GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruñeko Udaletxe plaza jendez lepo, haur eskoletan euskara bermatzearen alde

Enrique Maya Navarra Suma-ko alkateak haur eskola euskaldunak murrizteko asmoa agertu ostean, Iruñeko Udaletxe plaza bete zuten atzo «euskarafobia» salatu eta euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko.


«Guk euskaraz, zuk zergatik ez», frankismo osteko kanta aski ezagunak oraindik ere baduela zeresana agerian gelditu zen atzo eguerdian Iruñeko Udaletxe plazan. Ehunka lagun elkartu ziren, ia plaza goraino betez, haur eskoletan euskararen erabilera gutxitzeko Enrique Maya alkateak azaldu duen asmoari aurre egiteko.

Hain zuzen, hurrengo hiru urteetan zenbait eskolatan gaztelaniarekin ordezkatuz eta beste hainbatetan ingelesa erabiliz, euskarak egun duen presentzia galduko duela iragarri du Navarra Suma-ko alkateak. Bere asmoa bururaino eramatea lortuko balu, egun euskaraz ikasi nahi duten %40aren aurrean %15era baino ez zen helduko Iruñeko Udalaren eskaintza.

Jarrera guztiz deitoragarria dela adierazi zuen Haur Eskola Euskaldunen aldeko Plataformak. «Euskarafobia» ozen salatu zuten. «Maya entzun Iruñea euskaldun!» izan zen oihu zabalduenetako bat. Iruñea Kantuz ekimenak lagundu zuen ekitaldia. Haurrekin eta gurasoekin batera aitona-amona ugari ere bildu ziren protestara. Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak ere parte hartu zuen, baita Kontseiluko Paul Bilbaok ere.

Familia sudurgorriak

Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari zentsura ezarri ondoren, familia ugarik sudur gorrien bidez erantzun umoretsu baina era berean tinkoa eman zion Lizarrako Gonzalo Fuentes alkateari.

Haserrea eragin du Navarra Sumako alkateak umeentzako ikuskizunari baimena ukatu izanak, Iruñeko Enrique Mayak egin bezala. Baina modu umoretsuan egin zioten aurre: ostiral arratsaldean, sudur gorriak zeramatzatela bildu ziren ama, aita zein haurrak Koroatze plazan, zentsura era irrigarrian salatuz.

Garean Euskaldun elkartearen ekimenari bultzada eman zioten, bide batez. Udaletxetik gertu den plazan bildu eta askaritxoa egin zuten Irrien Lagunak familiek antolatu zuten jarduna, «gure txikiei, Lizarra irriz eta kolorez betetzea ukatu baitiete».

Emanaldia Lizarrako udal kiroldegian egiteko baimena ukatu egin du Gonzalo Fuentes alkateak. Kontuan hartu behar da 700 ikusle inguru bildu ohi dituela ekimen honek. Halere, emanaldia ez da bertan behera geratuko. Pirritx, Porrotx eta Marimototsi tokia egingo die Oteitzak, asteazkenean, Iturtxipia kiroldegian, 17.30ean.