GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Zisne beltzaren hegaldia


Azken hamarkadetako literatura sozioekonomikoan alde guztietatik agertu ohi diren dragoi, unikornio eta gisako animalia mitikoen lorratzean ospetsu egin zen ohikoa ez baina bai askoz errealagoa den zisne beltza. Arraroak eta bakanak izan arren, zisne beltzak ez baitira asmazioak.

Horrexegatik erabili bide zuen haien metafora Nassim Taleb pentsalariak 2007an izenburu horrekin argitaratu zuen obran; hain zuzen, aurreikusi ezin diren gertaera bakan baina erabakigarriez, prospektiba planifikatu guztiak hankaz gora bota eta sistemen sakoneko sendotasunak auzitan ipin ditzaketenez gogoeta egiteko.

2008ko krisiak eman zion ospea (eta salmenta) Taleben “The black swan” liburuari. Ezustearen basamortuan galduta zebiltzan askori iruditu zitzaien jazoera hark egiaztatzen zituela argitaratu berri-berria zen obraren iragarpenak. Baina, egiazki, Lehman Brothers-en porrotak erakarri zuen anabasa ez zen horren aurreikusi ezina, ezta bakana ere; eta esan dezakegu beste interpretazio batzuk (Minskyrena, demagun) nagusitu zirela ordukoaz. Argi dago, ordea, 2019ko abenduan Txinako Wuhanetik abiatutako Covid-19 izurriteak bete-betean asetzen dituela Taleben aurreikuspenaren premisak zein ondorioak. Guztiz ezustekoa zen gertaera bategatik, munduko hornidura-kateak eten direla edo etetear egon daitezkeela ez da jada hipotesi bat; eta erregaien merkatuak jasan duen leherketak erakusten du hipotesi teorikoa baino askoz gehiago dela mundu mailako atzeraldia. Kontsumoaren beherakada eta finantza-tresnen kaxaren agortasuna gehitzen badiogu…

Biziki larria izanik, osasungintzakoa ez baita Covid-19aren ondorio latzena. Gure edadetuenen osasuna baino oraindik kalteberagoa zelako gure ekonomia. Hemen dugu, hegan dabil zisne beltza.

Taleben ideiaren ifrentzua ikusi behar da orain: zisne beltzari eutsi, aurre egiteko gizarte-sendotasunak non dauden. Edo nola sor daitezkeen. Eta nork.

Orain arte ikusi denak, ez du baikortasunerako zirrikitu handirik eskaintzen.