2020 MAR. 16 ZIRIKAZAN Zaindu Josebe EGIA Zaila da bizi izaten ari garen salbuespenezko egoeraz ez beste edozein gauzaz hitz egitea. Eguneroko bizimoduan inolako salbuespenik sumatu ez dugun arren, orain arte, salbuespena, alarma, larrialdia, ziurgabetasuna, ikara… dena batera etorri zaigu gainera bat-batean, pare bat egunen bueltan. Zaila da honen guztiaren erdian gure ohiko gauzez (laneko kontuak, maitaleak, telesailak, errezetak, ika-mikak, txantxak… a! eta munduan gertatzen ari diren bidegabekeria eta auzi horiek guztiak, oraindik ere gertatzen ari direnak, ziurrenik are okerrago, erabat desagertu direla badirudi ere) hitz egiten jarraitzea, kezkatuta ez bageunde bezala. Kezka da nagusi nigan, eta ez preseski neure buruagatik, ni neu izango ote naizen une oro zabaltzen ari diren kopuru horien zenbakietako bat, edo ondorio ekonomiko latzak jasango dituztenetakoa. Kezka da nagusi, nigan bezalaxe, gure eguneroko bizimoduan besteren zaintza egikaritzen dugun guztiongan, zaintzen ditugun horien ongizate fisiko eta mentala gure gogora itsatsirik daramagunongan, nekez irudika dezakegulako lau pareta barruan etengabe sartuta; batez ere bakarrik bizi badira, batez ere pilula huts bat baino askoz gehiago behar badute, batez ere birus ezezagun letal baten jomugan jarrita zeharo ikaratuta badaude. Telelanak –ederra zer-nolako presentzia hartu duen duela lau egun, literalki, ezertxo ere bultzatzen ez zutenen ahotan, orain pandemiari aurre egiteko panazea balitz bezala–, alderantziz, salbuespenezko abagune honetan, zaintzen ditugun horiek une oro ondo-ondoan izatera garamatza, alegia, lan egin eta zaindu eta zaindu eta lan egin (kanpokoa eta barruko ohikoa) dena batera egin behar izatera: produktibitatea 0-gainkarga/akidura 1. Horrela doa partida, eta pentsa hemendik aste bira. Kezka da nagusi, bestalde, nigan bezalaxe beste askorengan, estatuaren gu zaindu nahi horrek benetan iraungo ote duen bi aste, edo hilabete, ala zaindu, kasu honetan, ez ote doan gehiago gure hizkuntza honetan duen beste esanahi itsusi horren bidetik, non defentsa-ministerioa eta barne-ministerioa diren jaun eta jabe, zer eta gure ongizaterako, gure osasunagatik, umegorriak bezala guk geuk geure burua zaintzeko ezgai hark zaindu beharko bagintu bezala. Gaur goizean, igandearekin, zaindu nahi dudan horrenganantz kalera atera naizenean… agian ohartu ez garen partida batean gaudela sentitu dut biziki.