2020 URT. 25 HAUR LITERATURA «Ci vuole un fiore» Lore AGIRREZABAL Ez naiz nobedadeen atzetik ibili zalea, baina gaurkoan labetik atera berri-berria den album ilustratu zoragarri honi lekua egin nahi izan diot mahaian lau plater jarriz; izan ere, liburu honen harira lotzen direnekin gustura eseriko nintzateke: Gianni Rodari (1920-1980) idazle italiar handia eta testuaren egilea, Sergio Endrigo kantautorea (hitz haiei 70eko hamarkadan musika jarri ziena “Ci vuole un fiore” kantuan) eta Silvia Bonanni, liburuko egurrezko mahai eder hori atondu duen ilustratzailea. Egiari zor, kontakizuna berri-berria denik ezin esan, testua XX. mendekoa baita eta mendeurren baten aitzakian berrargitaratua, Gianni Rodari idazlearen jaiotzaren mendeurrenean, hain zuzen. Pamielak eta Kalandrakak aukera bikaina egin dute Emme Edizioni argitaletxeak sortutako eta Fernando Reyk euskaratutako liburu honekin. Rodariren “Filastroche in cielo e in terra” (Errimak zeruan eta lurrean) liburuko “Che cosa ci vuole” (Zer behar da?) kontakizun xehe bezain esanguratsua Silvia Bonanni ilustratzailearen eskuetan jarri dute, eta voilà: album ilustratu jostari, poetiko, zientifiko, filosofiko eta adimentsu hau da emaitza. Mahai bat egiteko zer behar den galdetuz abiatzen da testua eta horren erantzunari ere galdera bera eginez, kateatuko dira beste guztiak, hurrenkera logiko bati lotuz eta objektu bakoitzaren jatorriari jarraituz, muineraino iritsi arte: «Zer behar da… mahai bat egiteko? Egurra behar da. Egurra egiteko, arbola behar da. Arbola egiteko…». Hari horri segituz, urratsez urrats, objektuaren sorburura iritsiko gara eta hor amaitzen da liburua. Egia esan, ez da guztiz bukatzen, Sergio Endrigoren kantuak (“Ci vuole un fiore”) testuari jarraipena ematen zion bezala, geuk ere segi baitezakegu galdezka: zer behar da lore bat egiteko? Noraino irits gaitezkeen? Batek daki! Azkenean, Endrigok berak kantatzen zuen moduan, «Per fare tutto ci vuole un fiore» (denerako behar da lore bat). Dena dela, bizitzan bezala, hemen ere garrantzitsuena ez da helmuga, ibilbidea baizik. Bidean asko ikasten da eta liburu honek horretarako aukera ematen du. Gainera, Silvia Bonannik album hau ilustratzeko hautatutako teknika oso egoki datorkio testuari, biek ala biek collage bat osatzen baitute. Izan ere, “Zer behar da...?” galderak hainbat objektu behatzera bultzatzen du irakurlea, galderaz galdera, erantzun guztiekin collage bat osatzera iritsiz. Bonanniren lan honetan bere diziplina nagusiak nabarmen azaleratzen dira: collagea eta argazkilaritza. Bi orrialde oso hartzen dituzten irudiak sortu ditu objektuei ateratako argazkiekin osatuz. Lehen orrialdeetan agertzen den mahaiari eta bere inguruari, esaterako, ez zaio ezer ere falta, eta guztia argazki puskekin osatu du: platerak, lapikoa, botilak, aulkiak, erlojua, mantela… baita txakurra eta katua ere. Eta ez du besterik gabe hautatu mahai mota hori. Baserriko sukalde horrek tempus pausatua markatzen du hasiera-hasieratik, eta liburuan aurrera egin ahala, poliki-poliki, orrialdez orrialde, joango gara deskubritzen zer behar den mahai bat egiteko. Orrialde bakoitza, gainera, irudiz beteta eta esaldi bakarrarekin osatuta dago. Horrela, irakurleak astia izango du guztia ongi behatzeko, galderak egiteko, ikusten duenaz edo bururatzen zaionaz hitz egiteko, hausnartzeko, ondorioak ateratzeko, filosofatzeko. Bere xumean, benetan handia da liburu honek eskaintzen duena, bere egitura silogismoan edo arrazoibide deduktiboan oinarritzen baita, logika aristotelikoaren muinean, hain zuzen. Horrela esanda, badirudi hitz potoloez eta asmo handi-mandiez ari garela, baina horiek ere etxeko txikienen neurrikoak izan daitezke, haien jakin-mina piztu eta erantzunak bilatzen hasteko prest bagaude.