2020 OTS. 03 ZIRIKAZAN Hizkeraren koloreak Josebe EGIA Nahiz eta gero eta ohikoagoa izan –nor, norentzat eta zertarako ari den hitz egiten edo idazten, noski–, oraindik ere atentzioa ematen didate hizkuntzaren bidez (ere) inor ez baztertzeko, ahazteko edota mintzeko ahalegina egiten duten pertsonek, edo erakundeek, eta onartu beharra dut automatikoki sinpatiaren antzeko zerbait eragiten didatela. Jakin badakit, ni neu egunero saiatzen naizelako, ez dela batere erraza txikitatik besteekin komunikatzeko ikusi-ikasi-baliatu izan dugun moldea moldatzea, hain zuzen, edota baztertzea, zuzenean. Hala ere, mundua eta sistemak aldatuko baditugu, moldatu beharra dago hizkera, bai eta baztertu bertatik ere zenbait zentzugabekeria, aldrebeskeria, bidegabekeria edo ankerkeria, eta berritu, bizitza honetan dena, denok, aldatuz goazen heinean, hala nola bestelakoak sortuz, azaleratuz, eraldatuz, finkatuz… Atentzioaren atentzioaz, urteetan aurrera halako sen moduko bat garatu dut, gainera, antzemateko nork baliatzen duen hizkuntza inklusiboa bihotzez eta nork irudi jakin bat zabaltzearren besterik ez. Hau da, nor ari zaion jarraitzen bere kontzientziari, pertsona ororekiko begirunea gogoan barrenak eskatzen dionari, etengabeko erasoen eta iseken eta ezin zinikoagoen gainetik (euskaldunak barne), eta nor denon arteko izatezko nahiz zuzenbidezko berdintasunarekin zerikusirik ez duen beste xede berekoiago bat lortzeko bulegoren batean erabakitako komunikazio-estrategia bati, jario jatorrari ostikadaka, bide batez. Errazak dira bereizten. Hizkuntza(k) egokitzeko ahalegina batzuek eta besteek egin arren, bai, gero eta gehiago (estilo naturalagoaz ala behartuagoaz, baina hori ere bada ohiko erabileraren edo ezaren seinale), lehenengoek errazago jo ohi dute «ahaztera» –eta horrek haiekiko sinpatia erabat zapuzten dit– ekintza linguistiko hori borroka askoz ere zabalagoaren baitako beste bat besterik ez dela, are borroka feministaz haragokoa ere, hots, «emakumeak-gizonak eta kito» baino askoz ere auzi konplexuagoa. Horregatik, feminismoa eta berdintasuna eta inklusioa eta zeharkakotasuna eta halako kontu «garaikideak» beren izanaren nahiz ekintzaren funtsezko alderdi direla sinetsarazteko, beste zerbait irabazteko nahitaezko itxurakeria dela ezkutatzeko, ekintza linguistiko soilean geratzen direlako, eta norentzat eta zertarako ari diren betiere, errazak dira bereizten. Eta garrantzitsua dugu bereiztea, une zehatz honetan, grisen artean zeinek jotzen duen gehiago zurira eta zeinek gehiago beltzera, eta morera, eta ostadarrera…