurlearen ulermen gaitasuna zalantzan jartzea. Hori itzultzaileak ezin du egin, jatorrizkoan dagoen maila bera eman behar du euskaraz. ‘Hau ulertuko ote du?’. Itzulpengintza modernoan deitu dezagun, euskara batuarekin datorrena, gero eta zorrotzago egiten dira itzulpenak. Badago irakurketaren prozesuan, txikitatik hasten dena, eta deitzen dena ‘testuingurua’. Adibidez, ama behatzekin hasten zaionean umetxoari kantuan, honek ez ditu hitzak ulertzen, baina erritmoa, musikaltasuna gustatzen zaizkio, eta hasten da amaren hatzei begira. Irakurtzen hasten denean gauza bera. Agian ez du sekula santan ‘gaztelu’ hitza entzun eta hasieran ez du ulertuko, baina irakurtzen badu, beste elementuez lagunduta, kokatuko du eta denborarekin ikasiko du. Idazten ez badugu, ez du ikasiko. Zenbat borroka egiten du itzultzaileak bere buruarekin? Hitz bat alboratu, bestea erabili, sinonimo ugari eman… Nik arbuiatzen ditut haur literaturan erabiltzen diren argudioak testu errazaren alde, ez testu efikazen alde, diferentea baita. Testu efikazen alde nago ni, ez testu errazen alde. ‘Eta hau ez duenez ulertzen beste modu batean jarriko dut…’. Ez. Den-dena pure bat balitz bezala ematearen kontra nago, zeren horrela ez da hizkuntza bat garatzen, gainera, naturaren kontrakoa da. Inork ez du hizkuntza modu horretan ikasi, alegia inolako zailtasunik gabe. Mezuari baino, mezulariari kasu gehiago egiten zaiola diozu. Sinadurak gure irakurketa baldintzatzen al du? Konstatazio bat da. Zu posizionatuta bazaude kulturalki, politikoki, badituzu zure malditoak eta badituzu inondik ere kontsideratzen ez dituzunak. Berdin dio momentu jakin batean gauza inportante batez idatzi badu. Eta uste dut hori kulturalki eta intelektualki izan daitekeen jarrera atzerakoiena dela. Zeren zure pentsamenduarekin bat ez datorrenak ere ematen dizkizu bide asko zure pentsamendua hobetzen joateko eta zorrozten joateko. Zuk kontrastatzen ez baduzu, betikoan zaude, eta ez duzu zure barrua hobetzen intelektualki. Eta orduan, horregatik, mezulariari kasu gehiago egiten badiozu, gero eta gehiago zure baitan biltzen ari zara, eta ez zara zure begirada zabaltzen ari mundura. Uste duzu nork bere buruarekin exijentea izan behar duela? Bai, dudarik gabe. Gogoratu izan dut maiz esaldi bat behin esan zidatena: «Lertxundi, se más exigente contigo mismo y más condescendiente con los demás». Grabatuta gelditu zitzaidan. Gorabehera intelektualetan modu berean funtzionatzen saiatu naiz. Nahiz egile batekin ados ez egon, idazten duena ere irakurri behar zaio, besterik ez bada, errefutatzeko. Adibide bat jarriko dizut. Bada autore baten liburua, non bere memoria literarioa biltzen duen, gaztetako eta umetako irakurketei buruzkoa da. Irakurri dudan testu politenetakoa da, altxor txiki bat, eta ez nago idatzi zuenarekin ezertan ados. Nik aholkatu al dezaket delizia bat delako? Fernando Savaterrena da, “La infancia recuperada”. Bada batek ez du bestea ukatzen. Estimatzen ez duzun pertsona izateak ez du ukatzen oso liburu interesgarri bat izatea. Datu batzuen inguruan zeure iritzia nahiko nuke. Iaz Durangoko Azoka bisitatu zuten gehienek ez zutela urte osoan libururik erosi. Horrek esaten du zerbait. Hala ere, jendeak irakurtzen du guk uste dugun baino gehiago, baina ez du liburu formatuan irakurtzen, pantailan baizik, batetik bestera joanez. Ez gara konturatzen zer eragin duen irakurketa digitalak; denok praktikatzen dugu, gainera. Gehiago lotzen duzu liburu bakar bat ez eroste hori irakurtzeko ohitura aldaketekin irakurzaletasunarekin baino? Ez. Interneteko irakurketak ez du liburuko irakurketarekin zerikusirik. Da irakurketa helbururik gabea, azalekoa, entretenimendutik ere badu. Irakurketa teknikoa, irakurtzeko trebezia gehiago desarrollatzen da, baina irakurketa kulturala, nire espirituari zerbait ekarriko diona, intelektoa elikatuko duena eta emozioak eta mundua ikusteko modua elikatzen duena, liburua da. Formatuak iraungo du, baina poesiarekin gertatzen den