2020 MAR. 02 ZIRIKAZAN Agureak, justizia, etorkizuna Josebe EGIA Iaz, nazismoaren kontrako azken epaiketei buruzko erreportaje bat irakurri nuen, non, besteak beste, laurogeita hamar urtetik gorako zahar gaixoak epaitzea etikoa ote den zuten hizpide, argazki eta guzti. Noski, ikusten duzu hor agure ihar bat, nekez eusten ari zaiona bertan lo seko ez geratzeko ahaleginari, Heidiren aitonaren begirada onbera berdinarekin… eta epaitu zertarako, pentsatzen duzu, erruduna dela argi uzteaz harago (ez da gutxi, nolanahi): ez dute ziega hotz ilun batean sartuko, egun biren buruan atzera ateratzeko, hilerrira edo sutara. Pena eragiten du egoerak, kostatzen da egozten zaizkion guztiak egiten edota agintzen irudikatzea. Baina egin, egin zituen, edota agindu. Eta amorru handia ematen du, bereziki biktimekiko injustiziaren injustiziaz, beste edozein mintzen dutenak, pertsonak umiliatu, zanpatu, makurtu, desagerrarazi eta erailez bizi direnak, zein metodoren bidez egiten duten alde batera utzita, patxada ederrean hiltzea beren oheko goxotasunean, egindako ezerengatik ordaindu gabe, barkamena, demontre!, eskatu ere egin gabe. Ez Placido Domingo bezala, adibidez. Izan ere, berak bai, berak eskatu du barkazioa, “bihotzez”, ez ezazue pentsa izen ona salbatzeko inolako estrategia desesperatua izango denik. Barkazioa, badirudi, kortesia eta hitz ederrak jazarpenetik ez bereizteagatik, sekula indarkeriaz baliatu ez zelako botere-abusua, sexu-abusua, egikaritzen ari zela ez ohartzeagatik, heldua izanik abusua, oro har, zertan den arrastorik ez edukitzeagatik, emakumeen hitzak, gorputz-keinuak, konprenitzen ez jakiteagatik, operetako tragedia ia beti hain matxistak oholtzan ahaztuta utzi ezinagatik, antza. Hoa ziri horrekin por ahí, gizona! Aguretuta dago hau ere, eta, oraingoz, ez da inongo epaitegitan eseri aurpegi ezin atsekabetuagoari eutsi ezinik. Baina niri ez dit inolako penarik ematen aitonak, ez honek ez eta Ameriketako Estatu Batuetan zinemaren munduan, filmez gain, gogoak ematen ziona egiten zuenak ere, taka-taka eta guzti zabaldutako irudi penagarria ikusiagatik ere. Ondo etikoa iruditzen zait, adina gorabehera, gizontasunaren eta gizonkeriaren artean, sexuaren eta sexismoaren artean, erreputazioaren kazikismoaren artean, erabateko aldea dagoela jakingo ez balute bezala bizitzea erabaki zutenak epaitzea, baita haien konplize guztiak ere, eta, are gehiago, ondorioak pairaraztea. Bestela, zertarako, ez bada ziurtatzeko etorkizunean inork ez duela izango ulermen-arazorik, inor ez dela biziko isiltasunaren eta gorreriaren legeak kateatuta.