2020 MAR. 04 JOPUNTUA Merkromina Kepa Korta Irakasle eta ikertzailea Bolada luze bat etxetik kanpo pasa dugulako, edo, besterik gabe, beste garai edo belaunaldi batekoak garelako, maiz oharkabean pasatzen zaigu besteentzat ezagutza komun dirudien hainbat berrikuntza. Egun batean botikan merkromina eske sartu eta barre txikia egin zidan farmazeutikoak: «Betadine esan nahiko duzu». Orduan konturatu nintzen gaur egungo haurren belaunburu gorrien urritasuna ez dela guk baino zauri gutxiago egiten dutelako. Ez dakit noiz ordezkatu zuen produktu batek bestea, edo zergatik. Azalduko zuen norbaitek noizbait. Ni auskalo zertan nenbilen orduan. Batzuetan kontua ez da produktu berri bat agertzea edo batak bestea ordezkatzea. Batzuetan izena da aldaketa bakarra. Mister Proper etxeko bazterrak garbitzeko produktua zen, gizon gihartsu burusoil baten irudia zerabilena. Egun batetik bestera Don Limpio izatera pasatu zen. Inoiz inork horren esplikaziorik eman bazuen, nik ez nuen sekula aditu. Ez da horrenbeste denbora pasa Euskal Herriak (eta Euskadik) zazpi probintzia zituenetik, abertzaleen diskurtsoan behintzat. Gaur egun «herrialde» edo «lurralde (historiko)» esatea dirudi ohikoena. «Probintzia» ez da apenas entzuten. Horren azalpenak ere ihes egin dit niri. Baina bistan da termino bat edo bestea erabili, Arabak Araba eta Bizkaiak Bizkaia jarraituko dutela. Ezberdina izan daiteke beste aldaketa hau: ezkerreko independentziazaleen euskal estatu sozialista, batu eta euskaldunari «konfederala» gehitu diote bat-batean eta, niri behintzat, oharkabean pasatu zait esplikazioa. Ez dirudi Mister Properren moduko izen aldaketa soil bat. Gehiago ematen du Merkrominatik Betadinerakoaren gisakoa, izenaz gain, izana ere ordezka dezakeena. Sortzeko dagoen euskal estatuaren antolakuntzan derrepentean hain garrantzitsu dirudien konfederazio horren zergatiak argituko al dizkit inork? Zergatik ez federazioa? Edo udalez eta egitura zentralaz gain, beste tarteko maila administratiborik ez duen estatu bat? Independentista eskuindarrei ere (halakorik badago) eskertuko nieke nahi duten estatuari buruzko argibideren bat. Ezkerreko independentisten euskal estatu sozialista, batu eta euskaldunari «konfederala»gehitu diote