GARA Euskal Herriko egunkaria

Hizkuntzaren ahalmen terapeutikoa

Aurrekoz atzera zein atzekoz aurrera berdin irakurtzen diren hitzak dira palindromoak. Euskarak badu berezko gaitasuna horiek sortzeko eta, bereziki, animalien izenetan unibertso aberatsa du. Hortik tiraka idatzi dute Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak «Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia». 101 animalia bildu dituzte eta hitzak bihurritu. Jolasaren bidez esanahiaren nagusitasunaz askatzeko aukera da. Hodeietan bezala, forma berriak imajinatzekoa.


Arra, eme, ama eta amama. Aurrekoz atzera zein atzekoz aurrera modu berean irakurtzen dira. Palindromoak dira. Zenbakietan gertatzen denean “kapikua” esaten zaio. Cap i cua, «burua eta buztana», katalanez. «Urre» «erru» izan daiteke, eta «neroni» «inoren». Magia da hizkuntza, pixkatxo bat erreparatu behar zaio, hori baino ez. Azaleko uretatik itsaso sakonetan murgildu. Eta bilatu. Zeren bilaketak, beti, aurkikuntzak dira.

Hiru urteko bilaketa lanen ostean sortu da “Abere ba” (Pamiela), palindromo ilustratuen euskarazko “piztegia”. Zeren hitzekin ez ezik, animaliekin jolas egin dute Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak, “Bigara” bikote sortzaileak.

Animaliak baliatuz, 101 palindromo sortu dituzte: «arratoi otarra», «erbi libre», «kauta katuak», «izarron orrazi», «ale karrakela», «ira hau ahari», «kilker ere klik»… Eta alfabetoko letrek animalien itxura hartu dute. Eta bitxia bada ere hizkiak ia ia ezer ukitu gabe sortu dira horietatik animalia bizidunak. Neurri batean, letra bakoitzean ezkutatuta bizi baitira azeriak, kilkerrak, kaimanak, igelak…

Unibertso hori sortu ondoren egin zuten palindromoen definizio fantastiko bat. Hiztegia hitzen biltegia bada, piztegia… piztiena, jakina. “Abere ba” liburuak entziklopedia zientifiko ilustratu baten antza du, bestiarium zaharren kutsua; hizkuntza eta izaera propioa eta garaikidea dute, baina.

«Oilo olio». Zergatik agertzen dira bi hitz horiek elkarren ondoren? «Oiloa arrautzak jartzen dituen animalia da, eta oilo zopa horitzeko eta arrautzak frijitzeko balio duen gaia da olioa. Ideiak pizten hasi ziren», azaldu zuen Itziar Aranburuk. Fantasia behar da, bai, kortsea kendu eta arnasa hartu, hizkuntza zirikatu eta liluratzen utzi, harritu. Jaso dituzten definizio horietan asko jaso dute ahozko tradiziotik, euskaratik nahiz beste kultura batzuetatik etorritako elezaharrak, hitz korapiloak, atsotitzak… Horrela ikasiko dugu oilarra «ego harrotuen alter hegoa» dela edo «adarreko akerra barreka okerra» dela.

Palindromoen arau bakarra oso zurruna da eta formari erreparatzen dio abiapuntuan esanahiari jaramonik egin gabe. Baina koherentzia bigarren mailan utz daitekeela uste bada ere, esanahia eta koherentzia berria sortuko da.

«Ez da ariketa mekaniko bat edo prosa malgutzeko bakarrik balio duen ariketa tekniko bat. Hori baino gehiago da. Munduak asmatu eta sortzeko balio dezake, baina dibertimendu hutsa balitz ere, ez litzateke alferrikakoa izango», adierazi zuen Joxerra Gartzia idazle eta kazetariak. Bere ustez, «semantikaren kartzela batean bizi gara euskararen munduan behintzat. Esanahiari bakarrik erreparatzen zaio oro har, eta, salbuespenak salbuespen, hitzaren beste aldeak, soin eta soinekoak, erabat baztertuak ditugu eta horren ondorioak oso nabarmen daude gure prosa akademiko eta ofizialean. Eta orain, badakigu palindromoa ez dela dibertimendu hutsa, sortu dutelako mundu bat Aliziarena bezain miresgarria».

Mozkortu arte

Aipatu zuten euskarak berezkoa duen gaitasuna eta potentzialtasuna palindromoak sortzeko eta, hala ere, ez dela gehiegi garatu bide hori, Katalunian ez bezala, adierazi zutenez. Jolasa eta esperimentazioa bada lan hau, helburu ludikoa du dudarik gabe, baina horren atzean, eta hau da inportantea, hizkuntzaren beraren eta esanahien gailentasunaren hausnarketa daudela azpimarratu zuten.

«Nik enara neraman amaren aranekin», idatzi zuen Teresa Igeregik 1992an. Edo «ai ama, ari dira Amaia!», bota zuen Iñigo Aranbarrik 2002an. Are aldrebesagoa Miguel Angel Barrero olatzagutiarrak egindakoa. «Auzi aurrean, amaren zain, iaz neramana: errua, izua». Itzulezinak dira esapideok, «abere ba» bezala. Eta hortxe ere badago magia. «Liburu hau traste terapeutiko bat da –dio Gartziak–. Mundu akademikoan eta euskararen munduan nabarmen eskas dugun gauza bat da gehien gustatzen zaidana proiektu honetan, eta hori da entusiasmoa. Itsutu eta murgildu dira euskaran, ekosistemak nahastu, mozkortu arte».