GARA Euskal Herriko egunkaria
poesía

Hausturaren bila


Etengabeko ekinaren eta isileko sakrifizioaren saria da Gorka Salces Alcalde egile bizkaitarrak (Portugalete, 1986) argitara atera berri duen “Iraganaren izterrak” (Balea Zuria, 2019) obra. Donostia Kulturak antolaturiko poesia sariketetan bere kristalezko sabaia apurtzeaz ari naizela pentsatuko du baten batek, baina ez; izan ere, Lekore, ITU nahiz Atopia bezalako proiektuetan jo eta su ibilitako idazlea dugu hau eta iritsi zaio, behingoz, bere ahalegin oro eskertua zein estimatua izateko tenore handia.

Antzinako mintzairei nahiz elementu unibertsalei keinu egin asmoz-edo, Salcesen obra hiru zati nagusitan egituratua dago: “EGO”, lehenik eta behin; “DEMOS”, ondoren; “COSMOS”, azkenik. Esparru batetik besterako jauzia, gehienbat, jorratzen dituen langaietan eta ahots enuntziatzailearen prisman datza. “EGO” atalak, zelan ez, norbanakoari egiten dio keinu eta, ondorioz, pasarterik pertsonalenak, intimoenak eta norberari hertsiki dagozkionak bertan kokatzen ditu. Testuek eurek ere, gorputzik sendoena lehendabiziko zati honetan dutelakoan nago. Ondoren, “DEMOS”-era jauzia egiten duenean, nolabaiteko kolektibotasunaren bila hasten dela begitantzen zait; sail honetako poema labur baina irekiei kutsu soziala darie. “COSMOS” deritzon azkenengo eremuaren kasuan, ordea, atmosfera abstraktuagoak eta lausoagoak barrundatu ditut, hausnarketaz josiriko ildoei jarraiki.

Egile bizkaitarrak darabilen idazkera estilo literarioa, zelan edo halan, moldatu egiten da atal desberdinetako olerkiak egiterako orduan. Hori bai, lanean zehar zelanbaiteko flashback edo atzera begiratzeko joera batzuk igarri ditut, lana hasten den bezala bukatzear balitz legez. Aipatzeko modukoa da, halaber, idazleak testu hasieretako eta bukaeretako berbekin antolatzen dituen joko edo trikimailutxoak. Poemen luzerei helduz gero, begi bistakoa da testu bakoitza atal jakin batean egoteko sortua eta bideratua izan dela. Kutsu sozialdun bigarren atalean, esate baterako, haikuen itxurako testu labur samarrak dakuskigu, zuzentasuna eta gardentasuna adieraziz. Idazkera moldeekin jarraituz, hainbeste estilo, korronte eta tematikadun liburua izanik, egilea ahots enuntziatzaile desberdinen arteko apustua egiten dabilela dirudi; ondorioz, bere ahots enuntziatzaile propioa bilatu guran dagoela iruditu zait. Bilaketa horretan, baina, zinez ugariak eta desberdinak dira baliatzen dituen erreferentziak, luzerak eta estiloak; hori dela-eta, ez da inondik inora zaila irakurlea despistatu eragitea eta lanetik urrunaraztea. Adibidez, badira nobela bati dagokion narratibatik benetan hurbil dauden olerkiak, baina, era berean, izugarri laburrak diren poemak ere kausi ditzakegu. Zerbait hobetu beharko banu, beharbada, luzeren eta ahots enuntziatzaileen arteko (des)oreka hori izango litzateke; izan ere, aniztasunak balio erantsia ematen dio obrari, baina gehiegizko aniztasunak hartzaileak obraren irakurketan amore ematea ere ekar lezake.

Eman lezake olerki liburu bat idatzi ordez, abangoardia literario bat sortzea izan duela xede Salcesek; orobat, sentsazioa ematen du figuratibotik inkoherentziara doan hari bat proposatzea bilatu duela. Nire aburuz, berrikuntzarako eta moldeen apurketarako joera duen izaera iraultzaile hori guztiz beharrezkoa da gurea bezalako irla ttipi batean, baina hauste horren dosiak zehatz eta zuhur neurtu behar diren ustea ere badut. Horiek horrela, etorkizun apurtzailea bezain distiratsua iragartzen zaio egile honi.