bezala, erredukto gero eta txikiagoa izango da. Zu hainbeste sortutakoa zarenez gero, kezkatzen zaitu? Durangok ez du horren kulpa, baina Durangoko liturgiak eragin du baita ere liburu dendetarako joan-etorri gutxiago nolabait, eta liburu denden existentzia oso inportantea da sistemarentzat. Durango ez dadila izan horren kalterako, baizik onurarako, horren hilobiratzailea ez dadila izan. Durangok bere egitekoa eta bere burua defendatu behar du, noski, eta inportantea da, baina ez haren kaltetan, ez du izan behar liburu denden etsai. Ez dut esaten badenik, baina praktikan agian gerta daiteke Durangoko zera horrek justifikatzea nolabait bestea. Alegia, badagoela irakurle kopuru bat bere «kupoa» Durangon betetzen duena? Bai, hori da, eta kupoa ez gainera liburua erostearena askotan, baizik kupoa euskararekikoa. Eta asistentziarekin, ez liburuak erosiz. Euskararekiko kupoa aipatu duzula, bigarren datua dator harira. Iaz, azokara gerturatu zirenen %95 euskaldunak ziren, baina gehienek erdaraz irakurtzen dute. Hausnarketa falta izugarria dago eskola sarean –eskola guztiez ari naiz–, irakurketaren lanketaren eta irakurketaren zentzuaren gainean. Uste dut 14 urte arte asignatura bakarra dagoela eskolan, eta hori dela hizkuntza, eta hizkuntzaren perspektibatik planteatu behar dela. Hizkuntzaren bariable intelektual inportanteenak bere mekanismoen aldetik begiratuta. Baina horrek esan nahi du hizkuntzaren mekanismo horiek ezagutu behar direla, eta ez dago estrategia bat hizkuntza irakasteko. Zeren estrategia bat ez da gramatikako liburu bat izatea eta ariketak egitea. Euskara ezin dugu irakatsi Salamancan gaztelania irakasten den bezala. Hau da… Alegia, gramatika oinarri izanda. Salamancako haurrak ez dauka bere hizkuntzaren biziraupenaren arazorik, alderantziz. Baina guk aurrekari bat dugu inportantea eta ahaztu egiten zaiguna: gure haurrek ikastolara joaten direnean ez dute ziurtatua garaian garaiko euskararen ezagutza eta etorkizunera begira ezta ere. Eta etorkizunerako ez badu ziurtatua horrek esan nahi du ezin dugula gramatikaren irizpideekin desarrollatu, horrek esan nahi du pregramatikal bat dela, hau da, oratoria: hitz egiten jakitea, buruz ikastea, idazketa praktikatzea, elkarrizketa egitea, oralitatea… mekanismo horiek finkatzea. Hizkuntzaren gaitasunak dira. Eta hori zuzenean lotzen duzu irakurtzeak duen garrantziarekin? Jakina, zeren hizkuntza hobeto menderatzen duzun neurrian orduan eta hurbilago sentituko duzu gero irakurketa. Baina zailtasun handiak badituzu hitz egiteko eta berehala hasten bazara inguruagatik gaztelania entzuten eta imitatzen… Hizkuntzak lau elementu bakarrik ditu: esan eta entzun, idatzi eta irakurri. Hori da hizkuntza. Besterik ez da. Eta horrek esan nahi du 14 urte izan bitarte horiek direla konpetentziak. Jakina, etengabeko lana eta pentsamendua exijitzen du, eta motibazioa. Motibazioa irakasleak sentitzen ez badu hizkuntzan… badakizu, inork ez du ez daukana ematen. Gozatzen duzu hizkuntzarekin jolasten, hitzak sortzen, hizkuntza bihurritzen… Hizkuntzak asko eman dezake, ezta? Bai, jakina! Hizkuntza ez da ezer eta dena eman dezake, baina esaten dudanean «dena eman dezake», da dena eman dezakeela. Badaude hizkuntzak oso desarrollatuak, sortzeko askoz aukera gutxiago dituztenak den-dena egina dutelako. Sortuko dituzte istorioak, baina hizkuntza bera ez. Euskaraz dugu sekulako txolloa, zeren asko-asko dugu esateko eta sortzeko, aukera ikaragarriak ditugu, eta ez gara horretan jartzen. Itzulpengintzak ez du behin ere fama ona izan beste batetik datorrelako beti… eta errore handi bat da, zeren itzultzaile on bat abiatzen da, hain zuzen, hizkuntza propioaren ezagutza onetik. Zure pentsamenduarekin bat ez datorrenak ematen dizkizu bide asko zure pentsamendua hobetzen joateko. Kontrastatzen ez baduzu, betikoan zaude. Irakurketa kulturala, nire izpirituari zerbait ekarriko diona, intelektoa elikatuko duena eta emozioak eta mundua ikusteko modua elikatzen duena, liburua da.