2020 URT. 11 HELDUEN LITERATURA Ibrahima Balderen historia Estibalitz EZKERRA Elkarlanaren emaitza dugu “Miñan” liburua. Bere orrietan azaltzen den historia Ibrahima Balderena da, eta Amets Arzallusek jarri du hura idatziz Baldek berak kontatu zion bezala Irungo errefuxiatuentzako aterpetxean zegoenean. (Liburuaren hasieran azaltzen du Baldek ez zuela idazten behar bezala ikasi, gazte hasi baitzen lanean alargundutako amari laguntzearren). Elkarlan horren aitortza azalean bertan agertzen zaigu, egile bakarraren ordez bi azaltzen baitira, protagonista-kontalaria eta entzule-transkribatzailea, biak maila berean. Testuan zehar ere gogorarazten zaigu bi direla “Miñan”-en sorkuntzan ari diren eragileak: Balde «zu» bati zuzentzen zaio etengabe; batzuetan xehetasunak eman nahian haria galdu duela-eta entzuten ari den horri pazientzia eskatzeko, bestetan errepikapenetan erori eta datu bera birritan eman izanaren arrazoia azaltzeko. Irakurleari erraza egingo zaio «zu» horren tokian jartzea liburuak berak horretara bultzatzen baikaitu, Arzallus mutu (baina ez ikusezin, testuaren itzulpena eta moldaketa berak egin baititu azken batean) mantenduta. Zentzu horretan, Baldek bere entzuleari esaten dionean ez dela inoiz bere historia erabat ulertzera helduko horretarako bere esperientzia berberak izan beharko lituzkeelako, guregana (Europa mendebaldeko biztanle zuriengana, alegia) ere zuzentzen ari da. Eta arrazoia du; gu ez gara Balde, berea ez da gure historia, horregatik ari zaigu bere historia kontatzen. Guri entzutea dagokigu. Balderena ez da Afrikatik Europara etorritako etorkin / errefuxiatu ororen historia, ezta izan nahi ere. Bere izenean mintzo zaigu eta ez beste inorenean. Zenbait gertaera traumatiko tarteko Europara heldutako pertsona da bera, Ibrahima Balde. Bere izena behin eta berriro aipatzen du, alde batetik bere historiaren gaineko jabetza azpimarratzeko, eta bestetik bere nortasunari eusteko. Gertaera jakin batzuek eragindako egoera da etorkin zein errefuxiatu izatea, ez nortasun bat. Nazio Batuek emandako definizioaren arabera, jaioterritik «bere borondatez», inolako presiorik gabe, alde egindako pertsona litzateke etorkina; errefuxiatua, berriz, bizia galtzearen beldurrez bere lurraldea uztera beharturik dagoena. Bata zein bestea behin-behineko egoeratzat jotzen dituzte Nazio Batuek: etorkina jaioterrira itzuliko da edo herrialde hartzailean hiritartasuna lortuko du; errefuxiatua jaioterrira itzularaziko dute hango bizi-baldintzak hobetzen badira edo herrialde hartzailean hiritartasuna lortuko du. Hala ere, pertsona baten izaeraren parte balira bezala erabiltzen dira etorkin eta errefuxiatu kontzeptuak. Are gehiago, kontzeptu horietara mugatu egiten da bere nortasuna eta prozesu horretan desagertu egiten da pertsona bezala. Prozesu horren kontra egiten du Baldek ni-tik hitz eginda. Ni-tik abiatzen den testigantza den aldetik, badu “Miñan”-ek beste berezitasun bat: konplikatu egiten du komunikabideetan azaldu ohi den etorkin / errefuxiatuaren irudia. Baldek ez zuen Europara etorri nahi. Aitzitik, Ginean jarraitu nahi zuen, ama eta arrebengandik gertu. Kamioi gidari eta mekanikari bihurtzearekin egiten zuen amets, baina bere miñan edo anaia gaztearen desagerpenaren ondoren hainbat erabaki hartu behar izan zituen Europarako bidean jarri zutena. Gorriak eta bi ikusi ostean gure artean da orain, aukera baten bila, eta bere historia kontatzen digu bera nor den jakin dezagun.