GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
TXERRA RODRIGUEZ
HIZKUNTZA AHOLKULARIA

«Egoera honek hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ireki dezake»

Soziolinguistikan aditua da Txerra Rodriguez (Bilbo, 1977), eta «Argia»-n duen blogean hizkuntzaz, gizarteaz eta bien arteko harremanaz aritzen da. Txoko horretatik bota du, hain zuzen, egun hauetarako proposamena: hizkuntza ohiturak aldatzea.


Ez dira egun errazak aurrean ditugunak. Iragandakoak ere ez dira izan, baina derrigorrezko berrogeialdi honek bere martxa jarraitu ahala zailago egingo zaigu egoera hau eramatea. Horrek ez du esan nahi, edonola ere, egun –edo aste– hauek eramanezinak izango direnik, ezta gutxiagorik ere. Orrialde hauetan hamaika proposamen argitaratzen ari gara une hauetako tentsioari, estresari, nekeari edo, kasu batzuetan, asperdurari aurre egiteko. Eta bada bere buruari erronkaren bat jarri dionik ere. Bide honetan, sareetan bolo-bolo dabil Txerra Rodriguez hizkuntza aholkulariak egindako proposamena; “etxealdia” euskaraldia bilakatzea; hots, hizkuntza ohiturak aldatzea eta etxe barruko harremanak euskaraz izatea.

Argia aldizkarian daukazun blogean proposamena egin berri duzu: etxeko harremanak estutu zaizkigun garai berezi honetan hizkuntza ohiturak aldatzea, eta “etxealdia” euskaraldia bihurtzea. Derrigorrezko egoera honek esparru honetan aukera bat ireki duela uste al duzu?

Nire ustez, bai. Egoera hau berezia da, aldaketa dakar, egunerokoa irauli du erabat eta, halakoetan, nire ustez, aukera egokiak zabaltzen dira egunero egiten ditugun gauzetatik aldentzeko. Hortaz, aukera bat egon daiteke ohitura batzuk aldatzeko eta nik proposatzen dudan ildotik etxeko hizkuntza ohitura batzuk aldatu eta esperimentatzeko.

Lehenik eta behin, gaiari buruz hitz egitea aholkatzen duzu; zehazki, zer egin nahi dugun zehaztea. Ezinbesteko abiapuntua al da hori gaizki-ulertuak ekiditeko?

Ohiturak ez dira aldatzen normalean gogoetatu barik. Pentsatu behar dugu zer gura dugun eta esplizitatu. Zorionez, hizkuntza ohiturak ez dira indibidualak, gutxienez bi pertsonaren artekoak dira. Beraz, nire ustez, berba egin behar da gaiari buruz, aipatuz zer ohitura dugun eta zer ohitura eduki nahiko genukeen.

Helburuak adostu eta errealista izateko beharra ere mahai gainean jartzen duzu. Zergatik?

Ohituren inguruan joera dugu jokaera maximalistekin aritzeko: hemendik aurrera dena egingo dugu euskaraz. Eta horren kontra ni ez naiz jarriko, baina, batzuetan, komeni da helburu txikiagoak jartzea eta progresiboak izatea. Helburu errealistagoak jartzea, alegia. Horiek izan daitezke abiapuntu, baina ahaztu barik azken helburua iraultza sakonxeagoa egitea izan daitekeela.

Gai honi buruz argitaratutako lanak irakurtzea ere proposatzen duzu. Zeintzuk gomendatuko zenituzke?

Askotan alderatzen da euskarara lerratzea tabakoa uztearekin. Tabakoa utzi nahi dutenek hainbat liburu irakurtzen dituzte, interneten aritzen dira blog eta bideoetan, lagunei eskatzen diete gomendiorik. Euskarara lerratu gura badugu, komeni da gaiaren inguruan idatzi dena ezagutzea. Zentzu horretan, nik batez ere liburu bi –“Irten hizkuntzaren armairutik” eta “Goza daiteke gehiago”, biak interneten eskuragarri daudenak– eta Soziolinguistika Klusterrak egin dituen ikerketak –batez ere, Eusle metodologia– gomendatuko nituzke, baita Emunek gai honen inguruan sarean duen kontsultorioa ere.

Etxeko harremanak estutu zaizkigu, baina egoera ez da erraza eta egun luze hauetan tentsio uneak sortzea normala izango da. Ez da egoera samurra. Honek ariketa hau zailtzea ekar lezake?

Egoera ez da samurra, ez, eta horrek zaildu lezake kontua, jakina. Baina, hala ere, denon hobe beharrez, ahalegindu behar gara etxeetan harreman osasuntsuagoak eraikitzen. Patxada eta lasaitasun hau aprobetxatu behar dugu gure artean bestelako harreman bide batzuk sortzeko eta, bide horretan, erabaki egokia izan daiteke geure buruari honen tankerako erronkak proposatzea. Hala ere, ez gara inozoak izan behar eta tentsio uneetan nik hizkuntza ohiturena baztertuko nuke, baina geroxeago berriro hartzeko.

Oraindik ez dakigu noiz, baina noizbait “etxealdia” bukatuko da. Bukatutakoan, ohitura berriei eustea eta etxean egindako lana lagunei eta gertukoei zabaltzea proposatzen duzu. Etxean egindakoa gero kanpora ateratzea zailagoa izango al da?

Nire ustez, ez; errazagoa izango da, batez ere, bi arrazoigatik. Batetik, ordurako esperimentatuta izango dugu ohitura aldaketa eta, logikoa denez, zenbat eta esperientzia handiagoa izan, orduan eta errazagoa da dena, hizkuntza ohituren aldaketan, kirolean edo bizitzako ia edozein esparrutan. Bestetik, hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz han eta hemen egin diren ikerketetan frogatu da aldatzen zailenak diren ohiturak direla emozionalitate handia duten harremanetakoak. Hau da, zenbat eta lotura handiagoa izan, orduan eta zailagoa da ohitura aldatzea. Hortaz, etxekoekin ditugun harremanetan aldaketak egin baditugu, kanpoan errazagoa izango da ohitura horiek aldatzen joatea.