GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Harri bat tripan


Arratsalde honetan, Imanol ez da ontsa sentitzen eskolatik sartzerakoan. Krakadarik ez du hartu nahi. Pastanagrezko gozokirik ere ez du nahi. Orduan amak mihilu tisana prestatzen dio, eta tripa eztiki torratzen. Lapin ttipiari on egiten dio; lokartzen da lasaiki». Hitz hauekin hasten da Lapindizita album hau; iparraldeko Ikas euskal pedagogia zerbitzuko lagunek plazaratua.

Ez da kontu hau aipatzen dugun lehen aldia baina garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea hegoaldeko irakurleari hitz batzuk ezezagunak edo zailtxoak iruditu arren testua erraz ulertzen dela eta, behin hasierako eragozpen hori gaindituta, ederki gozatuko duela liburuko orrietan murgilduz gero.

Aurreko testuan, eta liburuaren azalean, ikusi ahal izan dugun moduan gaixo dago Imanol. Tripako mina du lapin (edo untxi) ttipiak. Eta berehala jakingo dugu tripako min horren arrazoia: «Biharamunean, Hanibal izeneko lapina gurutzatzen du. Azkarra, ikaragarria da Hanibal. Emak hire krakada, Imanol herresta, ala beharriak karruskatuko dizkiat! (…) hobe duk deus ez salatzea». Bai, Imanol gaixoak Hanibalen jazarpena jasan behar du; egunero eskolan eraso egiten dion ikaskide indartsuak jatekoa kentzen dio (edo bestela belarriak karruskatuko).

Imanolen bizitzako bi gune erakusten zaizkigu liburu honetan: eskolan, gosez eta beldurrez, Hanibalen erasoak jasaten; eta etxean, gurasoen babespean goxo baina baita triste ere, ez dakielako nola irten eskolan bizi duen sufrikariotik. Azkenean Imanolek lapindizita duela esaten dio amari, ezin dela eskolara joan gaixo dagoelako. Medikuak, aldiz, oso ongi dagoela adierazten dio, bai eta galdera bat egin ere: «Eta dena ontsa iragaten da eskolan?».

Hurrengo egunean aitak joan behar du Imanolen bila eskolara gaizki dagoelako. Aita-semeek eguna igarotzen dute elkarrekin eta errekara doazelarik Imanolek aitari aitortzen dio ez duela lapindizitarik «baina badut harri lodi bat bezalako zerbait». Aitak harri bat hartu eta Imanolek urrutira jaurtitzen du, uretan murgilduz. Eta horrela «ideia bat gogora heldu zaio». Imanolek, azkenean ikusi ahal izango dugun bezala, irtenbide bat bilatu du Hanibalen jokabideari aurre egiteko eta liburuari amaiera zoriontsua emateko: «dena ontsa doa. Ez dut gehiago tripako minik».

Eskolan haurrek jasaten duten erasoen berri ematen duen istorioa dugu “Lapindizita” hau; bullyinga eta honen inguruaz hitz egiteko liburu aproposa da, era sinple eta gozo samar batean (kontu hau horrela egitea zaila den arren), errealitate hori erakusten zaigu eta baita ere aurre egin behar zaiola. Kasu honetan Imanolek berak bakarrik, etxekoen laguntzaz, egiten dio aurre, irakasleak ere zerbait egiten du baina deus handirik ez. Hala ere, untxien edo lapinen bidez kontatzen zaigunez badu gai hori distantziatik aztertzeko aukera ematen.

Lehenago ere aipatu dugu liburu honetan murgildu eta gozatzeko aukera aprobetxatu behar dugula; guztiz egokia da haur txikiekin etxean kontatzeko eta irudietan islatzen diren espresioak interpretatuz istorioa jarraitzeko. Imanolen beldurra eta tristura, gurasoen maitasuna, Hanibalen indarkeria… ederki islatzen dira irudietan; eta testuak ere, istorioaren pasarte zehatzak kontatuz, harrapatzen zaitu. Beraz, liburu guztiz aproposa haur eta helduaren artean istorioa partekatzeko eta ondorioak ateratzeko.