2020 OTS. 24 Eskalada Boulder Ligaxkaren bi hitzorduko zirkuitua arrakastarekin amaitu da Hilaren 16an izan zen Gipuzkoako Mendizale Federazioak alebin, infantil eta kadeteentzat antolatutakoekimena. Tolosako Usabal kiroldegian jokatutako proban 48 eskalatzailek hartu zuten parte. A.A. Mendizaletasunak dituen adarrak bultzatzeko, gazteen artean ekimen ugari egiten dira. Esate baterako, eskaladaren harrobia indartzeko Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatutako Eskolarteko Boulder Ligaxkaren bigarren ekitaldia amaitu berri da. Bi hitzordu izan ditu; azkena, otsailaren 16an Tolosan jokatu zen. Alebinek, infantilek eta kadeteek jardun duten zirkuitu horrek helburu zehatz batzuk izan ditu, eta, aurreko edizioan bezala, bete egin dira: «Oso pozik gaude aurtengo Ligaxkak izan duen arrakastarekin. Geure helburua errespetu eta adiskidetasun balioetan oinarrituta, norberaren trebetasunak partaideekin neurtzea da. Eta Aretxabaletako zein Tolosako lehietan hori ikusi dugu. Pozgarria da esatea zirkuitu hau berdintasuneko eskola eta kiroltasunaren eredua izan dela». Azken probari dagokionez, 48 eskalatzailek hartu zuten parte. Horiek guztiek kirolgune berdina konpartitu zuten zailtasun ezberdinetako blokeak gaindituz. Eta, gainera, baldintza berdinekin lehiatzeko aukera izan zuten sexu bereizketarik gabe. Beraz, urtero bezala, sailkapen mistoa ezarri zen. Maila ederra Goiz ederra igaro zuten. Lehia oso koloretsua izan zen, batez ere eskalatzaileen mailari dagokionez. Eta giroa ere aparta, guraso asko beren seme-alaben jardunak ikustera hurbildu zirelako. Alebinen kategorian, Maddi Agirrek irabazi zuen; bigarrena Ines Allende izan zen eta hirugarrena Udane Mugika. Infantiletan, berriz, Intza Elizalde nagusitu zen, eta haren atzetik Manex Guenetxea eta Leire Diaz de Mendibil sailkatu ziren. Eta kadeteetan: Intza Illarramendi lehena, Julen Zubizarreta bigarrena eta Oihan Diaz de Mendibil hirugarrena. Aretxabaleta eta Tolosako hitzorduetan lortutako puntuak batu ondoren, sailkapen orokorra alebinen mailan honakoa izan zen: Agirrerentzat lehen postua, Allenderentzat bigarrena eta Mugikarentzat hirugarrena. Infantiletan, bestalde, bigarren postuan aldaketa izan da. Elizaldek irabazi du. Podiumaren bigarren koxkara Diaz de Mendibil igo zen, eta hirugarrenera Guenetxea. Eta, azkenik, kadeteen kategorian, Tolosako sailkapen bera izan zen. Beraz, Illarramendik irabazi du aurtengo titulua, bigarren postua Zubizarretak eskuratu du eta hirugarrena Diaz de Mendibilek. ZIRKUITUA Tolosan jokatutako Eskolarteko Boulder Ligaxkaren bigarren hitzordura 48 eskalatzaile bertaratu ziren.