2019 ABEN. 29 Erremontea Urriza une egokian azaldu da Larrañaga txapelera eramateko Nafarrak hasiera hotza eman dio Binakako finalari, baina bigarren zatian beremailaren berri eman du eta 20-12koari buelta eman diote urdinek. A.A. MATXIN-BARRENETXEA 37 URRIZA-LARRAÑAGA 40 Javi Urrizak eta Iban Larrañagak irabazi dute erremonteko Binakako Txapelketa, finalean Matxin III.a eta Barrenetxea IV.a 37-40 menderatuta. Gorriek abantaila handiak izan zituzten finalaren lehen erdian, Urriza hotz hasi zelako eta Endika Barrenetxeak ederki asmatu zuelako nafarrari pilota kentzen, baina neurketaren bigarren zatian egoera nabarmen aldatu zen eta Urriza bera izan zen Galarretako dema erabaki zuena. Gorriek hasieratik erakutsi zuten ez zirela finalera kasualitatez iritsi. Matxin III.ak aurrean finalerdian baino askoz hobeto jokatu zituen lehen tantoak, eta atzean Barrenetxea jaun eta jabe izan zen. Sakez egindako bi tantori esker 5-0 aurreratu ziren markagailuan. Zertxobait parekatu zen ondoren jokoa, 9-9, 10-10 eta 11-11ko berdinketak iritsi ziren, baina gorriak izan ziren berriz ere markagailuan tartea irekitzea lortu zutenak. Zortzi tanto segidan eginda, 10-11tik 18-11ra joan ziren zuzenean, tartean bi tanto ikusgarri eginda: 16-11koa Barrenetxeak horma-biko eder batekin eta 18-11koa Matxin III.ak oso erremate zail batekin. 21-13ko Matxinen horma-bikoa ere ikusgarria izan zen. Urriza, hil edo bizi Egoera ikusita, ordura arte oso deseroso ibili zen Urriza hil edo bizi jokatzen hasi zen aurrean, eta nafarraren maila duen aurrelari batekin oso arriskutsua izaten da hori aurkariarentzat. Pilotari sekulako abiadura sartuz, tantoak pilatzen hasi zen Urriza, eta gorrien abantaila murrizten. 29-27koa horma-biko batekin, 30-28koa atzean, 30-29koa ongi moztuta... Emaitza berdindu bakarrik ez, sei tanto segidan eginez, 30-28tik 30-33ra alde egin zuten urdinek, txapelera asko hurbilduz. Gorriek ere, barruan zuten dena emanda, azken saiakera egin zuten 36-37 ipini arte, baina Larrañagak Matxini jotako pilotakada batekin iritsi zen 37-39ko sustoa pasata, urdinek ez zuten barkatu azken tantoan.