2020 OTS. 19 JOPUNTUA Agurra Kepa Korta Irakaslea eta ikertzailea Agur andreak, andreak agur; agur t’erdi. Danak berdin einak gire; zuek eta bai gu ere. Agur andreak, agur; agur t’erdi. Hemen gire, agur danak. Agurrak eginda, neure burua aurkeztu eta zutabegintzari ekitea tokatzen zait. Filosofia dut ofizio eta afizio, baina lehen ere aritua naiz zutabegintzan, “Euskaldunon Egunkaria”-n bizpahiru urtez, 2003ko otsailaren 20an Espainiako Guardia Zibilak itxi zuen arte. Bihar 17 urte. Ordutik ez dut iritzi-zutaberik idatzi batere. Gaur arte. Halabeharrez, “Egunkaria”-ren itxiera etorri zait gogora orain. Nekez ahaztuko ditugu askok atxiloketa haiek sortutako beldurra, Madrilgo Entzutegitik iristen ziren berriek eragindako ezinegona, atxilotuen lagunen eta senideen arteko elkartasuna, Martxelok eta besteek espetxetik ateratzean zekarten begirada, eztarria trabatuta deskribatu zizkiguten torturak… Nahita ere, ezingo ditugu ahaztu. Ordu arte Donostian egindako manifestaziorik handiena izan omen zen “Egunkaria”-ren itxieraren kontrakoa. Artean inork gutxik sumatzen zuen atxilotuak nozitzen ari zirena. «Ibarretxe, non zaude?» oihukatu zuten askok erakunde autonomikoen babes falta deitoratuz. Ez zuten azalpenik jaso. Akaso bakarren batek ahaztuko zuen EAEko lehendakariaren absentzia hura, duela aste batzuk Quim Torraren ondoan autopistako martxan ikusi duenean. Normala. Gauzak asko aldatu dira, kamarada. Martxeloren ondoan ikusi dugu PSOEko kultur diputatu gipuzkoarra bera, orain EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkari dena, “Egunkaria”-ren digitalizazioa aurkezten. Aldatu gara. Eskerrak. Inor eta ezer inoiz edo inola aldatu ez balitz, denborarik ere ez baitzen izango. Baina denbora bada, aldaketa dago eta. Beste kontu bat da aldaketa funtsezko ezertan gertatu den, edo azalekoa den batez ere. Gertatu direnak norabide egokian joan diren, edo kalterako izan diren. Batzuentzat onak, besteentzat txarrak, denetik dago seguru asko. Nik baditut uste sendo gutxi batzuk. Dudak gehiago. Askoz gehiago. Saiatuko naiz batzuk eta besteak hemen aletzen hamabostean behin. Agur andreak, agur danak. Nekez ahaztuko ditugu askok atxiloketa haiek sortutako beldurra, atxilotuen lagunen eta senideen arteko elkartasuna, Martxelok eta besteek espetxetik ateratzean zekarten begirada